1995az geroztik Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da Itxaro Latasa (Errenteria, 1960). Lurralde antolaketa, ingurumena eta geografia dira bere espezialitateak, eta hezkuntzatik harago, ikerketan ere aritzen da.
Zer da lurralde antolaketa?
Neurrien plangintza aldez aurretik egitea, lurzoru edo lurralde mota bakoitzari hobekien datorkiona egokitzeko, eta aspektu guztiak kontuan izatea, garapen jasangarria izateko. Legezko tresna edo arau nagusienak garatu behar dira, eta garatu gabe geratu direnak erronkatzat hartu.
Arau horiek berrikusten al dira noizean behin?
Hain zuzen oraintxe onartu dituzte zenbait arau, eta parte-hartze prozesuaz erabaki dira, gainera. Duela 20 urte baino gehiago egindakoak ziren, eta garapena eta krisialdia ikusita beharrezkoa zen. Ez gaude konforme osotasunean, baina aurrerapauso handia izan da.
Guztion artean lurraldea agortzen ari omen gara.
Bai, ideia horri jarraituko diogu hitzaldian. Nire zatia paisajearen ingurukoa izango da, eta gaia oso konplexua da ordubetean jendaurrean azaltzeko; horregatik, esparru honetako giltzak erabiliko ditugu saioan. Gakoetako bat paisajea da. Ez da hitz berria eta guztiok ezagutzen dugu, baina azken urteotan ematen ari zaion trataerari buruz ariko gara gu. Paisajea ez baita koadro polit bat, hari begira egoteko. Paisajea mendez mende, milaka urtetan osatutako zerbait da. Eta ideia garrantzitsuena horren harira dator: natura eta gizakiaren arteko harremanaren ondorioa da paisajea. Agortze hori guk sortu dugula dirudi, naturarekin izan dugun harreman horretan. Orduan, harreman orekatua berreskuratu behar dugu prozesu txar horrekin bukatzeko, eta erlazio hori bideratzeko paisajea gako garrantzitsua da.
Zergatik?
Paisajea kulturaren ondorioa da, eta izaeraren osagaia ere bai; identitatearekin lotzen da. Zer gertatzen da? Betidanik izan dela nolabaiteko talka. Alde batetik, gizakiak maltzurrak eta erasotzaileak direla uste dutenak daude; aldi berean, ordea, gure munduan bizi behar dugu eta gure munduaz hornitu behar gara. Bi mutur horiek lotu behar dira, aipaturiko oreka hori lortzeko eta, hori paisajearen kontzeptuaren bidez lor daiteke.
Gauza asko hartzen dituen kontzeptua da, beraz.
Lurraldearen edozein zati ikusteko herritarrak duen modua bera da paisajea. Beraz, ez da objektiboa den zerbait. Hor pertzepzio bat dago eta pertzepzio horren bidez inplikatzen da jendea. Ideia nagusia parte-hartze hori da, beraz, gizartearen eta naturaren arteko harremana biltzen baitu bere baitan.
Naturaz gain, hiriko paisajeak ere jorratuko dituzu?
Bai, noski. Jendeari ulertarazi nahi diot paisajea dena dela; bai mendiko eremu politenak, bai hiri inguruko guneak. Bukatu egin behar da paisajea ezkutuko leku ederra dela dioen uste horrekin, paisajea inguratzen gaituen guztia baita.
Parte-hartzea aipatuta, nola eragiten du lurralde-antolaketak herritarren egunerokoan?
Lan handia dago egiteko, gure lurraldea eta gure paisajeak askoz hobeto ezagutu behar direlako. Horrek guztiak esparru akademikoa hartu beharra dauka, eta ikasketa horiek kalera eraman behar dira. Bestela, nola jokatuko du ondo jendeak, babestu eta ustiatu beharreko guneak zein diren ez badaki? Kontzientzia oso ondo dago, baina joera horiek nonbait sustatu behar dira. Non? Ezagutzetan. Jendeari erakutsi egin behar zaio eguneroko portaera oso garrantzitsua dela. Asko dago egiteko horri dagokionez, eta gezurretan ariko ginateke aurkakoa esanda.
