Ibai Iriarte: «Herri mailako itun bat da, eta herritar guztioi eragiten digu»

Publirreportajea 2014ko ekainaren 26a

Energia berriztagarrien astearen barruan, Energiaren Euskal Erakundeak babestu du erreportajea. Tolosa 2011. urtean batu zen Alkateen Ituna izeneko egitasmora. Alkateen Ituna Europar Batzordeak diseinatutako ekimen bat da, eta honen helburua Energia plangintza garatzea da udal eremu guztietan, hau da, udalerrian energia kontsumitzen duten alor guztietarako planifikazioa egitea 2020. urteari begira. Konpromiso hori betetzeko asmoz sartu zen Tolosako Udala.

Europar Batzordearen ekimenez abiarazi zen Alkateen Itunak, udal agintariak inplikarazi nahi ditu Europako energia politikaren helburuak lortzen. Zeintzuk dira helburu horiek?
20-20-20 izena du itunak. CO2aren isurketak %20 baino gehiago gutxitzea udal eremu guztian izango litzateke 2020. urterako. Horretarako, energia eraginkortasuna %20 hobetu beharko da eta azken energia kontsumoan energia iturri berriztagarrien erabilera %20 areagotu. Oinarri bezala 2007. urtean hartzen da, kontsumo garai altu bat zelako. Ekintza plan bat da, eta ekintza puntual mordo bat  jasotzen dira bertan.  Egiten diren plangintza ezberdinetan edo arlo ezberdinetatik egiten diren jardueretan zeharka sartzen saiatzen gara ituna. Bai obretan, bai mugikortasunean, bai ingurumenean, bai hondakinen kudeaketan, bai kale argiterian... Alkatearen Ituna deitzen zaion plana sartzen ahalegintzen gara.


Horrek zer esan nahi du?
Obra bat egiten denean, auzo baten mantenu plana egitean edota kale bat berriztatzen dugunean, esaterako, argiteri guztia led bidez jartzen dugu, hau da, kontsumo baxuko argiteria da. Edota lehengo astean San Estebango aparkalekua asfaltatu dugu, eta herri guztian seinale berriak jarriko ditugu helburua kotxe guztiak zuzenean bertara joan ahal izatea izango delako. Honekin, kotxeak herri mailan ahalik eta gutxien ibili eta C02 isurketak murriztu egiten dira.


Duela bi urtetik 30 kilometro orduko abiadura jarria duzue Tolosako herrigunean.
Guztiari 30eko izaera ematea mugikortasunean hobekuntzak emateko izan da. Autoei lekua kendu eta txirrinduei eta oinezkoei lekua handitzeko helburuarekin egin dugu. C02 isurketak gutxitzeaz gain, soinuaren maila ere jaitsi egiten du. Ildo ezberdinetan lan egin arren, ituna beti presente izaten ahalegintzen gara. Itunak dituen ekintza planak zehar lerro moduan barneratzen ditugu. Ingurumenetik ematen da Alkatearen Ituna, baina ez da soilik ingurumenetik egiten diren gauzetan oinarritzen, baizik eta, departamendu guztietan zabaldua dugu.


2011. urtetik zein aldaketa egin dira Tolosan?
Mugikortasun Plan berria aurkeztu genuen, hau da, 30 kilometro orduko eremua zehaztearena. Ahalik eta argiteria gehiena aldatzen ahalegindu gara, ez bakarrik obrak egin ditugunetan, esaterako, Trianguloa plazako argiteria guztia aldatua dugu. Oinezko ibilbideetan hobekuntzak ere egin dira. Irisgarritasun plana egin genuen, eta oinezkoei bideak erraztea zen helburua. Eta ibiltzeko bideak egokiak diren neurrian, autoa hartzea saihesten da. Honez gain, Uzturre basoaren egokitze lanak, eta 27 hektareako zatian pinua kendu izana, ...  


Beraz, Uzturre mendiko egokitzapenak ere plan honen barruko lanak dira.
Bai, noski. Urtero ekintza bat edo bi nahiko indartsuak egiten saiatzen gara. Uzturreko kasuan, natura baliabideen hobekuntza bideratzen du. Pinuak kendu eta bertako landareria sartuta, honen bidez, CO2a oxigeno bilakatzen duen basoaren osasuna handitzea lortu dugu.


