Tradiziozkoa da, jada, Tolosako Txinparta elkarteak sanjoanen bueltan antolatzen duen margolari tolosarren lehiaketa. Aurten ere ekainaren 20an zabalduko dute erakusketa, 48. aldiz. Badute, ordea, arteari begirako berrikuntzarik aurten: Iñaki Epelderen omenez aire libreko pintura lehiaketa antolatu dute igande honetarako.
Parte hartu nahi duen orok eman dezake izena txinpartatolosa@gmail.com helbidera idatzita, gaurko. Bestela, igandean bertan ere egin ahal izango da, Topic zentroan, 08:45etik 10:00etara bitarte.
61x50 zentimetroko eta 100x81 zentimetroko lanak margotu beharko dituzte parte-hartzaileek, eta norberak ekarriko du euskarria. Margoak bukatzeko ordua, berriz, 13:00etik 14:00tarako tartea izango da, eta artearen esparruko adituek epaituko dituzte, Tolosako kaleetan, aire librean sortutako lanak.
Sari banaketa ekainaren 20an egingo dute, Topic zentroan, eta sanjoanetan erakusketa zabalduko dute parte-hartzaile guztien lanak erakusteko.
Horrela, lehen saria jasotzen duenak 750 euroko ordainsaria eta diploma irabaziko ditu eta, bigarrenak, berriz, 500 eurokoa eta diploma.