Adimen zaharrenentzako teknologia berriak

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko eka. 18a, 17:06
Hirukideko zenbait ikasleak ‘Kubo’ proiektua landu dute Teknologiako klasean, adinekoei begira

Gaztetxoen ideiak hirugarren adinekoen zentzumenak dantzan jartzeko erabili dituzte Tolosako Hirukide ikastetxean. DBH 4. mailako zenbait ikaslek Kubo proiektua garatu dute, ikasturte osoan barrena, Teknologiako klasean. Horrela, Jabi Luengo irakaslearen gidaritzapean, proiektuak fisikoki eman duen gailua erakutsi diete ikasleek, Uzturreko zentroko egoiliarrei.
Estua da Hirukide ikastetxeak Uzturren zentroarekin duen harremana, belaunaldien arteko trukearekin jakintza ere elkartrukatzeko egitasmoa txertatzen baitute beren hezkuntza-proiektuan. Modu horretan, astean behineko bisitak egiten dizkiete ikasleek, zentroan dauden hirugarren adineko pertsonei.
Kubo egitasmoa ere hari horri tiraz sortu zen, izan ere, Uzturre zentroko arduradunek laguntza zieten Hirukideko arduradunei, zentroko egoiliarren adimen eta zentzumenak lanean jarri ahal izateko.

Agureentzako jostailua
Izenak berak argi adierazten duen moduan, Kubo proiektuaren muina kubo formako gailu bat da. Kuboaren aurpegietan hainbat koloretako argiak pizten dira, eta kuboa eskuetan duenak argi gorria duen aurpegia bilatu behar du. Behin argi gorria zein aurpegitan dagoen dakienean, buruz-gora jarri beharko du kuboaren aurpegi hori. Eta berriro hasiko da jokoa.
Jolas erraz horren bitartez, hirugarren adineko gizon-emakumeek behatzen mugimendua lantzea helburu izan dute, batetik, eta baita eskumuturrena ere. Horrez gain, koloreen bila aritzeak eta hori buruz-gora jarri behar izateak, adimena lantzen ere lagunduko die adinekoei.

Ikasiz irakatsi
Telnologiako klasean jorratutako edukien fruitua izan da Kubo, eta, besteak beste, Arduino plaka eta software librea erabili dituzte gailua sortzerakoan.
Hiru dimentsiotan egindako iruditik prototipo bat ere sortu zuten, baina, benetako kuboa sortzeko beharrezko materiala erosteko, crowfoundinga erabili dute goteo.org plataformaren eskutik; herritarren diru-laguntza eskatu dute, alegia.
Orain, Uzturreko egoiliarren esku utziko dute kuboa, ikasiteko sortu dutena helduei irakasteko, eta haiek kuboa dantzan jartzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!