«Datorren urtea gogorra izango da, baina batasuna mantendu behar dugu»

Mikel Iraola 2014ko mai. 28a, 12:39
Jon Azaldegi, Goar Artetxe eta Koldo Arsuaga
EBArako igoera lortuta, hausrnarketa unea da TAKE-n. Koldo Arsuaga, Goar Artetxe eta Jon Azaldegi taldeko kideek urtea izan denaz eta datorrenaz hitz egin dute Atarian. Elkarrizketa etzi entzun ahal izango da, kirolari eskainitako Eutsi Goiari irratsaioan 12:45ak inguruan.

Bere 25. urteurrenean historia egin du TAKE-k, inoiz lortu duen mailarik gorenean lehiatuko baitu datorren denboraldian. Atzetik lan handia du lorpen honek, eta geratzen zaio. Ez da urteroko udara izango aurtengoa. Igoera hau bizitzeko hiru ikuspuntu bildu ditugu: batetik, klubeko presidente Koldo Arsuagarena; taldeko beterano Goar Artetxeren, bestetik; eta, azkenik, jokalaririk gazteenetako batena, Jon Azaldegirena. Sentimenduak, aldiz, bakarrak dira.   


Duela 25 urte, TAKE hasi zenean, urrun ikusten zen EBA, ezta?
Koldo Arsuaga: Ez zegoen ligarik, estruktura ezberdina zen. Hala ere, taldea sortu genuenean, idea xume bat zen, herriko jendek kirola egin zezan, eta saskibaloia gustuko zutenek jokatzeko egitarau bat izateko.


Zer da EBAra igotzea etxeko taldearekin, taldeko beteranoarentzat?
Goar Artetxe: Ez dakit taldeko gazte jendea konsziente ote den lortu dugunaz. Azpeitian jokatu nuenean ere lortu genuen, baina herriko jende eta zaletuekin lortzea oso pozgarria da.


Taldeko gazteak konsziente al dira?
Jon Azaldegi: Ikusita aurreko hiru urteetan taldeak maila zuela eta ez zuela lortu, laugarren honetan lortzeak balio izan du ulertzeko baduela zailtasun bat. Agian egia da aurreko urteetan ez garela konturatu hortaz.


Agian hemendik urte batzuetara?
G.A.: Bai, urteekin konturatuko gara. Baina, esan nahi nuena zera zen, urte askotan jokatu dugula asko sufrituz, beheko postuetan, ez jaisteko. Kanpora joan eta jipoiak jasotzen genituen... Gazteek ez dute hori bizi.
K.A.: Ni konturatu naiz, garai batean klubean oso murgilduta izan den jendea, Jimmy edo Juanmari, betidanik hor izan diren horiek hartu duten poza sekulakoa izan dela. Nola ospatu duten ikustea izugarria izan da. Uste dut jokalariei baino ilusio gehiago egin diela klubeko pertsona horiei.


Nolakoa zen saskibaloiaren egoera Tolosan duela 25 urte?
K.A.: Tolosa CF-ren barruan zegoen kirol guztia. Arazo batzuk tarteko ezin izan genuen bertako sekzio bat izan eta legalki talde bat sortu behar izan genuen. Laskorain ikastolan eta Eskolapioetan egiten zen gehien saskibaloian eta elkarlanean hasi ginen. Egun batean, notaritzara joan ginen bost lagun eta horrela sortu zen. Helburuak oso xumek ziren: jendeak kirola egin eta kategoria baten taldea izatea, saskibaloian jokatzeko.


Zein bilakaera izan du?
K.A.:  Bi fase izan ditugu. 12-14 urte iraun zituen lehenak. Erregional mailan hiru urte egin eta txanpa bakarrean lehen nazional mailara igotzea lortu genuen. Agian azkarregi joan zen, baina belaunaldi ona izan zen. Beheko mailak oso gutxi landuta zeuden, eta ondorioz, hutsuneak izaten hasi ginen. Herri jendeaz gain, kanpokoa ere bazen, eta horrek proiektua berplanteatzera eraman gintuen.


Hori izan zen bigarren fasea?
K.A.:  Bai. Beheko taldeak sortu eta oinarria hori izatea pentsatu genuen. Formakuntza lantzen hasi ginen, neskak ere ekarri genituen taldera... Argi genuen atzetik inor ez bagenuen, noizpair erori egingo ginela. Gaurko taldeak beheko lan guzti hori islatzen du, hori gabe, ezinezkoa litzateke eta. Orain jende asko daukagu atzetik.


Zenbat lagunez hitz egiten ari gara?
K.A.:  Jokalariak eta umeak gehituta 250 inguru gara. Gero 25 entrenatzaile inguru dauzkagu, eta kirol arlotik kanpo lanean beste 15 bat. Guztira, ia 300 pertsona izango gara.


Jokalari bezala nola bizitu izan duzue bilakaera hori?
G.A.: 90eko hamarkada horretan taldeak oso ondo funtzionatu zuen. Epe motzeko bidea zen, ordea. Antzeko egoera bizi izan nuen Azpeitian. Beheko estruktura egin gabe zeukaten. Lehenengo taldearen arrakastaren ondorioz hasi ziren harrobia lantzen, eta gaur egun Azpeitia erreferente izatera iritsi da Euskal Herria mailan.


