Euskararen saretzean, lehen lerroan

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko uzt. 1a, 15:58
Marisol Ramirez / Argazki Press
Asteburuan aurkeztu dute, Bilboko Kafe Antzokian, .eus domeinua erabiliko duten aitzindarien fasea; Tolosako Udala tartean da, beste 91 erakunderekin batera Iratxe Esnaola .EUS proiektuko kideak eman dio Atariari egitasmoaren berri.

Interneteko mundu zabalean tarte handiagoa izango du euskarak, aurrerantzean, eta baita Tolosak ere. .eus domeinua pasa den larunbatean aurkeztu zuten, Bilboko Kafe Antzokian, eta 92 aitzindarik abiaraziko dute PuntuEus Fundazioak markatutako ibilbidea.

Sareko atarietan euskararen presentzia areagotzen lehenak izango diren 92 erakunde horien artean 9 enpresa, 14 hedabide, euskal kulturgintzako 46 entitate eta 23 erakunde publiko daude, tartean, Tolosako Udala. Ibai Iriarte alkateak berebiziko garrantzia eman dio .eus domeinuaren aitzindarien artean egoteari, izan ere, «domeinu bat baino gehiago da .eus» bere ustez: «Euskara eta euskal kultura XXI. mendean jartzeko tresna da».

PuntuEus Fundazioak, Bilboko Kafe antzokian aitzindarien programa aurkeztearekin batera, proiektuak orain arte emandako urratsen balorazio bat ere egin nahi izan zuen, Joan Mari Torrealdairen eskutik. Horrela, fundazioa «oso pozik» agertu da, batetik, 92 aitzindarien aniztasunagatik: «.eus domeinua proiektu inklusibo moduan definitzen dugu, eta inklusiboa izango bada, badakigu aniztasun hori hasieratik bermatu delako izango dela».

Horrekin batera, erakunde aitzindariei eskerrak emateko ere baliatu zuten agerraldia, izan ere, bultzada ekonomiko horren beharra zuten, .eus domeinuari bultzada bat eman eta berau plazaratzeko: «Ekarpena ekonomikoki nahiz espezietan egiteko aukera irekitzeak proiektua sustatzeko aukera eman digu».

Modu horretan, beraz, hasierako bidezidorra duintasunez egiteko moduan da Interneten euskaldunen eta euskal kulturaren txokoa izango dena.

Pauso txiki eta sendoak

PuntuEus elkartea 2008. urtean sortu zuten euskalgintzako hainbat erakunde eta elkartek, Euskararen eta Euskal Kultur Komunitatearen (EEKK) ordezkaritza islatuz. Besteak beste, .eus domeinua lortzeko eskaria aurkezteko elkartu ziren hastapenetan.

Denborarekin hainbat aurrerapauso eman ditu euskal domeinuak eta, horrela, pasa den apirilean hilabeteko epea zabaldu zuen, PuntuEus Fundazioak, .eus domeinuko aitzindari izateko.

Beharrezko atxikimendu nahiz kudeaketa lanak egin ondoren, beste hilabetez jardun dute domeinu eta izenak erregistratzen eta aktibatzen. Horrela, datorren abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, lehen fasea biribilduko dute, erabat.

PuntuEus Fundazioak azaldu duenez, 92 entitatek azaldu zuten aitzindari izateko interesa eta, guztira, 113 domeinu erregistratzeko eskaria egin zuten. Erakunde edo elkarte bakoitzak, ordea, domeinu bakarra erregistratzeko aukera izan du aitzindarien lehen fase horretan eta, beraz, 92 domeinu plazaratu berri dituzte, azkenik.

Larunbatean aurkeztutako asko jada abian daude eta, gainerakoek, irailera bitarteko epea izango dute .eus domeinudun webguneak martxan jartzeko.

Horren ondoren, irailaren 16tik azaroaren 18ra bitarte, abiarazte faseari ekingo diote PuntuEus Fundazioko arduradunek, beste hainbat eskari erantzunez. Azkenik, abenduaren 3an, publiko orokorrari zabalduko diote .eus domeinua eskatu eta erabiltzeko aukera, IKTetan euskararen presentzia bermatu, egonkortu eta zabaltze aldera.

Tolosako bizitza osoa, klik batean

Eskualdeko aitzindaria izango da, Tolosako Udala, .eus domeinuari dagokionez eta, horrela, datozen egunotan martxan jarriko dute helbide berria.

