Taldearen helburua "desberdinen arteko elkarreragina modu ez-gatazkatsuan" bideratzea da, eta horretarako "'bestearen' duintasuna errespetatzera eta 'bestea' behar bezalako prestutasunez entzutera prestatzea" ezinbestekoa dela esan dute. "Besteei entzun eta jarrerak aldatu beharra ditugu den-denok, salbuespenik gabe, horrek lagunduko baitigu bakea eraikitzen".
Foroaren lehen bilera iazko maiatzaren 8an izan zen, eta hilabete hauetan egin dituzten bilera hauen helburu nagusiak, "desberdinen arteko elkarrizketa lantzea, bizikidetza gune anitz bat sortzea eta indarkeria egoera gainditzeko genituen ikuspegiak ezagutu eta eztabaidatzea" izan direla nabarmendu dute.
Orain arte gai asko jorratu dituztela esan dute: "Bizikidetzaz zer ulertzen dugun eta berau sustatzeko bideak; talde honen egitekoa, norberak nola bizi izan duen egoera politikoa eta indarkeria Tolosan, jasan diren indarkeria motak, gertatutakoa eta horren ondorioak, indarkeria sufritu duten pertsonekiko jokabideak, errelatoak, eta abar".
Gaurko aurkezpenean udalaren babesa izan dutela esan dute, eta lehen bilerak bakarrik burutu bazituzten ere, aurrera jarraitzeko Baketik eta Lokarrirekin harremanetan jarri zirela argitu dute. "Abendutik aurrera Lokarriko teknikaria den Aitziber Blancok betetzen ditu bileren koordinatzaile lanak. Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntzaz baliatuz, Lokarriren laguntza ahalbidetu du. Laguntza tekniko hori premiazkoa izan da, prozesu eta dinamika hauek konplexuak direlako, eta askotan ez delako erraza aurrera egitea. Eta, hain zuzen ere, taldeak bere buruari jarri dion helburu garrantzitsuenetako bat da, bide hau denok egin behar dugula, eta ez dugula nahi inor bidean gelditzerik".
Aurrera begira, hortaz, beren eginkizun nagusia, gai horien inguruko gogoeta egitea eta gizartean ere, gogoeta hori piztea eta bultzatzea izango da.
Elkarriko taldea, sorburu
Tolosan aurkeztutako Bizikidetza Foroak Elkarrik herrian zuen taldea du sorburu eta oinarri, "talde hura osatzen genuenok iraunkorki bildu ginen, gatazka gainditzeko genituen ikuspegiak partekatu eta kontrastatzeko asmoz", esan dute.
ETAk indarkeria amaitu ondoren Euskal Herrian aro historiko berri bat abiatu zela ikusi zutela, eta egoera berri honetan, "bizikidetza hobetzeko, politika normalizatzeko eta bake-bideak jorratzeko nahikoa baldintza bazegoela iruditu" zitzaiela esan dute. "Baina kontziente ginen -eta gara- iraganak utzitako hainbat arazo konpondu gabe ditugula oraindik eta gatazka egoerak gizartean sortu eta sortzen dituen zauriak eta etenak ere hor daudela", gaineratu dute.
Une hartan, Elkarriren Tolosako taldearen lana amaitutzat eman ala ez eztabaidatu zutela argitu dute, eta azkenean, aurrera jarraitzea erabaki zutela esan, "baina bere burua bermoldatuz: aurrerantzean, taldea erabat autonomoa izatea hobetsi zen; talde hartan ordura arte bildua genuen aniztasun ideologiko-soziala zabaltzea, Tolosan, ditugun pentsamolde eta joera politiko nagusiak integratuz eta inongo pentsamolderik kanpora utzi gabe; eta taldearen helburutzat, bizikidetza hobetzea hartzea".
Taldekideak orduan partaide berrien bila hasi ziren, eta baldintza bakarra euskaraz ulertzea izan zen.