Tolosako dendetan erosiz, sari potoloak irabazteko aukera

Iñigo Terradillos 2014ko eka. 4a, 15:09

San Joan jaiak gertu ditugu, eta urtero moduan, Tolosa&Co merkatarien eta ostalarien elkarteak ekimen bereziak prestatzen ditu, Tolosa jai nagusietan «bezeroen fideltasuna saritzeko helburuz». Batetik, zozketak izango dira, eta bestetik, herria girotuko dute egun berezi horietarako.

Aurtengoan, San Joan jaien aurreko egunetara mugatu dute kanpaina, «kontsumoa festa egun horietan egiteko». Ekainaren 3tik 19ra izango da, eta 3.000 euro baino gehiago banatuko dute, erosketa nahiz kontsumo txekeetan. Batetik, 600 euroko hiru sari handi zozketatuko dituzte, eta bestetik, 25 euroko balioa izango duten 50 sari zozketatuko dira. Azken horiek 5 euroko txekeetan banatuko dira, eta ostalaritzako taberna, kafetegi eta jatetxeetan erabiltzeko baliatuko dira.
Zozketan parte hartu ahal izateko, bezeroak saltzaileak emango dion txartela bete beharko du, bere datuekin, eta postontzian sartu. Ekainaren 20an egingo dute zozketa, eta facebook-en eta Tolosa&Co-ren web orrian emango dituzte jakitera irabazleen izenak. 25 euroko saria irabazten dutenek San Joan jaiak egokitzen diren astean egingo beharko dituzte kontsumizioak.
Herria, girotuta
Bestalde, sariekin osaturiko kanpaina egitearekin batera, aurreko urteetan egin moduan, San Joan jaiak girotzeko merkatari eta ostalaritza elkartea osatzen duten bazkideek euren saltokiak apainduko dituzte. Batetik, arkuak banatuko dituzte, dendaren sarreran edo erakusleihoan jartzeko. Bestetik, lizarrak banatuko dituzte ekainaren 24an goizean goizetik jartzeko. «Egun handi horretan, Tolosa jantziz eta apainduz nahi dugu parte hartu», azaldu dute, herritarrak animatuz kalera irten eta saltokiak bisitatzera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!