Udalerri Euskaldunen Eguna, ekainak 14

Tolosa, arnasgune bihurturik

Ataria 2014ko ekainaren 16a

Arnasguneek euskararentzat duten garrantzia nabarmendu zuten larunbatean Tolosan, Udalerri Euskaldunen Egunean. Orain arte Uema eguna izan denari izena aldatu eta lehen aldiz egin dute Udalerri Euskaldunen Eguna, jai egunari izaera zabalagoa eman asmoz. Hala ere, Uemak lanean dihardu eta bi udalerri berri batu ziren 72 udalerrien mankomunitateak eginiko batzarrean: Tolosaldeako Berastegi eta Markina-Xemein.

Goizean Uemako batzarra egin eta gero, Uemako udaletako ordezkariez gain, beste udal batzuetako ordezkariak eta beste erakunde batzuetakoak batu ziren eguerdiko ekitaldi instituzionalean. Hala, Eusko Jaurlaritzatik Jokin Azkue Euskara Sustatzeko zuzendaria -eta Tolosako zinegotzia- etorri zen, Gipuzkoako Diputaziotik  Martin Garitano ahaldun nagusia eta Zigor Etxeburua Euskara zuzendaria, Tolosako Udaletik Ibai Iriarte alkatea eta Inaki Irazabalbeitia zinegotzia eta gainera, Tolosaldeko hainbat udalerrietako udal ordezkari eta alkate. Besteak beste, Alegia, Orendain, Baliarrain, Leaburu-Txarama, Lizartza eta nola ez, Berastegiko alkateak. Izan ere, Berastegi larunbatean sartu zen ofizialki Ueman.

Udalerri euskaldunek adierazpen bat onartu zuten, eta kezka azaldu zuten euskara bizien dagoen lekuetan, arnasguneetan, ahuleziak agertu direlako. "Bilakera soziolinguistikoa mantenduz gero, euskara nagusi den udalerri gutxiago izango ditugu etorkizunean, eta hori bereziki kezkagarria da euskararen normalizazioa helburu dugunontzat".

Kezka eta aldarrientzako tartearekin batera, festarako tartea ere izan zen goizean, eta herritarrek zein agintariek gustura egin zuten dantza eguerdiko flashmobean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!