Kaleak, tolosarren bizitoki

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko mai. 20a, 12:53
Berdura plazan aurkeztu dute egitasmoa.
'Kale biziak' egitasmoa aurkeztu dute Berdura plazan, eta jardun zehatzak nahiz aurrera begirakoak bilduko dituzte, herritarrekin elkarlanean herria hobetzeko.

Ibai Iriarte alkateak, Garikoitz Lekuona parte-hartze teknikariak eta BOX.A arte elkarteko kideek aurkeztu dute Kale biziak egitasmo berria.

Jada hasita dauden proiektuek nahiz berriek osatuko dute lana, guztia, Tolosako kaleak jendea elkartu eta bertan bizitzeko izan daitezen. Iaz martxan jarritako irisgarritasun planari segida ematearekin batera, Haurren hiria ere abiaraziko dute, 8 eta 12 urte bitarteko haurrek Tolosako espazio publikoen inguruko iritzia eman eta eurekin proiektuak prestatzeko.

Bide beretik, Ibilbide osasuntsuak izeburupean, hirugarren adinarentzat zirkuitu batzuk prestatzeko asmoa du udalak, medikuak ematen dizkien sendagaiekin batera, bizitza aktibo bat izate bidean.

Alde Zaharra ere kale biziz betea dagoenez, bi egitasmo azaldu dituzte herriko gune horri begira: batetik, bizikletentzako eta haurren gurdientzako aparkalekuak sortu nahi dituzte, trasteleku eta garaje gutxi dituen gunea baita. Horrela, etxe eta kaleen espazioa mugatua dela ikusita eta, ingurumenari begira, sortuko dute aparkalekuen plana.

Herriko gune horri begira martxan jarri nahi duten bigarren egitasmoa patioak irekitzearena izango da: Solana, Plaza Zaharra, Korreo eta Letxu kaleen arteko eraikinen barnealdean dagoen plaza ireki nahi dute, baina bada zailtasun bat. izan ere, betidanik, etxe horien azpialdeko komertzioek okupatu izan dute espazio hori, biltegiak handitze aldera. Horrela, espazio horietan dagoena beste nonbaitera mugitzea izango da erronketako bat; besteak beste, Gorrotxategi museoa dago bertan.

Azkenik, Tolosako Ferialekua herritarrei eskainiko dio udalak, aurrerantzean. Orain arte inauterietako karrozak gordetzeko aterpea izaten zen arren, Tolosako Udalak aurkitu du beste lokal hand bat eta, beraz, Ferialekua herritarrek hartu ahal izango dute, San Esteban auzoari bizia ematearekin batera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!