Domeinua ez da, ordea, Tolosako Udalak interneteko erabiltzaileei eskainiko dien berrikuntza bakarra. Webgunea berritzen aritu dira azken hilabeteotan, eta herriaren nahiz udalaren inguruko informazio osoa atari bakarrean bildu nahi izan dute, Ibai Iriarte alkateak azaldu duenez.

Modu horretan, gaur egungo www.tolosakoudala.net, www.tlsbat.net eta www.tolosaingurumena.net atarien edukia bateratzeaz gain, zerbitzu berriak ere klik batean izango dituzte erabiltzaileek, www.tolosa.eus-en aterkipean.



 

Ibai Iriarte. Tolosako alkatea: «Hizkuntzek kalean eta Interneten egon behar dute gaur egun, eta ez dagoenak jai dauka»

Eskualdeko lehen udala izango da, Tolosakoa, .eus domeinua erabiltzen. Gainera, Tolosako Udalak webgunea eraberritu eta eduki guztiak bateratzeko ere baliatuko du aukera.

Tolosako Udala nolatan sartu zen .eus domeinuaren proiektuan?

Hasiera-hasieratik, beste hainbat udalekin batera, proiektuan parte hartzeko deia egin ziguten, eta aitzindarietan sartzeko aukera izango genuela ere jakinarazi ziguten. Guretzat garrantzitsua da .eus horretako lehen zerrendetan egotea.

Zergatik?

Interneten, sare sozialetan edo teknologia berrietan, IKTetan, alegia, euskarak bere lekua egin behar duela iruditzen zaigulako; eta .eus hori bideratuko duen proiektuetako bat izango dela uste dugu. Halaber, Tolosak beti izan du euskararekiko eta euskal kulturarekiko lotura, eta, XXI. mendean euskal kulturak ere IKTetan egon behar duenez, zentzuzkoa iruditu zitzaigun Tolosa bertan egotea. Horrela, beraz, udala bertan sartu zen, .eus ez delako domeinu hutsal bat. Euskara eta euskal kultura XXI. mendean jartzeko tresna da, ezin baitugu ahaztu, gaur egungo kulturen biziraupenean, paper oso garrantzitsua dutela IKTek; hizkuntzek kalean eta Interneten egon behar dute gaur egun eta, ez dagoenak, jai dauka.

Domeinuarekin batera beste proiektu bat ere jorratu duzue.

Bi gauza uztartu nahi izan ditugu: udalaren webgune berriaren aurkezpena eta .eus domeinuarekiko atxikimendua. Horrela, datozen egunotan aurkeztuko dugu atari berritua, izango dituen zerbitzuekin.

'www.tolosa.eus' berrian udalaren eduki guztiak bateratzeko apustua egin duzue.

IKTak gauza berria dira, eta administrazioa ez da, oraindik, IKTetara egokitu. Domeinuaren argudioarekin, Tolosako herriak udalak interneten nahiz beste esparruetan duen presentzia islatuko duen ataria egin nahi genuen. Elkarren berri ez zuten webguneak genituen, tlsbat.net edo ingurumena.net adibidez, eta bateratu egin nahi ditugu.

Aurreratzerik izango al duzu Tolosako Udalaren webguneak zein itxura izango ote duen?

Gaur egungo www.tlsbat.net-en antza handiagoa izango du, www.tolosakoudala.net-ena baino.

 

 

 
 

Aitzindariak:

Enpresak:

  • Bankoa Crédit Agricole: www.bankoa.eus
  • Elay Sl: www.elay.eus
  • Euskaltel: www.gozatueuskaltel.eus
  • Grupo ULMA, S. Coop.: www.ulma.eus
  • Hamaika Itzulpen SM: www.11itzulpen.eus
  • If: www.if-matxikote.eus
  • Iparragirre Eraikuntzak: www.iparragirre.eus
  • Kutxabank SA: www.kutxabank.eus
  • Laboral Kutxa: www.laboralkutxa.eus

Erakunde publikoak:

  • Tolosako Udala: www.tolosa.eus
  • Atarrabiako Udala: www.villaba-atarrabia.eus
  • Pasaiako Portuko Agintaritza: www.pasaiaport.eus
  • Baztango Udala: www.baztan.eus
  • Bilboko Portuko Agintaritza: www.bilbaoport.eus
  • Donostiako Udala: www.donostia.eus
  • Eibarko Udala: www.eibar.eus
  • ELA Euskal Sindikatua: www.ela-sindikatua.eus
  • Etxepare Euskal Institutua: www.etxepare.eus
  • Euskal Herria Bildu: www.ehbildu.eus
  • Eusko Jaurlaritza: www.basquecountry.eus
  • Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea EJIE SA: www.ejie.eus
  • Eusko Legebiltzarra: www.legebiltzarra.eus
  • Gipuzkoako Foru Aldundia: www.gipuzkoa.eus
  • HAZI Fundazioa: www.hazi.eus
  • Hendaiako Herriko Etxea: www.hendaia.eus
  • Langile Abertzaleen Batzordeak LAB: www.lab.eus
  • Sopelako Udala: www.sopela.eus
  • SPRI SA: www.spri.eus
  • Udalbiltza: www.udalbiltza.eus
  • Uema: www.uema.eus
  • Uztaritzeko Herria: www.uztaritze.eus
  • Zeraingo herria: www.zerain.eus

