Arteak kalea hartuko du, Beantatuz jaialdiarekin

Maier Ugartemendia 2014ko ekainaren 17a

Ekainaren 18tik 25era Beantatuz Nazioarteko Kale Arte Jaialdia ospatuko da Tolosan, eta bertako nahiz atzerriko hainbat artistek parte hartuko dute

Urteetan zehar Tolosako graffiti erakusketa izan zena, 2010. urteaz geroztik Beantatuz izenpean antolatzen duten Nazioarteko Kale Arte jaialdia da. Gaur Oiarbide ostatuaren ondoan aurkeztu dute aurtengo jaialdia Xabier Anuntzibai eta Garikoitz Murua antolatzaileek, Mikel Arreseigor Tolosako Gazteria zinegotziarekin batera. Lehen urtean konkurtso formatoan egin arren, azken urteetan "erakustaldi" modura antolatzen dute, eta "kanpoko nahiz gertuko" artistak gonbidatu dituzte euren lana Tolosan egitera.

Jaialdi honekin artistak euren lana egitera gonbidatzeaz gain, artisten "topaketa" izatea nahi dute. Artistak "elkartzea eta elkarbizitzak trukatzea" nahi dute, baina ez soilik euren artean, baita tolosarren artean ere. Aurtengoan jaialdiaren barruan ekintza gehiago antolatu ahal izan dituzte, "laguntzaile eta kolaboratzaile gehiagoren laguntza" jaso dutelako.

Aurtengoan sei artista izango dira Tolosan: B. Shanti (Alemania), G. Loois (Italia), Arantxa Recio (Espainia), Xabier XTRM (Euskal Herria), Balu (Euskal Herria) eta Joseba Mercader (Tolosa, Euskal Herria).

Aurten gainera, espero bezala formatu handiko mural bat margotzeko aukera izango du B. Shanti artistak. Izan ere, Oiarbide ostatuko alde bateko aitzindegia edo fatxada margotuko du jaialdiko egun hauetan. Beste artistak batez ere alde zaharrean edo inguruan ariko dira lanean. Hala ere, bakoitzaren kokapena zehazteko mapak aurki daitezke bai lanean ari diren lekuan edo baita www.beantatuz.com helbidean.

Egitarauko ekintzen artean Arantxa Reciok GKo Gallery-an aurkeztuko duen erakusketa eta larunbatean gazteei zuzenduta dagoen tailerra azpimarratu dituzte; bigarrenarekin gazteak jaialdi honen "parte" egin nahi dituzte. Aipatu igandeko Street Food-a ere Oiarbide ondoan dagoen belardian egingo dutela. Gauean elkarte batean afalduko dute artistei hemengo "bizimodua eta ohiturak" trasladatzeko asmoz. Hiri Tour ibilaldietan, berriz,Poliki Arkitektoak eta Manex Izagirrek Tolosako arkitekturako eraikinen inguruan hitz egingo dute. Artisten elkargunea edo topagunea BOXa izango da.

Herritar guztiei jaialdian parte hartzeko "gonbitea" luzatu nahi izan diete antolatzaileek; zenbat eta parte hartze zabalagoa izan jaialdiak berak ere "ekintza gehiago" jasoko dituelako eta "zabaldu eta pisu gehiago" izango duelako. Jendeak aurrera begira paretak eskaintzeko proposamena ere luzatu nahi izan dute, "artista eta gizartearen artean" loturak egiteko eta horma horietan euren lanak burutu ahal izateko.

Arreseigorrek, gazteria sailetik, antolatzaileei euren lana "eskertu" nahi izan die, eta bide batez baita zoriondu ere. Izan ere, bere esanetan "urte osoan" aritu dira jaialdia antolatzeko lanean, eta bere ustez "bost egunetan ikusiko dela urte guztian" egiten duten lana. Horrez gain, Tolosarentzat "oso garrantzitsua" da honelako jaialdi bat izatea, eta Tolosako herritarrei eta bereziki gazteei zuzendu zaie egun hauetan alde zaharrera gerturatzeko proposamena eginez, eta honela artisten lana ezagutzera gonbidatuz.

Ekainak 18, asteazkena

Artista gonbidatuei ongi etorria

Ekainak 19, osteguna

Artista bakoitza bere paretean margotzen egongo da

Ekainak 20, ostirala

Arantxa Recio Parra-ren ilustrazioak erakusgai GKo Gallery-n. Aurkezpena 19:00etatik 20:00etara

Ekainak 21, larunbata

Artistak margotzene gongo dira goizez

12:00 Pintura / grafitti tailerra Triangulo plazan.

Ekainak 22, igandea

14:00 Bazkaria kalean: Street Food

17:00 Hiri Tour: Tolosako alde zaharreko hirigunean zehara ibilaldia arkitektuekin.

Ekainak 23, astelehena

19:00 Hiri Tour: Tolosako alde zaharreko hirigunean zehara ibilaldia arkitektuekin.

Ekainak 24, asteartea

Artista guztien lanen amaiera eta aurkezpena.

Ekainak 25, asteazkena

Beantatuz Jaialdiaren edizio honen amaiera eta argazki bilduma.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!