Aurtengorako edo aurrera begira zein neurri gehiago aurreikusi dituzue?
Urtea amaitzerako, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzari esker, argiterian, 130 Led argi berri jarriko ditugu, auzo eta kale ezberdinetan. Auzo konpostagailuak jarri ditugu, eta hondakin bilketa sistema berria jartzearekin ere CO2 isurketak asko murriztuko ditugu, eta gure %20ko helburuaren erdia gutxi gorabehera hondakin bilketa berriarekin lortuko genuke. Euskal Herria plazako zuzkidura bizitokietan maila energetiko gorena lortuko da, bai eraginkortasunean eta baita energia kontsumoan ere.
Kanpora begira bakarrik ez, udaletxe barrura begira ere hainbat neurri hartu dituzue.
Bai, udaletxean bertan argiteria, ura, berogailua, hondakinen kudeaketa kontuan hartu ditugu eta neurri ezberdinak indarrean jarriak ditugu. Ez udaletxean bakarrik, kiroldegian ere erabiltzen ez zen kogenerazio planta martxan jarri dugu, besteak beste, eta honela ura tenperatura epelagoan mantentzen da, eta energia aurreztea suposatzen du.


Aldaketa guzti hauek bi eratara eragiten dutela esan daiteke ezta?
Energia aurrezteaz gain, CO2 isurketak murrizten dira, eta udalari ekonomikoki fakturetan aurreztea suposatzen dio energia kontsumo jaitsierarengatik.


Herritarrengan eragiten ere saiatzen zarete.
Ezinbestekoa da, eta kontzientziazioa da beste ildo garrantzitsu bat. Hor dago Mugikortasun Astea eta horregatik sortu da Energiaren Astea. Iaz hasi ginen eta aurten ere egingo da. Argiteria, ura,... murrizteko erakusten diren gauzak txikikeriak dira, baina eraginkorrak. Etxeetako kontsumo mailak ere oso altuak dira,  eta nola murriztu erakusten saiatzen gara. Herri mailako itun bat da, eta herritar guztioi eragiten digu. Etxeetan ere berogailua 20 gradutik 18ra jaisten den neurrian, CO2 isurketak murrizten ari gara.


Herritarrengana iristen zarete?
Energiaren Astearekin oso gustura geratu ginen. Institutuko mantenimenduko ikasleak jarri genituen herritarrak hezten. Ikasleak pozik, bi urtetan ikasitakoa praktikan jarri ahal izan zutelako, eta herritarrak gustura, oinarrizkoak eta praktikoak diren ideiak ikasi zituztelako.  


Epe motzera?
Goienerren sartuko da Tolosako Udala kide bezala hilabete honetan. Energia berriztagarriak erosten ditu, eta etxeetako  erabiltzaileei saltzen die. Kooperatiba bat da, eta irabazi asmorik ez du. Luzera begirako plangintza egiten ari gara beraiekin, eta batez ere, etxeetako kontagailuen gaineko irakurketa zehatzak egin eta familia bakoitzari egokien etorriko litzaiokeen kontsumo eta kontratu motak lantzeko. Herritarrak ere eraginkorrak izatea nahi dugu. Ahalik eta energia kontsumo txikiena, eraginkorrena eta energia berriztagarrien bidezkoa izatea litzateke helburua.

 

Ekintza plana
Sei ildo estrategiko


Eraginkortasun energetikoa.
Argiztapen egokiarekin, eraikinak ondo isolatuta (leihoak, isolamendu sistemak)… energia hobeto aprobetxatu daiteke.
Mugikortasun jasangarria.
Egoki gidatuta, autoen erabilera murriztuta, garraio publikoaren, oinezkoen eta bizikletaren erabilera sustatuz lortu daiteke.
Energia berriztagarriak.
Plaka fotovoltaiko eta termikoen instalazioa sustatuko da.
Hondakinen sorkuntza eta kudeaketa.
Gaikako bilketa selektiboaren bitartez, eta zabor gutxiago sortuta, CO2 isurketak asko murriztuko dira.
Ura.
Ur hornidura sarea berrituta eta honen erabilera egokia eginda asko aurreztuko da.
Inguru naturala.
Basoak eraberrituz udalerriko ingurumenean onura ugari izango lirateke.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!