Bisigua, Orio estilora, elkarte tolosarren gerizpean

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko mai. 22a, 12:03
Txinparta elkartean aurkeztu dute aurtengo Bisiguaren festa.
Seigarren urtez Orio eta Tolosaren arteko elkarlanak ekarriko du, Bisiguaren Festa, datorren asteburura. Aurten, gainera, hiru elkarteren artean prestatu dute hitzordu gastronomikoa.

Txinparta elkartean aurkeztu dute maiatzaren 30ean hasi eta ekainaren 1era bitarte gozatu ahal izango den Bisiguaren festa. Egitasmoa Zerkausian hasi zen arren, lekua handiegi geratu, eta Txinparta elkarteak hartu izan du, azken urteotan, oriotar parrillak lehorrera ekartzearen ardura. Hain zuzen ere elkarte horretan azaldu dituzte jaiaren nondik norakoak, Hasier De los Rios zinegotziak, Iñaki Letamendia Txinpartako ordezkariak, Sonia Tapia Casinoko ordezkariak, Periko Gomez Gure Txokoako ordezkaria eta, nola ez, Jose Migel Zendoia eta Luis Mari Uranga Orioko parrilleroek.

300 pertsonari jaten emango diote, horrela, datorren asteburuan eta, ezinbestean, bisigua izango da jaki  nagusia: "Merkatuan dagoen bisigurik onena erabiliko dugu, Tarifakoa", azaldu du Katxiña erretegiko Zendoiak. Genero ona eskuetan dutela, beraz, 150 bisigu erreko dituzte oriotarrek, hain berena duten trebeziaz. Hilaren 30ean afariak bakarrik izango dira eta, larunbatean, berriz, eguerdian nahiz gauean dastatu ahal izango da otordua. Azkenik, ekainaren 1ean, igandearekin, bazkariek biribilduko dute asteburua.

Menuari dagokionez, bisiguaz gain bestelako jakiak ere dastatuko dituzte, 45 euroren truke, txartela eskuratzen dutenek. Antxoak gatzetan izango dira lehenik, eta tomate entsalada eskainiko dute, gero, hegaluzearekin. Jarraian, zainzuriak izango dira eta ondoren prestatuko dute bisiguam Orio estilora. Azkenik, Bixigoxo postreak jarriko dio gozo ukitua otordu bakoitzari. Esan gabe doa, ardoa, ura eta kafea ere eskainiko dizkietela bertaratuei.

Bisiguaren festan menu hori dastatu nahi dutenek Tolosaldea Tour-en eskuratu beharko dituzte txartelak; 60 bakarrik geratzen direla jakinarazi dute antolatzaileek.

Sanjoanen atariko festa txikiak

Bisigua protagonista izango da datorren asteburuan, bai, baina bestelako jarduerek ere hartuko dituzte herriko kaleak. Besteak beste, Musikherria festaren eskutik, txarangek, musika eskolako ikasleek nahiz kaleko beste hainbat musikarik girotuko dute maiatzaren 31, goizetik gauera.

Horrekin batera, lore eta landare azoka ere larunbatean izango da eta, berrikuntza batekin dator, gainera, 2014koa: "Landare-ontzi eta mahai-erdiko apaingarrien lehiaketa antolatu dugu eta, irabazleek, Tolosako komertzioetan erabiltzeko txartelak jasoko dituzte opari", azaldu du De los Riosek

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!