Adibiderik baduzu buruan?
Pentsa, esaterako, Albizturko Santa Marinako baselizarekin. Badu erromanikoko zati txiki bat, baina leku horren balioa ez da soilik fisikoa. Leku magikoa da, besteak beste, erromesak bertatik pasatzen zirelako, hamaika kondaira daudelako eta abar. Paisajeek eta lurraldeek balio horiek guztiak ere badituzte, eta hori jendeari kontatu egin behar zaio, ezinezkoa baita jende arruntak horrelakoak jakitea. Dibulgazio lan handia egin behar da baina, horretarako, ikerketa-lana egin behar da aurretik.
Balio historikotik harago begiratu behar da, ezta?
Hori da. Herritar batek leku horretako historia guztia ezagutzen duen unean bertan, bat-batean, beste begi batzuekin ikusiko du inguru hori bera; paisaje hori beste modu batean baloratuko du, beraz. Sentimendu-pentsamendu-ezagutza kate bat sortzen da.
Urteetan barrena paisajea aldatu egin da, besteak beste, hiri eta herriak eraikitzeko moduagatik.
Garapen ikaragarri horren ondoren gauzak izugarri hobetu dira eta, oraindik ere, ahaleginak egiten ari dira. Dena den, gobernuen borondate falta somatzen da; baliabide falta izango da agian. Baina berreskuratu egin dituzte lurraldean zein paisaje motak: Aralarko kobazuloak, Agorregiko burdinola... Hobetu direnak gauza puntualak dira beti, hala ere, baita hirietan ere. Ikuspuntu orokor bat falta da, berreskuratze hori osotasunetik begiratzea.
Hirietako alde zaharren eraberritzeak ere paisajearen zati dira. Euskal Herrian beste leku batzuetan baino gehiago jorratu da hori?
Euskal Herrian sentsibilitate handia dago eta aitzindaria izan da, hainbat arlotan hobetzeko gauzak dauden arren. Gasteizko alde zaharraren berreskuratzea, adibidez, paradigmatikoa da Espainian eta Europan. Baina hor ere badago arrisku bat: askotan monumentu moduan berreskuratzen dituzte halako lekuak, jendeak bisitatu ditzan, baina barneko bizitza galdu egiten da. Eta horrekin kontuz ibili behar da. Frantziako Carcassone, esaterako, eszenifikazio bat da, baina, zertarako balio die biztanleei sekulako hirigunea izateak, bizitzeko balio ez badie? Erakusleiho modukoa da.
Eraberritze lanak eta eguneroko bizitza ondo uztartu dituen lekurik baduzu buruan?
Gasteizkoa politenetako bat da, udalak ahalegin handiak egin baititu; ez da osotasunean bete, baina nahiko integratuta dago. Baina inguratzen gaituzten gehienak nahiko adibide txarrak izaten dira. Bartzelonako alde zaharra ere aipatu nezake, baina justua da. Gero eta gehiago nabaritzen da diru falta; horrela, gero eta gehiago egiten dira hirien eszenifikazioa bilatzen duten jarduerak.
Azkenik, eta hitzaldia Tolosan eman behar duzunez, bertako alde zaharra adibide ona iruditzen da? Berreskuratze lanen ondoren herriko gune bizienetakoa da astegun nahiz asteburuetan.
Egia esan, oso gutxi ezagutzen dut; askotan kanpora mugitzen gara eta gertuen duguna ez dugu ezagutzen. Baina nahikoa da adibide polita dela esateko. Bertako jendeak parte hartzen du, hor bizi da, eta gauzek horrela izan behar dute. Beharbada ez da horrenbeste bilatu baliabide turistikoa eta, hori bilatzen ez den neurrian, babestuta dago. Espero dut gaur kasu zehatz hori gehiago ezagutu ahal izatea.