Juan Jose Ibarretxe: "Badakigu zer garen, baina ez dakigu zer izan gaitezkeen"

Tolosaldeko Ataria 2014ko eka. 13a, 12:43
Olatz Peon eta Juan Jose Ibarretxe, atzo, Topic-en
Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohia Tolosan izan zen atzo. 'Ekonomia itunak eta haratago,' hitzaldia eskaini zuen Topic-en Uzturre fundazioak gonbidatuta, eta egungo krisi ekonomiko, politiko eta sozialaren testuinguruan, kultura eta nortasunaren garrantzia azpimarratu zituen. "Autogobernu politikorik gabe, autogobernu ekonomikoa izatea ezinezkoa da" esan zuen. Ildo horretatik, independentzia izan zuen hizpide, eta egungo eredua menpekotasunean oinarritutakoa dela esan zuen, "hobetu eta aldatu beharrekoa, daukaguna ez baita nahikoa".

Uzturre fundazioaren helburua gaurkotasuna duten gaien inguruko hausnarketa sustatzea da, eta hori izan zen, hain justu, atzoko hitzaldiaren xedea. Hitzaldia Tolosako Udaleko Olatz Peon (EAJ) zinegotziak aurkeztu zuen eta lehendakari ohiak 2005ean Madrilgo Kongresuan erabakitzeko eskubidearen alde egin zuen aldarrikapena ekarri zuen gogora.

Ibarretxek egungo egoera ulertzeko atzera begiratu behar dela esa zuen. Horregatik, foruen inguruko hausnarketa eginez eta iraganeko eta etorkizuneko itun ekonomikoak aztertuz hasi zuen hitzaldia.

Bestalde, etorkizuneko erronkak aztertu eta Europak bizi duen krisiaz ere hitz egin zuen. Europak ez duela proiektu bateraturik esan zuen, eta horregatik Europa birdefinitzea beharrezkoa da Ibarretxeren ustez. Europako batasun politikoa lortzeko eredu eta hitzarmen ekonomiko aldarrikatu zituen, "hori da behar den tresna juridiko-politikoa".

Ikusleek, besteak beste, Gure Esku Bidea giza kateari buruz galdetu zioten. "Orain ardura erakundeena da, eta euskal alderdien artean lehian aritu beharrean, elkarlanerako garaia da", esan zuen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!