Ana Elosegi: «Gai hauekin Haur Hezkuntzan lanean hastea defendatzen dugu»

Asier Imaz 2014ko eka. 26a, 11:00
Berdinsex zerbitzuak bi urte bete ditu Tolosan, eta arduradunak harrituta daude herritarren artean egitasmoak izan duen harrera onagatik; hileko azken ostegunero kultur etxean izaten dira.

Azpeitiarra den arren, Tolosan ere aritzen da, bere lantaldearekin batera, aholkularitza eskainiz. Herriko ikastetxeetan abiarazi zuten, orain bi urte, berdintasuna txikitatik lantzeko Hekidetza egitasmoa, eta horren haritiz zabaldu zuten, kultur etxean, Berdinsex sexu aholkularitza zerbitzua. Ikastetxeetako gaztetxoak ez ezik, ordea, herri osoari zabaldutako ateak ditu zerbitzuak, eta harrera bikaina izan duela diote arduradunek.
Bi urte daramazue jada, Tolosan, zerbitzu hau eskainiz, ezta?
Duela bi urte hezkidetza egitasmoa martxan jarri zen Tolosan, tratu ona bultzatzeko eta berdintasun gaiak hezkuntzaren esparruan lantzeko, prebentzio moduan. Egitasmo honetan Tolosako ikastetxe guztiek parte hartzen dute, eta Berdinsex zerbitzuarekin osatzen dute guztia.
Uneoro jo al daiteke zuen zerbitzu horretara?
Hileroko azken ostegunero gure taldeko profesional bat egoten da, kultur etxean; sexologian, psikologian nahiz berdintasunean aditua izaten da bertan egoten den aholkularia. Abiapuntua gazteriari zuzendutako zerbitzu bat eskaintzea izan zen, egia esan, baina helduen aldetik ere eskari asko jasotzen genituela somatu genuen. Beraz, zabaldu egin genuen adin-muga hura.
Hainbat belaunalditako herritarrek zuengana jo baldin badute, herritarrei zerbitzuaren oihartzuna iritsi zaielako da.
Bai. Hezkidetza egitasmoa martxan jarri zenean Berdinsexen inguruan informazioa zabaldu genuen, bai hedabideetan, baita Leidorreko zine-saioen aurretik ere; marketin lan pixka bat egin zuten, beraz. Horrez gain, ikastetxeetan lan handia egiten dugunez, asko zabaltzen da gure izena gurasoen nahiz gazteen aldetik.
Sexologiaz harago, bestelako arazo eta zalantzei erantzuten diezue, ezta?
Bai, bai. Azken finean, bizikidetza edo ongizatea lortu nahi dugu. Batzuk bikote harremanetan zailtasunak dituztelako etortzen dira gugana, baina, beste hainbat, emozionalki baxu dabiltzalako ere etortzen dira. Era berean, abilezia edo trebetasun batzuk landu behar dituztenak ere etortzen dira Berdinsexera, zailtasun sexologiko zehatz batzuk dituztenak; identitate arazoak ere izan daitezke gure zerbitzura jotzeko arrazoi. Denetarik dago, egia esan.
Oraindik ere oso bizirik daude, gizartean, horrelako gaien inguruako tabuak. Berez Berdinsex-era joko lukeen jendea lotsagatik bertaratu gabe geratzen al da?
Egia esan, Tolosan oso harrituta gaude zerbitzuak izan duen harrerarekin; beste zenbait herritan, beharbada, gehiago kosta izan zaigu egitasmoren erritmoa hartzea. Iaz ikaragarria izan zen Tolosakoa.
Nola egin daitezke kontsultak?
Hitzordua on-line hartzeko aukera dago, eta, halaber, kontsultetako hainbat ere internet bidez egiten ditu jendeak. Horrekin batera, kontsultara bertaratuta ere egin daitezke kontsultak eta jendeak ohitura handia hartu du aurrez ordua hartzeko. Hilean ostegun bakar batean bakarrik eskaintzen dugun zerbitzua denez, iaz kolapsatu egiten zitzaigun batzuetan,  eta ia ostegunero beteta izan genuen bulegoa. Eta, egia esan, hori ikaragarria da. Hala ere, egia da sexualitatea, oraindik, tabua dela; hezkuntzaren esparruan ikusten dugu, adibidez, eta, oraindik ere, kosta egiten zaigu gazteekin lantzea. Ondorioz, bikote harremanetan-eta arazoak ditugunean kosta egiten zaigu hori kontatzea. Eta gauza bera gertatzen da, bikoteetatik kanpo ere, sexu-arazoak ditugunean; lotsa ematen digu.
