Lehenik eta behin, harritu egiten gaitu garai hartan Guardia Zibilak izan zuen jarrera militarra saihestu eta ezker abertzalea egitea erantzule garai hartan Tolosako Udalean gertatu zenaz. Gauza bat utzi nahi diogu argi EAJri: espainiar banderaren inposizioa nola kudeatu behar denari buruzko desberdintasunak garai hartan izan genituen eta gaur egun ere baditugu. Baina benetako etsaia orduan eta orain Tolosako Udalari inposatzen dioten horiengan aurkitu behar dugu eta ez deritzogu bidezkoa eta zuzena begirada desbideratzea. Ez gatoz EAJri laguntza eske, elkar-lana proposatzera baizik.Laguntza behar duena Euskal Herria da, bai orduan, baita orain ere. Hortik aurrera EAJtak jakingo du zer egin behar duen.
Ahanzturaz ari zaigu. Kexu ageri da EAJ, ustez, ezker abertzalekook udaletxean ez ginelako Guardia Zibila bidali zutenean. Ez dakigu ezker abertzaleko ordezkaririk bazen udaletxe barruan, baina Guardia Zibilaren aurrean, «Ikurrina bai, Española ez!» oihuka ezker abertzalekoak kalean ziren, baita EAJko kide-ohiren bat ere tartean. Askok korri egin behar izan zuten eta bakarren batek Guardia Zibilaren astinduren bat edo beste ere jaso behar izan zuen. Ez dugu ukatuko egoera hura erosoa zenik baina goxoagoa zen barruko giroa kanpokoa baino.
Orain 30 urte EAJ ezker abertzaleko zinegotziek bandera espainola Espainiako Barne Ministeritzari bidali ziotenean ez zuen aurpegia eman. Orain egun batzuk ere, EHBilduk Espainiaok bandera Urkixori bidali diotenean ez du aurpegia eman.
Kexu da EAJ, orduan alkate zegoen Mirentxu Etxeberriaren kargua arriskuan jarri zelako. EAJak badaki baina ez du esan, ezker abertzaleko lau zinegotziek, Jexus Mari Agirre Mauleon, Koldo Maiz, Iñaxio Agirre eta Xabier Salazar izan zirela auzipetzea, epaiketa eta sei urtetako kartzela mehatxua jasan zuten bakarrak.
Beraz, ahaztutakoak gogoratzen hasita, EAJri memoria labur geratu zaio. Dena den, egungo alkateak, Ibai Iriartek zioen moduan, aurrera begira aritzeko proposamena egiten diogu; hori baita, herritarrek eskatzen digutena. Bide batez, Mirentxu Etxeberriari begirunez, besarkada bat".
Tolosako Sortu-ren izenean, Iñaki Elduaien, Karmele Elizaran, Garbiñe Azaldegi eta Antton Izagirre.