Kondairen bidetik iritsitako jaia

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko eka. 5a, 16:05

Harri jaia ospatu zuten atzo, beste urte betez, bedaiotarrek. Ustez kazkabarrak behinola Bedaion eragindako txikizio izugarria da festaren jatorria, baina auzotarren diotenez, hamaika eta bat kondaira ibili izan dira festa egunaren bueltan. Kontuak kontu, urteroko hitzordu bilakatu da Aralar azpiko txokoko bizilagunentzat, eta Aszensio egunetik astebetera ospatzen dute.

Mezarekin ekin zioten, atzo, Harri jaiari eta, ondoren, Artubi elkarteak antolatuta, Amets Arzallus eta Julio Soto bertsolariak aritu ziren Abaetxe jatetxean; bedaiotarrei adarra joz eta beren buruaz barre eginez nor baino nor jardun zuten errimen jokoan. Bazkalondoan ere egin zuten saioa, eta, tarteetan, trikiti doinuak ere entzungai izan ziren, eta afari-legea eginez biribildu zuten eguna.

Bedaion jaio eta Bedaion bizi direnez gain, auzoko sustraiak dituzten hainbat ere bertaratzen dira Harri jaira, bizilagunek diotenez: «Egun berezia izaten da, eta hemengo senide edo gurasoak dituztenei ere etortzea gustatzen zaie, hutsik egin gabe».

Horrela, mendeetako istorio, sineste eta kondairen haritik sortutako jaia belaunaldi berrienganaino iristeko lanean ari da, gaur egun, Artubi kultur elkartea. Goizeko jardueretarako 50 pertsona inguru bertaratzen direla diote, eta arratsalde partean elkartzen omen da jende gehien. Kondairen aitzakira sortutako jaiak, beraz, jarrai dezala beste hainbat urte eta mendez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!