Tabu eta lotsa horiek alde batera uzteko, beharbada, txiki-txikitatik haurren hezkuntza txertatu beharko litzatekeen gaia al da sexualitatea?
Noski. Berdinsex zerbitzua Hezkidetza egitasmoan dugun filosofiarekin batera doa, eta hor txertatzen da. Horrela, arlo hauekin Haur Hezkuntzan lanean hastea defendatzen dugu. Hezkidetza egitasmoan, batez ere, prebentzioari ematen diogu garrantzia, baina, hala ere, berandu xamar dela iruditzen zaigu, sexu-heziketarekin hasteko. Horregatik, irakasleekin elkarlanik handiena Haur Hezkuntzatik hasita egiten dugu jada. Tolosan Haurreskolarekin ere lan asko egiten dugu.
Eta nolakoa izan da hain haur txikiekin lan egite hori?
Haurreskolaren kasuan, adibidez, irakasle guztiek parte hartu dute formazioan eta, aurten, esperientzia berri bat martxan jarri dugu, oso harrera onarekin. Irakasle, hezitzaile eta gurasoak elkarrekin aritu gara lanean, eta hau guztia naturaltasunez hartu nahi baldin badugu, lehenengo, beste era batera bizi behar dugu bai etxean eta baita eskolan ere.
Eskolari ere aurrerapauso bat falta zaio esparru horretan?
Sexualitatearen eta berdintasunaren inguruan ikasleekin lantzen dituzten edukiak oso gutxi dira, oraindik ere.
Urteen poderioz gaiak garapen bat izango du, ezta?
Hezkidetza egitasmoan jada ikusten ari gara aldaketak eta pentsamolde irekiagoa. Iaz, adibidez, Beldur Barik proiektuan zenbait gaztek parte hartu zuten, eta, pixkana-pixkana emaitzak ikusiko ditugula uste dut. Jendeak ezagutzen gaitu, ikastetxeetan lotura asko egiten dira, eta horrek guztiak eman behar ditu fruituak.
Parekidetasunari begira, belaunaldi berrietan nabari al duzue bestelako jarrera bat?
Nik uste dut oso errotuta daukagun gaia dela, eta milaka urtez gerotik datorren desberdintasuna dela. Orduan, hori ere kosta egiten da. Gazteen arteko bikote harreman heterosexualetan, indarkeria motak aldatu egin direla ikusten dugu. Teknologia berrietatik, Whatsapp-etik esaterako, mezu asko har daitezke tratu txartzat, bikotekidea kontrolatzeko-eta. Hori guztia asko landu behar da belaunaldi berriekin, beste era batera.
Homosexualitatea ere bai, ezta?
Bai, bai. Homosexualitatea, transexualitatea edo intersexualitatea asko landu behar dira oraindik, asko kostatzen baitzaigu gizarteratu eta normalizatzea.
Erakundeek ere inplikatu beharko lukete bultzada hori handiagoa izan dadin?
Aipatzekoa da, iaz anbulatorioak eta Asuncion klinikak, Berdintasun sailarekin elkarlanean aritzeko konpromisoa hartu zutela, lan-sare moduko bat sortzeko, eta osasun zentroetarako jotzen dutenak Berdinsexera bideratzeko.
Azkenik, kontsultak egiteko moduari dagokionez, bakarka nahiz taldeka bertaratu daiteke Berdinsex-era, ezta?
Noski. Badira bakarka etortzen direnak, eta baita bikotearekin etortzen direnak ere. Gaztetxoagoak direnak, berriz, lauzpabost laguneko taldean etorri eta norbere zalantzak kontatzen dituzte, barruan dituzten korapiloak askatuz. Gu denei laguntzen saiatzen gara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!