Kaleak txukun mantentzeko dagoen ordenantza betearazteko eskatu dio EAJk udalari

Ataria 2014ko ekainaren 27a

Tolosako EAJ alderdi kezkatuta dago "herriak islatzen duen utzikeria irudiagatik". Olatz Peon zinegotziak esan duenez, espazio publikoetan geroz eta pankarta eta kartel gehiago daude, "utzikeria irudia" emanaz. "Deigarria izan da zenbat kartel eta pankarta ezarri diren kaleetan San Joan jaietan, kultur etxeko balkoia ere pankartaz josita zegoen udal korporazioa eta tolosar guztiak bertan biltzen diren San Joan egunean", esan du.

"Pena da tolosarrek eta saltokiek herria eta kaleak apaintzeko egiten duten ahalegin eta lana horrela zapuztea, Tolosaren irudirik atsegin eta politena islatu baino zakarkeria nagustitzen delako pankarten ondorioz", gaineratu du Peonek.

Hau dela eta, kaleak txukun mantentzeko dagoen  ordenantza betearazteko eskatu dio Bilduko gobernuari; "badirudi zanbait taldek askatasun osoa dutela nonahi pankartak jartzeko eta espazio publikoei erabilera pribatua emateko". Udalari kartel eta pankartak kentzeko eta Tolosaren "irudi ona" bermatu, eta San Joan jaietan herriak islatu duen "utzikeria eta zikintasun irudia" berriz ere ez errepikatzeko eskatu du alderdi jeltzaleak.

"Kartel eta pankartak jartzeko horretara bideratutako espazioak sortzea" ere eskatu du EAJk, "egun indarrean dagoen ordenantzak jasotzen duen moduan". Halaber, herritar guztien inplikazioa ere ezinbestekoa dela azpimarratu dute, "guztion ardura baita eremu publikoa errespetatu eta zaintzea eta Tolosako kaleak garbi mantentzea, herriak txukuntasun irudia transmititu dezan".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!