Mikel Arruabarrena: "Eibar lehen mailan egotea lagungarria da futbolarentzat"

Asier Imaz - Mikel Iraola 2014ko mai. 26a, 16:36
Bere kirol bizitzako egunik alaiena izan dela aitortu du Eibar futbol taldeko kapitain tolosarrak. Ez da gutxirako armaginek lortu dutena, askok euskal futboleko balentriarik handiena bezala definitu baitute.

Bigarren mailako denboraldia amaitzeko hiru partida falta ziren atzo. Eibar bigarren postuan zegoen 64 punturekin, Deportivo lider 66rekin, eta Las Palmas hirugarren, 60 punturekin. Mailaz igotzeko aukera izan bazuen Eibarrek, baina horretarako, bere partida irabazteaz gain, beste biek ez zuten garaipena lortu behar. Emaitzetan bat-bateko aldaketak jazo ondoren, lehen mailarako txartela lortu zuen talde armaginak. Mikel Arruabarrena tolosarra taldeko kapitaina da.

Twitter-en idatzi duzunez, zure kirol bizitzako egunik alaiena izan zen atzokoa.   
Horrela da. Urte asko daramatzat futbolean, eta azken bi urte hauetan gertatu dena handia izan da. Iaz bigarren mailara igotzea lortu genuen, eta aurten, lehenengora. Eibar oso talde humila da, eta inork ez zuen pentsatzen horrelakorik. Kirol bizitzako momenturik onena izan da.   

Nola bizitu zenuen eguna?
Oso luzea izan zen. Partida 20:00etan genuen, baina orduak ez ziren pasatzen. Azkenean iritsi zen eta guk gure lana egin genuen, baina kostata, ez baitzen batere erraza izan. Deporrek galdu arren, Las Palmas 2-0 irabazten zihoan, eta dutxatu eta etxerako bidea hartzekotan ginen; hurrengo astean pentsatzen jarrita.  Bost minututan bina jarri ziren, eta denak han gelditu ginen, partida nola bukatzen zen jakiteko.

Emaitza guztiak lagun izan zenituzten azken unean.  
Bigarren maila partida bati buelta ematea oso zaila da, eta ez genuen esperantza handirik, baina hori gertatu zen, eta gu, lehen mailara.    

Ospakizunak orduan hasiko ziren.   
Talde kideak zelaira irten eta jendea ikusi genuen bertan. Haien oihu bakoitza gol bat zen, eta bigarrena iritsi zenean denak adi jarri ginen. Hirugarrengoarekin festa hasi zen, ia sinetsi ezinik guztiok saltoka eta abar. Oso zaila zirudien, baina eguna behin pasa ondoren, errealitatea dela ikusten duzu.     

Denboraldi izugarria egin duzue.
Talde oso erregularra daukagu, eta goran jarri ginenean, hor mantendu behar genuela esaten genuen, baina pattalaldiren bat espero genuen. Ez genuen uste bukaera arte irauterik. Azkenean, ordea, nire ustez, indartsuen amaitu dugun taldea izan gara. Konfiantza handiarekin eta puntu gutxi galduz ibili gara. Orain gozatzea tokatzen zaigu.

Iaz igo zineten bigarren mailara. Denboraldi hasieran, norbaitek hau lortuko zenutela esan balizu, zer erantzungo zeniokeen?
Ea eroa al dagoen esango nion; gure taldearen aurrekontuari begiratzeko; bigarren mailan dauden beste taldeak zein diren ikusteko... Baina hori da futbolak duen gauza politena, inoiz ez dakizula zer gertatuko den. Nire ustez, Eibar bezalako talde bat lehen mailan egotea, futbolarentzat ere lagungarri izango da.

ENTZUN ELKARRIZKETA OSOA

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!