TOPAko kideek esan dutenez, berriz ere atera dira kalera "gure legezko eskaerak lortu arte" mobilizazioekin jarraituko dutela eta urrats bat bera ere atzera egingo ez dutela esateko. "Hiru urte daramagu legez dagokiguna eskatzen; Eusko Jaurlaritzako osasun arduradunarekin izandako bileretan, lehen PSOE eta orain EAJ, entzun gaitzaten besterik ez dugu lortu. Ez dugu lortu ordea, arazo honi irtenbidea emango dion pausorik ematea lortu", esan dute.
Jaurlaritzak bilerak atzeratzen dituela edo gaia aztertuko dutela esaten dietela, baina ez dutela betetzen ere salatu dute. "Joan den apirilaren 10ean PSOE eta EAJren aurkako botoak izan arren, Gipuzkoako Batzar Orokorrak honako mozio hau onartu zuen gehiengoarekin: Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuari dei egiten diote urtebeteko epean Tolosaldean Osakidetzaren sare publikoko eskualdeko ospitale bat berman dezan. Eta halaber, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuari dei egiten diote, 2011ko abendura arte eskualdeko beharrak asetzen zituzten espezialitateak mantendu edo berreskuratzeko", gogoratu dute.
Hau guztia ikusita, Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde koordinakundeak, sinadura bilketa hasi du lan mahai bat osatzeko eta horrela gaia aztertzeko, eta herritarren parte hartzea eskatu dute. Hauxe eskatzeko ekainaren 7an manifestazioa egingo dute Tolosan eta Tolosaldeko udaletan mozio bat ere aurkeztuko dute alderdi politiko guztien babesa eskatzeko.