Amets Arzallus eta Julio Soto Bedaion izango dira etzi, Harri Jaia ospatzen

Asier Imaz 2014ko eka. 3a, 16:30
Iaz, Peñagarikano eta Irazu bertsolariak egon ziren Bedaion
Harri Jaia ospatuko dute ostegunean Bedaion. Egun osoko egitaraua antolatu dute Artubi Kultur Elkarteko kideek, eta besteak beste, Amets Arzallus eta Julio Soto bertsolariak egongo dira auzo-herrian. Mahai inguruko kontuak, Abaetxe Jatetxean eta elkartean egingo dituzte. Musika, aldiz, Miren eta Nagore trikitilariek jarriko dute.

Egitaraua
Ekainak 5, bihar
11:00. Meza.
Ondoren. Hamaiketakoa Abaetxe Jatetxean, Miren eta Nagore trikitilariek alaiturik.  
Goizean. Julio Soto eta Amets Arzallus bertsolariek lehen saioa egingo dute hamaiketakoaren bueltan, Abaetxe inguruan.  
Eguerdian. Bazkaria Abaetxe Jatetxean.  
Bazkalostean. Bertsolarien eta trikitilarien bigarren saioa.  
Gauean. Afaria Artubi Kultur Elkartean.

Sortze datarik ez duen festa da Bedaioko Harri Jaia. Artubi Kultur Elkarteko Jon Balerdiren esanetan, elizkizun bat bezala hasi zen, eta ondoren, festa giroa hartu zuen: «Noiz hasi zen herriko zaharrenek, eta guk ezagututako zaharrenek ere ez dakite, baina eurek beti horrela ezagutu izan dute». Arrazoia bai, ordea. Ahozko transmisioaren bidez, belaunaldiz belaunaldi, hainbat istorio kontatu dira, eta egun, indar gehiena duena ondorengoa da, Balerdiren hitzetan kontatuta: «Bedaion kazkabarrak txikizio izugarria egin zuen urte batean. Elizak indar handia zuen garai hartan, eta mezak egunero egingo ziren. Data horren inguruan, ordea, meza berezia egingo zuten, eta gerora, elizkizunari hamaiketakoa edo bazkaria gehitu zitzaion». Istorio horrek baditu beste hainbat bilakaera, Artubiko Kultur Elkarteko kidearen esanetan: «entzun izan dugu urte batean beharrean, bi urtetan izan zela txikizioa, eta data antzekoetan. Edo baita elizkizuna ez egitea erabaki, eta urte horretan berriro kazkabar jasa handia izan zela».


Harri Jaia beti ostegunetan izaten da, eta ilargiaren egutegiarekin dauka lotura. Aszensio eguna ostegunetan izaten da, eta Bedaioko festa, data horretatik astebetera.

Mendeetako ohitura indartzeko asmoz antolatzen dute Harri Jaia Artubi Elkartekoek, eta 50 lagun inguru elkartzen dira azken urteetan bazkarian. Arratsaldean jende gehiago gerturatzen da, eta eguraldiak lagunduz gero, Bedaion giro ederrean ospatzen dute osteguneko egun seinalatua. Harri Jaiarekin bat egin nahi dutenek, bertara azaldu besterik ez dute, ez baita izenik eman behar ez bazkaltzeko eta ezta afaltzeko ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!