Postpornoaren mundua aldarrikatzen da filmean; sexualitatearen irudikapen anitzekin eszena berri bat sortu duen mugimendua edo korrontea, non artea eta aktibismo politikoa bereiztea zailak diren.
Dokumentalari sarrera Josebe Iturriozek emango dio. Ordiziarra urte luzez izan da Tolosako Berdintasun teknikaria, eta horrez gain, mugimendu feministen inguruan ibili da lanean. 2000. urtean Medeak Taldea sortu zen, eta bertan hamalau urte daramatza Iturriozek aktibista moduan.
Postpornoa eta bere inguruko eragile nahiz pertsonak ongi ezagutzen ditu Josebe Iturriozek. Medeak Taldean ere gaiari garrantzi berezia ematen diote: «Kritika bat egiten zaio pornografia estandarrari. Bertan, sexualitatea modu bakar batean erakusten da. Oso heterozentratua; oso matxista; gizonak paper bat dauka eta emakumeak beste bat; gizona aktiboa da eta emakumea pasiboa; gizona penetratzailea eta emakumea zuloek definitzen duten gorputz bat...».
Eszena hori iraultzeko, Beatriz Preciadoren inguruan sortu zen mugimendua aipatzen du Iturriozek: «Talde txiki batzuk sortu ziren, batez ere Bartzelona inguruan, euren gorputzarekin esperimentatzen eta pornografia egiten hasi zirenak».
Dokumentalean eragile eta pertsona horiek elkarrizketatzen dira, eta hauek, euren esperientzia kontatzen dute lehen pertsonan. «Oso ganberroa da», dio Iturriozek. Ordiziarrarentzat dokumentalean agertzen direnak ez dira teoria sortzaileak: «Euren gorputzarekin eta ekintzekin proposamen politikoak egiten dituzte». Dokumentalean agertzen diren kideak «pertsonaia eta aktibista oso bereziak dira». Horien artean Idoita aipatu du Josebe Iturriozek: «Gasteizen jaio zen, baina mundu guztian zehar ibiltzen da: Bartzelonan, Mexikon... Emakume hau punk hutsa da. Ez zaizkio hizkuntza pedanteak edo oso teorikoak gustatzen. Bere gorputzarekin esperimentazio indartsu bat egiten du. Bere hitzak indar handikoak dira eta horiek pantaila batean ikusi eta entzutea... Idoyita guretzat erreferentea da, praktika sadomasokismoetan, performance-etan... Ikaragarriak egiten ditu».
Ekainaren 28ari begira dokumentalak egiten duen ekarpena ere azpimarratu du Iturriozek: «Beharrezkoak dira beste sexualitate ereduak. Normala izateko heterosexuala izan behar duzula irakasten digute txikitatik, eta beste gaixotxo horiek, hor daudenez, egun bat dute urtean euren aldarrikapenak egiteko. Sexuari beldurra dion feminismotik harago, badaude sexualitateak, punkagoak. Azken finean, kritika bat egiten zaio sexuaren banaketa horri».
Josebe Iturriozen sarrera eta, noski, dokumentala bera ikusi nahi dituenak, Leidor aretoan izango du aukera, gaur, 20:30etik aurrera. Gai horietan sakontzeko, edo ezagutzeko.