XX. Aste Musikariak askotariko musika tresnen kontzertuak ekarriko ditu Tolosara. Sei izango dira guztira, eta maiatzaren 17an hasi, eta 24an bukatuko da. Udal Musika Eskolak urtero antolatu ohi duen aste honek, bada, badakar berezitasun bat: Musikherria izeneko festa.
Musikari eta musikazaleen bilgunea. Horixe izango da datorren maiatzaren 31n, lehenengoz Tolosako Udalak antolatuta ospatuko den Musikherria. Goizetik gauera bitarte, egun osoan zehar, mota guztietako musika taldeen doinuak entzungo dira kalez kale. Finean, Tolosa kaleko musikaren hiriburu bihurtu nahi da egun horretan, hortik egunari ematen dion izena.
Igor Ezenarro, kultur zinegotziaren hitzetan, horrelako zerbait garatzeko ideia «lehenagotik» zetorren: «Azkenean, astero-astero musika oso presente dago gure herrian. Musikari eta musikazale ugari dago, eta guztiak kalean batu nahi genituen, jai giroan», azaldu du. Herriko hainbat musikari bildu eta ideia hori garatzen hasi ziren pasa den urtearen amaieran. Lanketa horretatik, «denak gustura biltzeko moduko egitaraua» osatu dute.
Musika eskolak goizean
Ezenarroren esanetan, herriko musika taldeez gain, «argi geratu zen hasieratik» musika eskolen partaidetza. «Beraiek sortzen dute musikarien harrobia Tolosan, eta merezi duten protagonismoa eman nahi genien». Hori dela eta, goizean zehar Eduardo Mokoroa Udal Musika Eskolako nahiz Isidro Larrañaga Akordeoi Eskolako taldeak ibiliko dira alde zaharretik.
Miguel Angel Moreno, Udal Musika Eskolako zuzendaria, «oso pozik» azaldu da egitasmo honekin, izan ere, «ikasleen lana erakutsi eta era berean, hauek motibatzeko oso baliagarriak dira». Era berean, eskerrak eman nahi izan dizkio udalari horrelako aukerak emateagatik.
Lau taldetan banatuta —soinujoleak, txistulariak, ikasleen banda eta dultzaineroak— guztira 140 ikaslek hartuko dute parte Musikherria festaren baitan. Erdigunetik kanpo geratzen diren auzoetan, berriz, 09:30etik aurrera dianak egingo dituzte. Horrez gain, hilabeteko azken larunbatero bezala, Tolosa Kantari ibiliko da alde zaharreko kaleetan.
Herri bazkari solidarioa
Goizean zehar kaleak girotzen ibilitako talde guztiak alde zaharrean batu eta Alondegira joango dira kalejiran, bertan bazkari herrikoia egingo baita partehartzaileen eta festara animatzen diren guztien artean.
Bazkari horrek, gainera, izaera solidarioa izango du, bertan ateratako dirua Stop San Filippo fundazioarentzat izango da-eta. Bazkarirako txartelak salgai daude dagoeneko Ikatza, Orbela eta Xirimiri tabernetan, 12 euroko salneurrian helduentzat, eta sei eurokoan 14 urtez azpikoentzat. «Esan beharrik ez da, parte hartu nahi duen herritar orori irekia dagoela festa. Parte hartzaileekin soilik 150 inguru gaude bazkaltzeko, beraz, giro ona ez da faltako», argudiatu du Ezenarrok.
Arratsalde eta gauean ere bai
Bazkalostean, festak jarraitu egingo du, hainbat musika taldek girotuko baitute plaza. Larrain Dantza dantzatuko da, gainera. Arratsaldeari begira, txarangak ibiliko dira alde zaharretik barrena, eta 22:00etan Plaza Berrian hasiko diren La Jodedera eta Tximeleta musika taldeen kontzertuekin emango zaio amaiera I. Musikherria honi.
«Festa hau aurrerantzean errepikatzeko ideiarekin sortu dugu» dio Igor Agirre, musikari eta antolakuntza taldeko kideak, «beti ere, lehen edizio hau ongi irteten bada, noski».
Sei kontzertu aurretik
Musikherria-k itxiko du aurtengo XX. Aste Musikaria, baina aurretik sei kontzertu izango dira. Lehena maiatzaren 17an izango da, kaina bikoitzeko tresnen topaketa izango baita. Euskal Herriko txoko ezberdinetako taldeak izango dira. Aipagarria da ere, Reunion Big Band, Musikeneko ikasleez osatutako taldeak maiatzaren 19an eskainiko duen kontzertua.
XX. Aste Musikariaren egitaraua
- Maiatzak 17: Kaina bikoitzeko instrumentuen topaketa.
- Maiatzak 19: Arpa bikotea eta perkusio kontzertua, 19:00etan.
- Maiatzak 20: Reunion Big Band taldearen konzertua, 20:00etan.
- Maiatzak 21: Metalezko boskote baten kontzertua, 20:00etan.
- Maiatzak 23: Akordeoi boskote baten kontzertua, 19:00etan.
- Maiatzak 24: Tolosako Musika Bandaren kontzertua, 19:00etan.