Norbere maskotarekin, festarako egitaraua prest dute kuadrillek

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko maiatzaren 30a

Ekainaren 21eko herri-bazkarian parte hartzeko txartelen salmenta hitzorduak ere zehaztu dituzte.

Urteroko moduan, iazko bazkarian parte hartutako hainbat kuadrillen artean antolatzen ari dira aurtengo kuadrilla eguna. Ekainaren 21ean izango da festa koloretsua eta, lanaren poderioz, osatu dute jada egitaraua, kartela eta leloa.

Maskota ezarri zuten gaitzat eta, horren harira, kartel eta lelo lehiaketa antolatu ere bai. Sare sozialetan izandako harrera honari tiraz, kartel eta lelo onena aukeratzeko Facebookeko bozkez baliatu ziren, batetik, eta antolatzaileen iritziaz, bestetik. Horrela, Eneritz Yarzak diseinatu du 2014ko kuadrilla eguna iragarriko duen kartel orijinala, Kontuz, maskotak! lelopean. Aipatzekoa da, antolatzaileek jai egunean bertan emango diotela saria.

Horren harira, herri-bazkariak parte hartzeko txartelak ere laster jarriko dituzte salgai. Lehen asteburua hurrengoa izango da, ekainaren 6 eta 7koa. Ostiralean 19:00etatik 21:00etara bitarte izango dira Orbela tabernan eta, larunbatean, berriz, 12:00etatik 14:00etara. Azken bi hiztorduak, halaber, ekainaren 13an eta 14an ezarri dituzte eta ordutegiak ere berberak izango dira, hurrenez hurren.

Aurtengo antolatzaileek bazkarian parte hartu ahal izateko adinaz ohartarazi nahi izan dute, batetik: 1997an edo lehenago jaiotakoek soilik erosi ahal izango dituzte bazkari txartelak. Bide beretik, eta maskotaren gaiak sortutako zenbait ideien harira, ezin izango da animalia bizidunik erabili ezarritako gaiari begira. Azkenik, bazkarirako udalak utziko dituen plastikozko edalontziak Euskal Herria plazako irteeran itzultzea eskatu dute.

Goizetik gauera, maskotekin dantzara

Egitarau oparoa prestatu dute interes, afizio eta adin guztien neurrira. Hona hemen ekainaren 21eko kuadrilla eguneko jarduerak:

11:00. Tolosako kuadrilen egunaren hasiera, Plaza Berrian. Txosnagunean hamaiketakoa, Bonberenea Txarangak eta Giro Arte dultzaina taldeak girotuta.
12:00. Kuadrila eguneko txupinazoa Abastoseko eraikinetik. Kalejiran ibiliko dira ondoren.
14:00. Kuadrilen herri-bazkaria Euskal Herria plazan.
16:30. Erromeria, Euskal Herria plazan, Zesuma taldearen eskutik.
18:00. Larrain dantza Tolosako Dultzaineroak taldearen eskutik, Euskal Herria plazan.
18:30. Kalejira Mulanbo perkusio taldearen eskutik, Euskal Herria plazatik Plaza Berriraino.
20:00. Plaza Berria Rockalean elektrotxaranga.
23:30. Plaza Berrian Humus eta Zea Mays taldeen kontzertuak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!