Hau entzunda kontziente da orain hiruotatik gazteena dena lortutakoaren garrantziaz?
J.A.: Osaba Kike ‘Todoterrenoa’ txikitatik jokatzen ikusi izan dut Goarrekin batera Berazubin. «Kike Aralar!» oihu egitera joaten ginen. Koldok aipatutako lehen fase horren maila gorena zen hura. Kontziente nintzen Berazubin jende asko biltzen zela. Bigarren fasea ere gogoratzen dut. Neurketa bat dut buruan zehazki, mailaz erabat jaitsita zeudena. Taldeak beste bide bat hartu zuela ikusten zen. Barrutik beranduago hasi nintzen arren, kanpotik bai ikusi ahal izan dudala aldaketa hori. Esan daiteke, beraz, kontziente banaizela, bai.


Aurtengoan zentratuta, eta apur bat galduda daudenak kokatzeko, zer da EBA liga?
G.A.:  Azpeitian bizi izan nuenean erdi profesionala zen, jokalari guztiek, gutxiago edo gehiago, kobratu egiten zuten. Udalak adibidez, maila ez galtzeko inbertsio handia egin zuen, eta azken zazpi jardunaldiak jokatzeko jokalari amerikar bat fitxatu zuten. Gaur egun ez du horrenbesteko maila. Oso urte gogorra izango da. Urte asko daramatzaten taldeak daude. Profesionaletan sartzeko azken pausoa da. Helburua maila mantentzea eta mailaz disfrutatzeaizango da.


Disfrutatzea aipatuta, aurten ere difrutatuko zenuten, ezta?
J.A.: Aurten lehenengoz, inoiz baino gustorago nengoenaren sentsazioa izan dudala. Egia da psikologikoki zaila izan dela, helburu bat finkatu genuelako eta hori lortzeko sufritu egin behar izan dugulako. Baina etxera joatean beti pentsatu izan dut zenbat gozatzen ari nintzen.
G.A.: Talde luzea izatea mesedegarri izan zaigu, eta maila ona eman dugu. Lantalde bat izan gara, ez da bat bestearen gainetik izan.
K.A.: Ikusle bezela, ikusgarria.


Presioa nabaritu izan duzue?
G.A.:  Partida asko nahiko erraz atera ditugu aurrera. Ointxeren denboraldia ere oso ona izan da, eta azken hilabeteak zailak izan dira. Baina egia da kantxatik harmailetatik baino gutxiago sentitu izan dugula presio hori. Arrasaten adibidez hori gertatu zen.  


Helburua lortuta, azken partida irabazi ondoren hitz batzuk eskaini zenituzten, eskerrak emanez. Taldea nabarmendu zenuten. Zer da zuentzat taldea?
G.A.:  Azken finean kuadrila bat gara. Ordu asko pasa ditugu elkarrekin. Entrenamenduez gain, elkarrekin joaten gara afaltzera edo parrandara. Giro hori eskertzekoa da. Denok izan dugun jarrera hori islatu da kantxan.
J.A.:  Jubeniletan sartu nintzenetik, arreta deitu zidan TAKE osatzen zuten pertsona askok, klubaren alde egiten zutela lan. Hau da, TAKEko jendeari, TAKEko jendea inporta zaiola.


Orain bulegoetako lana dator...
K.A.:  Maiatza osoa disfrutatzeko utzi dugu. Orain Euskadiko Federazioko konpetentzia izatetik, Espainiakoarena izatera pasatzen gara, eta teknikoki gauzak aldatu behar dira. Esfortzu ugari eskatzen du. Esaterako, jokalariek kobratu gabe, eta gauzak gaur egun bezala eginez gero, aurrekontua bikoiztu egiten da. Ateak jotzen hasi behar dugu orain. Lana datorkigu, eta laguntza beharko dugu.


Kirol arloan, izaera mantenduko da ala fitxaketaren bat egingo da?
G.A.:  Presidentea hemen dagoela aprobetxatuz, jokalari amerikar bat eskatu nahiko nioke. (Barreak)
J.A.:  First-eko azterketa dut ekainean, eta argi geratu dadila amerikar horrekin hitz egiteko egingo dudala.
K.A.:  Txantxak alde batera utzita, pena litzateke hainbeste desiratutako lorpen bat, lortu ez duen jendeak gozatzea. Lortu duen jendearentzat sari bat izan beharko du.


EBAn jokatzeaz gain beste saririk izango da?
K.A.: Bidaia luzeak dauzkagu, eta asteburu batzuk kanpoan geratuko gara horrek dakarren guztiarekin. Ni neu naiz parrandara animatzen den lehena (barreak). Hala ere, ez nuke aipatu gabe utzi nahi aurtengo urtea oso polita izan dela, baina datorrenean lan handia egin beharko dela. Bidai luzeak dauzkagu: Salamancara, Valladolidera, Kantabriara... Oso gogorra da 20-25 puntuz galduta karreteran sartzea. Argi izan behar dute jokalariek aurten taldean erakutsi duten batasuna mantendu behar dutela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!