200 auto aparkatzeko lekua egokituko dute

Ataria 2014ko ekainaren 18a

Tolosako Udala San Esteban auzoko aparkalekua eraberritzeko lanekin aste hasieran hasi zen, eta gaur eta bihar asfaltatze lanak egingo dituzte. Honela, 1400 metro karratu egokituko dituzte doako 200 aparkaleku sortuz.

Helburuen artean, San Esteban auzoa txukuntzea eta egokitzea dute. Eta honekin, mugimendua bermatu nahi dute San Estebanen. Auzotik jendea Tolosa erdira zuzendu nahi dute. Tolosako Merkataritza Sustatzeko plan integralean jasotako ekimena dela ekarri du gogora Iriartek: «Merkatarien aldetik doako aparkaleku egokiak izatea askotan eskatu zaigu». Gainera, «tokiko merkataritzari bultzada bat emango genioke».


San Joan egunerako egingo dituzte asfaltatze lanak eta erabilgarri izango da. Ondoren etorriko dira argiztapenerako falta zaizkien lanak eta baita margotze lanak amaitzea ere. Parez pare duen aparkalekuko lanak iaz egin zituzten, eta Ibai Iriarteren hitzetan, antzeko itxura hartuko du aparkalekuak behin eraberrituta. Udalak 45.000 euroko aurrekontua du lan guztiak egiteko. Argiteriaren kasuan, udal langileen bidez egingo da, gastuak murriztea lortuz. Bestetik, herrigunean, seinaleak jarriko dituzte, Tolosara datorren jendeak non aparkatu jakin dezan.Trenbideak egiten duen muga psikologikoa apurtu nahi dute, San Estebanetik herrigunera oinez bost minutu baino ez daudela nabarmenduz. Herritarrei eta eskualdetik datozenei aparkalekua erabiltzeko  deia egiten diete udaletik, Tolosan aparkatzeko lekua badela adieraziz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!