Udako "erokeriak" kontatzen dituen obra antzeztuko dute antzerki tailerrekoek

Tolosaldeko Ataria 2014ko eka. 9a, 13:39
Antzerki tailerreko zenbait kide Elena Aranbarri irakaslearekin batera.
Tic-Tac taldeak 'Días de verano' lana eskainiko du Leidor aretoan ekainaren 13an, 20:30ean hasiko den emanaldian

Udari buruzko lana da 'Dias de verano' antzezlana: "uda da urte osoan norberaren izaerak aldaketarik bortitzena jasan ohi duen garaia. Fantasiak, bizi nahiko genituzkeen errealitatea, paradisuen itxaropena... irudikatzen ditugu eta epea motz horrela gauzatu ahi izaten ditugu, ohiko jarduera eten eta burbuila antzeko batean sartuz".
Tolosako antzerki tailerrekoek, Tic-Tac taldeak, ikasturte amaierako emanaldia eskainiko dute ostiralean, ekainak 13, Leidor aretoan. 20:30ean hasiko da ikuskizuna eta bertan 27 antzezlek parte hartuko dute. "Udako egun pila bat erakusten dira. Esketxetan dago banatuta, eta denak udako istorioak dira, baina bakoitza besteengandik oso ezberdinak dira", azaldu du Lidia Maiz antzezleetako batek. "Azkenean udako  erokeriak kontatzen dira".
Alfredo Sanzolen 'Días etupendos' liburuan dago oinarrituta antzezlana, baina antzerki tailerrekoek bere ukitua eman diote, pertsonaien zerrenda zabalduz, besteak beste. Elena Aranbarri tailerreko irakasleak egindako lana nabarmendu du Alaia Gorostidi tailerreko partaideak: "Berak zuzendu du dena, eta bera arduratu da pazientzia handiarekin antzezle bakoitzak egin behar genuena bideratzen. 27 izanik ez da batere erraza antzerkiak eskatzen duen elkarlan hori gauzatzea".
Tailerreko partaideek azaldu dutenez, jendeak "oso ondo pasako du" eta animatu ditu herritar guztiak bertara joatera. Antzezlana euskaraz eta gazteleraz izango da, eta egingo duten emanaldi bakarra izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!