Euskal presoen aldeko pilotakadak eta senideei omenaldia, Beotibarren

Izarne Olano 2014ko eka. 29a, 17:05
Eskuz, palaz, raketaz edo erremontean. Partida asko eta milaka pilotakada izan dira orain artean Etxeratek antolatutako Pilotakadaz Pilotakada ekimenean. Atzo eman zioten amaiera egitasmoari Tolosako Beotibar pilotalekuan. Barrene/txokotan finala, bertso pilota eta pala finala jokatu zituzten goizean zehar, eta ondoren, dantza, txistu eta aberriaren aldeko doinuek berotu zuten frontoia senideei eskainitako omenaldian. Guztiek presoak Euskal Herriratzearen alde egin dute.

Txanpon baten bi aurpegiak metaforatzat harturik, dispertsioa eta elkartasuna jarri zituzten elkarren aurka. Etxeratek argi adierazi nahi izan zuen dispertsioak txanponaren alde iluna islatzen duela: "Dispertsioak senide eta lagunak ikusteko ordainarazten dizkiguten bidesarien aurpegia du. Bidai luze eta nekagarri baten ondoren, autobusetik leher eginda jaisten diren pertsona helduen aurpegia. Denborak, adinak edota osasunak baldintzatuta kilometro luzeetako bidaiak egin ezin dituztenen aurpegiak. Bidaiaren ondorioz nekatuta, leku arrotz eta ulertezin batean egondako umeen aurpegia du".

Dena den, mezu itxaropentsuak igorri zituzten eta elkartasunean dispertsioarekin amaitzea lortuko dela azaldu zuten. Honela, Lurdes Etxeberriak adierazi zuenez, elkartasunak ere milaka aurpegi ditu: “Bisitetara doazen lagunenak, galderak eta ilusioa azaltzen duten bizilagunenak, medikuenak, abokatuenak, bertsolarienak... Eta nola ez, dispertsioaren aurka pilotari izan zareten guztionak”.

Ekimenean parte hartu duten guztiei eskerrak eman zizkieten, baita egunero-egunero sakabanaketaren aurka borroka egiten duten guztiei ere. Hemendik aurrera lanean jarraitzea ezinbestekoa dela adierazi zuen Etxeratek: “Espainiar eta Frantziar estatuek ez dute pausorik eman nahi herri baketsu eta justu baten alde. Baina guk lanean jarraituko dugu”. Ekimenari esker, indar gehiagorekin daudela eta jasotako elkartasunarekin aurrera gogoz egingo dutela ziurtatu zuten. Presoen aldeko oihuekin eta senide eta bertaratutako guztien arteko pintxo-solasaldiarekin amaitu zen ekitaldia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!