Hedabideak:

  • Berria: www.berria.eus
  • Bertako hedabideak, HITZA guztien ordezko: www.hitza.eus
  • Argia komunikazio proiektua: www.argia.eus
  • Eguzki Irratia: www.eguzki.eus
  • Euskal Irrati Telebista (EiTB): www.eitb.eus
  • Goiena Komunikazio Taldea: www.goiena.eus
  • Hamaika Telebista: www.hamaika.eus
  • Hekimen Euskal Hedabideen Elkartea: www.hekimen.eus
  • Iparla Elkartea: www.kazetainfo.eus
  • Naiz: www.naiz.eus
  • Radiokultura: www.radiokultura.eus
  • Tokikom SL: www.tokikom.eus
  • Zenbat Gara Elkartea: www.bilbohiria.eus
  • Zuzeu-Xoraturikan SL: www.zuzeu.eus

Euskal kulturgintzako entitateak:

  • AEK: www.aek.eus
  • Ametzagaiña AIE: www.euskarabildua.eus
  • Aranzadi Zientzia Elkartea: www.aranzadi.eus
  • Ardatz Kultur Elkartea-IKA: www.ikaeuskaltegiak.eus
  • Astigarragako Herri Eskola: www.astieskola.eus
  • Athletic Club: www.athletic-club.eus
  • Azkue Fundazioa: www.azkuefundazioa.eus
  • Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkartea: www.bagera.eus
  • Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartea: www.baieuskarari.eus
  • Bertsozale Elkartea: www.bertsozale.eus
  • Bizi Sagardoa: www.sagardoa.eus
  • CodeSyntax (Sustatu): www.sustatu.eus
  • Dantzan.com, dantza sustatu eta hedatzeko elkartea: www.dantza.eus
  • Delorean: www.delorean.eus
  • Deustuko Unibertsitatea: www.deusto.eus
  • DYA: www.dya.eus
  • Elhuyar: www.elhuyar.eus
  • Elikaherria: www.elikaherria.eus
  • Elkar Fundazioa: www.elkar.eus
  • Emun Koop. E.: www.emun.eus
  • Erein Argitaletxea: www.erein.eus
  • Errigora: www.errigora.eus
  • Euskal Herrian Euskaraz (EHE): www.euskalherrianeuskaraz.eus
  • Euskal Herriko Ikastolak: www.ikastola.eus
  • Euskal Herriko Txistulari Elkartea: www.txistulari.eus
  • Euskal Idazleen Elkartea: www.idazleak.eus
  • Euskal Kultur Erakundea: www.eke.eus
  • Euskaltzaleen Topagunea: www.topagunea.eus
  • Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua: www.kontseilua.eus
  • Euskokultur Fundazioa: www.euskokultur.eus
  • Gaindegia: www.gaindegia.eus
  • Garabide Elkartea: www.garabide.eus
  • Iparra, Euskara Mundutik zabaltzen: www.iparra.eus
  • Jakin Fundazioa: www.jakin.eus
  • Kiribil Irakaskuntza Kooperatiba: www.kiribil.eus
  • Laguntasuna Euskal Folklore Elkartea: www.laguntasuna.eus
  • Lauro Ikastola, Koop. E. : www.lauroikastola.eus
  • Ordizia Rugby Elkartea: www.ordiziarugby.eus
  • Otxoa de Barandika Fundazioa: www.otxoadebarandika.eus
  • Sare: www.sare.eus
  • Seaska, Ipar Euskal Herriko Ikastolen Federazioa: www.seaska.eus
  • Sortzen Elkartea: www.sortzen.eus
  • Ttalaka Kultur Elkartea: www.ttalaka.eus
  • Udako Euskal Unibertsitatea (UEU): www.ueu.eus
  • Ulibarri Euskaltegia: www.ulibarri.eus
  • Urtxintxa Gipuzkoa: www.urtxintxa.eus

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!