Bilduk emandako datuak "apropos manipulatuak" izan direla salatu du EAJk

Iñigo Terradillos 2014ko eka. 9a, 13:48
Tolosako Bilduk egin duen balantze ekonomikoa kritikatu du herriko EAJk, izan ere, euren ustez, "balantzea positiboa izan arren, Bilduk ez du egi osoa esan, informazioa ezkutatu eta hainbat datu saihestu ditu irakurketa arrakastatsua egiteko". Bestalde, Bilduk lortutako aurrezkia "ekimen eta jarduera ezaren ondorio" dela esan du EAJk, "aurreko legealditik jasotako proiektuak aurrera eraman besterik ez baitu egin".

Jokin Azkue Tolosako Udaleko EAJren zinegotziak azaldu duenez, Tolosako udaletxeak 25.000.000 euro inguruko zorra zuen Bildu alkatetzara iristean. "Udal gobernuak emandako datuen arabera, zorra erdira jaitsi da azken hiru urteetan. Badirudi, beraz, Bilduk 12.000.000 euro aurreztu dituela, baina errealitatea erabat bestelakoa da", esan du. Izan ere, Azkueren arabera, "Bilduk zorrari gehitu dizkio Tolosako udaletxeak Plaza Berrian etxebizitza babestuak eraikitzeko eta haurtzaindegi berria egiteko eskatutako maileguak". Baina Azkuek gehitu duenez, "ez dute aipatu, besteak beste, Berazubiko lursailak eta etxebizitzak saltzean maileguak deuseztatzen direla". EAJk dioenez, "etxebizitza gehienek eskatzaileak zituzten", beraz, "Bilduk egindako ahalegin bakarra da maileguarekin eraikitako hori saltzea, mailegua amortizatzeko eta hori edonork egingo luke". Azkueren arabera, beraz, "Bilduk aipatutako esfortzu eta kudeaketa ona ez da hainbestekoa izan".

Bestalde, Plaza Berriko etxebizitzen salmenta kudeaketari dagokionez, Azkuek esan duenez, "Bilduk etxebizitza guztiei babesa kentzeko erabakia hartu zuen eraikineko lau etxebizitza tasatu saltzeko zituzten arazoak konpontzeko". Azkueren ustez, "aukera gehiago" zituzten, baina irtenbiderik "errazena" hautatu zuen Bilduk, "beste erremediorik ez zutela aitzakiatzat hartuta".

Elosegi parkea eta horren ondorioz udalak duen zorra ere nabarmendu du Azkuek: "legealdi honetan, 5.000.000 euro ordaindu ditu Tolosako Udalak Elosegi parkearengatik, eta horietatik hiru milioi  EAJk aurreko legealdian sortutako soberakinetik ordaindu dutela aipatu gabe". Ondorioz, EAJren arabera, "Bilduk azaldutako datuak ez dira beraiek esan bezain bikainak, izan ere aurrezteko egin duten esfortzu handi horri ia 8.000.000 euro kendu behar dizkiogu: parkeko 3.000.000 eta amortizatutako maileguen beste 5.000.000".

Bestalde, Bildu egungo legealdian eta EAJk aurrekoan aurrera eramandko proiektuen arteko konparaketa ere egin du EAJk goizean eskainitako agerraldian. "Lehiberri, Voith-Gorostidi, Usabalgo kiroldegia, saltoki berrien sorrera, Euskal Herria plazako gazteentzako bizitokiak, Zumalakarregi kalearen urbanizazioa, Zerkausia eta Solana kalearen eraberritzea, haurreskola berria, Eroskiko oinezkoentzako pasabidea, Oria ibaiko presa puzgarria edota Zumardi Haundiaren biziberritzea, eta hainbat ordenantza eta ekimen gauzatu zituen EAJk". Bilduk berriz, EAJk adierazi duenez, "aurreko legealditik jasotako proiektuak aurrera eraman besterik ez du egin, eta legealdi honetan egingo duen ia ekarpen bakarra hondakinen bilketarako sistema berria izango da".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!