Osasun publikoaren eta edoskitzearen aldeko mozioak, aurrera

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko mai. 28a, 12:30
Ikurrinaren aldeko mozio adostua ere hizpide izan zen

Atzo izan zen hileroko ohiko osoko bilkura Tolosako udaletxean eta, besteak beste, TOPA koordinakundeak eta Altzoan elkarteak aurkeztutako mozio bana onartu zituzten.

Osasun publikoaren inguruko eztabaidan mozio alternatiboa ere aurkeztu zuen EAJk, baina ez zen onartua izan. Horrela, betiko eztabaida bizi izan zuten ulda ordezkariek, eskualdeko osasun zerbitzuaren kudeaketaren inguruan. Koordinakundeak eta udal gobernuak lan mahaia osatzea eskatu zuten, eta baita espezialitateak anbulatorioa itzultzea ere, izan ere, " hori pribatizazioa da eta ez kontzertazioa, bazegoen zerbitzu bat desagertarazi eta pribatura eraman baitute", azaldu zuen Iriarte alkateak.

Horrekin batera, ekainaren 7an Tolosan egingo duten eskualdeko manifestaziorako deia egin zuen bai koordinakundeak eta baita udal gobernuak ere.

Adostasun handiagoa azaldu zuen udalbatzak Altzoan elkarteak aurkeztutako mozioaren aurrean. Azkenaldian zenbait leku publikotan haurrei bularra emateko izandako arazoen ondorioz aurkeztu zuten testua eta, bide horretan, aldarrikapenerako gune bilakatu zen pleno aretoa: "Emakumeei edozein leku publikotan bularra emateko eskubidea onartzea nahi dugu eta baita edoskitzea aitzat hartzea ere, oraindik gaizki ikusia baita sarri. Hori guztia gertatzen ez bada, udalak neurriak hartzea ere eskatu nahi dugu".

Emakume eta haurren eskubidetzat jo zutenarekin bat etorri ziren EAJko Olatz Peon eta Bilduko Miren Urkola eta, biek ala biek, eskubide hori defendatu eta gizarteratzearen aldeko hitzak esan zituzten plenoan. Horrela, beraz, edoskitzeari ateratako zenbait argazki jarriko dituzte Tolosako leku publikoetan, gizartzeratzerantz.

Ikurrinarekin ados, neurri batean

Tolosako Udalari iritsi zaio Espainiako bandera udaletxean jartzeko azken agindua eta, beraz, ekainaren 2an jarri beharko dute ikurra. Horren aurrean mozio adostua aurkeztu zuten EH Bilduk eta EAJk, atzoko osoko bilkuran.

Herri bakoitzak bere ikurrak aukeratzen dituela nabarmendu zuten testuan, baina inposatuak ezin dutela izan. Horrela, Espainiako banderak ez du tolosarren gehiengoa ordezkatzen udal ordezkarien gehiengoaren arabera: "Koloreak ez ditugu gutxiesten, beren lurraldean zilegi dira, baina gureak erabiltzen utz diezagutela".

Hasiera batean adostasunez irakurritako testuaren ondoren, ordea, EAJko Jon Aldazabalek bere ama Mirentxu Etxeberriak idatzitako testu bat irakurri nahi izan zuen, 1989ko banderen gerra gogora ekarriz. Jarraian irakur daitekeen testuan, Etxeberriak "harriduraz" ikusten du gaur egun Bilduk Espainiako bandera "naturaltasunez" udaletxeetan ezartzea. (Albiste honekin batera irakurri ahal duzue, Mirentxu Etxeberriaren gutuna)

Esan horien aurrean, Ibai Iriartek argi azaldu zuen bere iritzia: "Iraganari begira nekez eraikiko dugu etorkizuna eta, kasu honetan, euskal herritarron arteko talka eta gatazka sortzea da Espainiako gobernuaren eta Urkijo jaunaren asmo bakarra. Mina askok dugu, baina horren bidez ez da ezer eraikitzen. Beraz, argi eta garbi dugu Espainiako bandera ez dela gure ikurra, inposaketa bat dela eta ez garela probokazioetan eroriko".

Horrenbestez, mozioa onartuz eman zuten, larunbatean, 12:00etan, ikurrinaren alde egingo duten ekitaldiaren berri, herritarrei bertaratzeko deia eginez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!