Tolosa CF taldeak igoera oraindik eskuan izan dezake

Asier Imaz 2014ko ekainaren 9a

Denboraldiko azken partida jokatu zuen Tolosa CF taldeak igandean. Igoera faseko bigarrena zen, eta 1-1 berdindu zuen Erandioren aurka. Urdinek partida irabaztea merezi zuten, baina epaileen erabakiak oztopo izan zituzten. Momentu zehatzetan tolosarrek zorte txarra izan zuten. Alde batetik, gol bat balio gabe utzi zien hegaleko epaileak, eta bestetik, penalti argi bat ez zuen ikusi hegaleko epaile berak.

Igoera faseko lehen partidan berdinketa lortu zuen Tolosak, baita bigarrengoan ere. Ondorioz, fase hau bi punturekin amaitu du. Orain, beste bi aurkariek elkarren artean jokatu beharko dute. Lehen postua lortzea ezinezkoa da Tolosarentzat, baina bigarrena eskura izan dezakete. Berio eta San Inazioren artekoan, nahikoa izango dute talde batek irabaztea. Bigarren postua oso garrantzitsua da, hirugarren mailarako igoera ekar baitezake berarekin. Talde batzuen arazo ekonomikoak direla medio.
Iker Dorronsoro Tolosako entrenatzailea gustura agertu zen egindako denboraldiarekin, nahiz eta azken partida horretan, zapore garratza gelditu zitzaion. Dorronsororen esanetan, Bizkaian taldeak oso ongi jokatu zuen, eta partida erabakitzera irten ziren lehen minututik; «Erandiokoek partida amaieran esan ziguten irabaztea merezi izan genuela, oso ondo jokatu genuela futbolean». 0-1 jartzea lortu zuten urdinek, baina berdinketa iritsi zen ondoren. Etsipenetik urrun, baloia ederki mugitzen jarraitu zuten Tolosakoek, eta bigarren gola iritsi zen, eta berarekin batera, hegaleko epailearen erabaki okerrak. Azken minutuetan seinalatu gabe utzi zuen penaltia tarteko.
Tolosak denboraldi gogor bati bikain egin dio aurre. Larunbat honetan taldeko ospakizuna izango dute, eta oporretara joan, joango diren arren, beste zelaietan eta bulegoetan gertatzen dena gertutik jarraitu beharko dute, hurrengo urtean, hirugarren mailan jokatzeko ametsa oraindik ez baita ezinezkoa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!