Tolosak hartuko du, 2016an, EMYA kongresua

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko mai. 26a, 12:56
Topic zentroan eman dute berria.
Europako Museorik Onenen izendapena duten museoetako 150 ordezkarik parte hartuko dute, 2016ko museorik onena aukeratzeko.

2016. urtean Tolosan erabakiko dute Europako Museorik Onena zein izango ote den. Topic zentroan atzo jakinarazi zutenez, EMYA kongresua bertan ospatuko dute bi urte barru, eta Ibai Iriarte Tolosako alkatearekin eta Idoia Otegi Topic zentroko lehendakariarekin batera, Clara Montero Eusko Jaurlaritzako Kultura zuzendaria, Arantza Madariaga Basquetour-eko zuzendaria eta Garazi Lopez de Etxezarreta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendaria izan ziren. Horrela, guztiek bat egin dute kongresuak Tolosari nahiz Gipuzkoari ekarriko dion onura ekonomikoa nabarmentzerakoan.

Berria «urteetako lanaren fruitua» da Ibai Iriarteren ustez eta, bide horretan, zorionak eman dizkie Topic-eko arduradunei: «Kongresuaren bitartez Tolosa erreferentzia izan daiteke hemendik kanpo, baina, era berean, bertako komertzioa eta ostalaritza ere asko sustatuko ditugu».

Hari horri tira zion, bere aldetik, Arantza Madariagak, horrelako egitasmoak hirietatik herrietara eramatea azpimarratuz: «Horrelakoetan hiriburuekin pentsatzen dugu beti, baina kongresuetako lana herri txikiagoetara ere eraman daiteke. Gainera, Topic-ek azpiegitura egokia du jardun hori hartzeko eta kongresuak biderkatu egingo du gure herriaren izen ona».

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendari Garazi Lopez de Etxezarretak ere egitasmo entzutetsu guztiak Gipuzkoako hiriburuan ez zentralizatzea izan du hizpide: «Aldundiak oso argi dauka ez duela Gipuzkoa zentralizatu bat nahi eta, bide horretan, Tolosa kulturaren zentroetako bat da».

Azkenik, Topic zentroko Idoia Otegik eskerrak eman nahi izan dizkie erakunde guztiei: «Baliabideei dagokienez museo xumea gara, baina ilusioz eta lantaldez aberatsak garela esan dezakegu, eta horrelako gauzek islatzen dute lanerako gogo hori». Harrotasunez hartu dute EMYA kongresua Tolosan ospatzea, horrek Europako museo onenetako ordezkariak bertaratzea ekarriko baitu: «Horixe da, beraz, orain dugun erronka handienetakoa: 2016rako guztia prestatzea».

Aipatzekoa da EMYA kongresuak Europa osoko 150 museo-ordezkari bertaratuko dituela Tolosara, eta eskualdeko nahiz Gipuzkoako museoak ezagutuko dituztela, 2016ko maiatzaren 11tik 15era bitarte.

Aurten Tallinen (Estonia) izan da Europako Museo Onenen kongresua, eta bertan erabaki zuten bi urte barruko egoitza Tolosa izatea.

 

 
 

CDN-rekin hitzarmena sinatu du TOPIC-ek

Topic-ek lankidetza hitzarmena sinatu du Espainiako antzerki etxearekin, Centro Dramático Nacional delakoarekin. Honen arabera, txotxongiloen munduarekin zerikusia duten jarduerak antolatuko dituzte elkarrekin.

Topic-ek argitu duenez, hitzarmenak programazio, erakusketa, hitzaldi, tailer, ekoizpen bateratuak eta abar antolatzea aurreikusten du. Tolosako txotxongiloen etxeak, halaber, txotxongiloen inguruko aholkua emango dio entitate honi.

"Oso albiste ona da guretzat, prestigio handiko entitatea baita. Gainera, gure aktibitatea gehiago garatzeko aukera ona da" azaldu du Idoia Otegi, zentroko zuzendariak.

Hitzarmenak lau urteko iraupena izango du, eta datorren ekainaren 25ean aurkeztuko dute Madrilen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!