Etxebizitza berriak sortu beharrean, dagoena ondo kudeatzeko neurriak

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko mai. 29a, 11:54
Alde Zaharrean egoera txarrean dauden eraikinak birgaitzeko balioko du ordenantzak.
Etxebizitza hutsak merkaturatzeko araudi berria aurkeztu du udalak, alokairua sustatuz; era berean, hondamen egoeran dauden etxe nahiz orubeak eraberritzeko ordenantza ere martxan jarriko dute.

«Etxebizitza politika berri batera» iristeko pausoak abiarazi ditu Tolosako Udalak eta, horrela, bi neurri berri aurkeztu dituzte. Etxe hutsak merkaturatzea eta aurri edo hondamen egoeran dauden etxe nahiz orubeak eraberritzea izango da udalaren helburua, araudi eta ordenantza banaren bitartez. Ibai Iriarte alkateak nabarmendu duenez, «etxe berriak sortu beharrean, badagoena ondo kudeatzeko asmo politiko garbia» azaldu nahi dute.

Legealdia hasi zutenez geroztik, etxebizitzen politika berritzeko esfortzua egin dutela azpimarratu du Iriartek eta, horren adibide, etxe hutsetako Ondasun Higiezinen Gaineko Zergari ezarritako %50eko errekargua gogora ekarri du.

Tolosan, etxebizitzen %8 dago hutsik eta, egoera ekonomikoa kontuan hartuta, irtenbideak proposatu nahi izan dituzte. Batetik, etxe hutsak merkaturatu eta alokairua sustatuko duen araudia aurkeztu dute eta, bide beretik, aurri edo hondamendi egoeran dauden higiezin eta orubeak eraberritzeko ordenantza ere plazaratu du Tolosako Udalak.

Programa horietan parte hartzeko bi zerrenda irekiko ditu udalak, jabeentzat bata eta maizter izan nahi dutenentzat bestea. Irailera bitarteko epea izango da izena emateko eta, irailean, etxeak esleituko dituzte. Informazio zehatzagoa jasotzeko Hirigintza Sailera jo daiteke, 943 69 74 51 telefonoa edo hirigintza@tolosakoudala.net helbidea erabiliz.

Merkatua biziberritzeko aukerak

OHGZren errekargutik bildutako diru kopurua baliatuko du, Tolosako Udalak, alokairua sustatzeko planari begira. Horrenbestez, 70.000 euroko partida bideratu dute horretara, eta hutsik dauden etxebizitzetako jabeei diru-laguntzak eskainiko dizkiete hortik: «Merkatua ez dago bere onenean, eta jabe askok ezin dute inbertsiorik egin etxea merkaturatzeko», dio Ibai Iriartek.

Horrela, jabeen etxeetan ikuskatze bat egingo luke udalak, higiezinek obrarik behar ote duten edo ez erabakitzeko. Obrarik beharko ez luketen etxebizitzetako jabeei OHGZren %50eko hobaria emango lioke udalak, laguntza gisa. Kasu horietan etxeek hiru urtez egon beharko lukete alokairuan, eta prezioa ere udalak zehaztuko luke: «Metro karratuko 6,5 euroko prezioa ezarri dugu, eta horrekin batera, trasteleku edo garajeren bat duten etxeetan, metro karratu bakoitzeko 2 euroan igoko litzateke prezioa».

Aipaturiko ikuskatze horretan obra egiteko beharra duten etxeak ere izango dira, ordea, eta orduan handiagoa izango da, noski, udalak jabeei eskainiko dien laguntza.

Hasteko, OHGZren %50eko hobaria emango diete jabeei eta, halaber, udalak aurreikusitako obrak duen kostuaren %25 ere jasoko lukete jabeek. Oro har, 9.000 euroko diru laguntza eskainiko du udalak, eta Alde Zaharreko, Euskal Herria plazako nahiz Bidebietako etxebizitzen kasuan, obra egiteko diru laguntza 12.000 eurokoa izango da.

Obra bidez eraberritutako etxeen kasuan, bost urtez egon beharko dute udalak ezarritako alokairu-prezioen pean: 70 metro karratu bitarteko etxeetan, metro bakoitzak 6,5 euroko prezioa izango du eta, gainontzekoetan, berriz, 6 eurokoa. Aipaturiko trasteleku eta garajeen gainbalioaz gain, igogailua izateak edo ez izateak ere baldintzatuko du etxebizitzetako alokairuen prezioa: igogailurik ez izateak %10 jaitsiko du alokairu-prezioa.

Horrenbestez, 600 eurokoak izango dira, gehienez ere, udalak ezarritako alokairuak: «Arrakasta izaten badu, merkatu libreko alokairuen prezioak ere honetara egokituko dira eta familia askoren irtenbide izan daiteke», dio Iriartek.

Eraberritu, bizia emateko

Etxe hutsak merkaturatzeko ahaleginarekin batera, Tolosako Udalak irtenbide bat eman nahi die aurri egoeran dauden higiezin nahiz orubeei. Lehendik ere bazen Lurraren Gaineko Araubidea. Normalean, ordea, ez da horrekin ezer egiten, prozedurak zehaztu gabe egoten baitira. Orain ordenantzarekin zehaztu dute guztia.

Helburuetara iristeko hiru bide eskaintzen ditu legeak. Lehenik, lehiaketa bidezkoa legoke. Hirugarren batek lehiaketa bidez aurri egoeran dagoen etxe edo orubea erosiko luke, baina udalak jarriko lizkioke baldintzak, interes publikoko higiezinari erantzun bat emateko.

Bigarrenik, nahitaezko salmentaren aukera dago. Udalak egingo luke salmenta eta, lehen salmenta horretan higiezina hutsik geratuko balitz, bigarrenean prezioa %25 jaitsiko litzateke.

Azkenik, desjabetzearen aukera ere bada. Udalak zuzenean bereganatuko luke etxebizitza edo orubea, interes publikoen arabera kudeatzeko.

Birgaitze lanak gauzatzeko epeak ere zehaztu dituzte. Orubeen kasuan, oro har, urtebeteko epea izaten da. Etxebizitzei dagokienez, berriz, bi baldintza beharko dituzte udalaren laguntza jasotzeko. Obraren aurrekontuak handiagoa izan beharko du, %25 edo gehiagoan, eraikin osoa berriztatzeko balioak baino. Bestela, Eraikinen Azterketa Teknikoak higiezina egoera arriskutsuan dagoela esan beharko du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!