Ibilbideak errezetatuko dituzte osasun zentroko arduradunek herritarren osasuna hobetzeko

Iñigo Terradillos 2014ko eka. 10a, 19:34
Zahartzaroa, osasuna, zaintza eta bizi kalitatea uztartzen dituen ekimena jarriko du Tolosako Udalak martxan, Osakidetzarekin eta herriko eragileekin elkarlanean. Herrian zehar ibilbideak diseinatuko dituzte, eta horiek herritarrei errezetatuko zaizkie, euren osasuna hobetzeko neurri moduan.

Tolosa Kale biziak egitasmoaren barruan kokatzen da ibilbide osasuntsuen mapa. Egitasmo horrekin espazio publikoak berreskuratu nahi dituzte, herritarrei kaleak erabiltzera bultzatuz, eta horrekin batera, ibiltzea moduko ohitura osasuntsuak indartzea nahi dute. Eragileekin batera aurrera eraman nahi duten ekimen honetan, herritarren bizi eta osasun kalitatea hobetzea lortu nahi da, bizitza sedentarioak ekidinez: «Sedentarismo handia dugu gizartean, eta horrek modu txarrean eragiten du gure bizitzan; arazo horri ohiko sendagaiekin aurre egin ordez, ibiltzea moduko ohiturak sustatu nahi ditugu», azaldu du Ibai Iriarte Tolosako alkateak.
Herriko eragileeekin batera zehaztuko dute ibilbideen mapa: «Distantzia eta zailtasun desberdinak izango dituzte ibilbideek, eta norbeerak dituen beharren eta zailtasunen arabera bat edo beste errezetatuko zaio», gehitu du alkateak. Ibilbideekin batera, gainera, ariketa fisikoa egiteko hainbat makina ere jarriko dituzte kalean.
Lehen bilera, hilaren 16an
Datorren astelehenean, hilaren 16an, egingo dute eragileeekin lehen bilera, Tolosako kultur etxean, 19:00etan. «Proiektuaren berri ematearekin batera, herritarrek non egiten dituzten euren paseotxoak identifikatuko dugu, eta behin horiek zehaztuta margotu eta planoak egingo ditugu, anbulategietan banatzeko eta ekimena martxan jartzeko», adierazi du Iriartek. Hala, udazkenerako egitasmoa prest izatea aurreikusi dute.
Herritar orori dago zuzendua proiektua, baina, Tomas Plazaola osasun publikoko eskualdeko koordinatzaileak esan duenez, bereziki 65 urteko jendearengan pentsatuta diseinatu da, «etxean dauden herritarrentzat, kalera irteten ez direnentzat, eta baita, arazo psikikoak dituztenentzat ere». Era berean, taldean egiteko aukera nabarmendu du Plazaolak, «bakarrik dagoenak beti izango baitu norbait osasun zentroko arduradunak errezetatu dion ibilbidea egiten lagunduko diona».
Antzerako ekimenak ari dira burutzen beste herri batzuetan, eta horietan izan dituzten emaitza onak azpimarratu dituzte: «Bi edo hiru urte daramatzagu ekimen honekin lanean, eta emaitza politak izan ditugu, baina, horretarako, oso garrantzitsua da parte hartzea sustatzea, herritarrei zuzendutakoa baita ekimena», azaldu du Tomas Plazaolak. Ibilbide osasuntsuen maparen  lanketa Osasun sailarekin batera  koordinatu du udalak, eta, hain justu, elkarlan horrek duen garrantzia  azpimarratu  dute bi aldeek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!