Amets bat bete du TAKE-k, EBA ligara igotzea lortuta

Mikel Iraola 2014ko maiatzaren 12a

Errore bat gertatu da bideoa igotzeko orduan. Saiatu berriro edo jarri gurekin harremanetan.
Inoiz lortu duen maila gorenean lehiatuko dira tolosarrak MU-ri 60-62 irabazi ostean.

Historikoa, emaitzaren esanahiagatik. Epikoa, partidaren igarotzeagatik. Pozgarria, lorpenagatik. Bikaina, giroagatik. Dozenaka adjektibo jar dakioke kazetari batek larunbat arratsaldean bizitakoari. Baina, garaipena eskuratu eta igoeraren helburua —eta ametsa— lortuta, «festa» hitzak biribiltzen du ondoen Arrasaten bizitakoa.

Tentsioa ere ez zen falta izan. Yon Gonzalez, entrenatzailearen hitzetan, «pelikula bateko gidoi bera» izan zuen partidak. Aurkariarekiko errespetu osoz hasi zuten norgehiagoka bi taldeek. Oso parekatua izan zen hasiera. TAKE uneoro aurretik izan zen lehen laurdenean baina gehiengo tartea ez zen lau puntutik pasatzen. 16-17ko emaitzaz bukatu ziren lehen hamar minutuak.

Bigarren laurdenean, tolosarrek erakustaldia eman zuten, Beñat Azaldegik bultzatuta. Defentsa izugarria egin zuten Gonzalezen mutilek, eta erasoan hainbat baloi lapurtzea lortu zuten. «Denboraldiko minutu hoberenak» jokatu zituztela onartu zuen entrenatzaile gazteak. 2-19ko partziala lortu, eta horri esker, 25-42ko emaitzarekin joan ziren atsedenaldira. Harmailetan, berriz, zaleak txoratzen.

Aldageletatik bueltan, 19ko tartea ere izatea lortu zuten urdinek, baina handik aurrera, bigarren laurdenaren egoera paraleloa bizi izan zen, alderantziz. Arrasatearrak bikain izan ziren defentsa lanetan, eta tolosarrek ez zuten asmatzen. Unibertsitateko taldeari, berriz, dena atera zitzaion.

Aldea murriztuz joan zen pixkanaka, eta urduritasuna eta tentsioa gora joan ziren. Gertu ikusten zen hura, berriro ere urruti. Izan ere, beldurra ere azaldu zen zaleen artean, Arrasate puntu bat aurretik jarri zenean. Hortik aurrera, esperientzia nagusitu zen. Goar Artetxe fin ibili zen bost metroko marratik, eta haren saskiratzeak garrantzitsuak izan ziren taldeari arnas apur bat emateko.

Azken segundoak —faltak tarteko— minutu baziruditen ere, esfortzuak bere fruitua eman zuen. 60-62. Lasaitasunaren emaitza: garaipena eta EBA ligarako txartela, Tolosara. Taldeak inoiz lortu duen emaitzarik onena. Harro egoteko modukoa.

Txalotzekoa ere bai tolosarrek partida amaieran erakutsitako kiroltasuna. Izan ere, euforiak alde batera utzi eta ospakizunei ekin aurretik, aurkari guztiak agurtu baitzituzten banaka-banaka. Puntako kirolarien artean geroz eta gehiago falta diren keinuak.

Ondoren etorri zen festa. «1,2,3... TAKE!» oihuarekin bat lertu zen poztasuna. Kantxan bertan bat eginda ospatu zuten jokalari eta entrenatzaileek igoera. Segidan, Tolosatik Arrasatera joandako ehundik gora zaleei eskerrak eman zizkieten emandako berotasunagatik. Harmailetatik ere modu beretsuan eskertu zioten taldeari egindako denboraldi zoragarria. Biek ala biek, merezitako txaloak.

Eta gero gerokoak. Oihuak, besarkadak, saltoak... Dutxa azpitik ohi baino jende gehiago pasa zen. «Horrelakoetan prest etortzen gara» aitortu zuen, Yon Gonzalez entrenatzaileak. Txanpaina ere ez zen falta izan. «Ondo ospatuko dugu, amets bat betetzea izan baita betiko taldearekin igoera hau lortzea», zioen Julen Aranzabalek. Amets gehiago egin aurretik, Tolosako kaleetan zehar ospatuz amaitu zen merezitako festa.

Larunbateko neurketak itxiko du TAKE-ren denboraldi gogoangarria.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!