Kirolaren aurpegi ludikoena prest, tolosarren uda betetzeko

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko mai. 23a, 12:25
Ekainaren 30ean abiaraziko dute aurtengo udako kirol eskaintza zabala; kanpoko igerileku eta solariuma, berriz, ekainaren 15etik aurrera erabilgarri izango dira.

Atseden hartzeko eta aisia afizioz betetzeko erabili ohi da uda. Tarte horietan guztietan kirola txertatu nahi duten herritarrei begira, kirol eskaintza zabala aurkeztu dute Usabal kiroldegian, zentroko langileek eta Tolosako hianbat kirol taldetako ordezkariek. Haur, gazte eta helduei begira, kirolaren alderdirik ludikoena jorratuko dute hamabostaldiz hamabostaldi antolatutako ikastaroetan, ekainaren 30ean hasita.

Uda-giroari lehen keinua kanpoko igerilekuek egingo diote, ekainaren 15ean zabalduko baitituzte solarium nahiz igerilekuak eta, horiekin batera, igerilekuko liburutegia eta tabernatxoa ere bai. Asier Martin Usabalgo kudeatzaileak azaldu duenez, "oso errotutako ikastaroak" dira udakoak, eta harrera beroa jasotzen dute tolosarren aldetik. Batetik, gaztetxo eta helduei begirako saioak izaten dira eta, halaber, haurrek ere izaten dute hamaika kiro ezagutu eta egiteko aukera.

Urte osoan zehar egin ezin dituzten kirolak ezagutu ahal izango dituzte herritarrek, ikastaroen eskutik, eta horretan bat etorri dira kirol taldeetako Ioana Alijostes eta Nerea Pagoa: "Urte osoan egiten ez dutena ezagutzeko eta lehen kontaktu hori izateko oso aukera ona izaten dute erabiltzaileek, modu ludikoago batean".

Betiko kirolez gain, berrikuntza nabarmenak ere gehitu dizkiote 2014ko udako eskaintzari eta, guztira, honakoak dira Tolosatik mugitu gabe egin ahal izango diren ikastaroak: igeriketa, dantza eskola, kirol ludoteka, futbol stage-a, basket stage-a, padela, tenisa, eskalada, skate eskola, slackline-a, piraguismoa, arrauna, zaldiketa nahiz pilota eskola.

Izen-emate guztiak zabalik dira jada eta Usabalgo leihatilan, telefonoz nahiz Facebook bidez eman ahal izango da izena. Lau hamabostalditan banatu dituzte ikastaroak eta, beraz, ekainaren 30etik uztailaren 11ra bitartekoa, uztailaren 14tik 25era bitartekoa, abuztuaren 1etik 14ra bitartekoa eta abuztuaren 18tik 29ra bitartekoa izango dira kirolak egiteko epeak.

Informazio gehiago eskuratu nahi duenak, www.usabalkiroldegia.com atarian izango ditu ordutegi eta saioen zehaztasun guztiak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!