Hamaika eta bat dira, jada, eskualdean Oier Iribarren haurrari laguntzeko antolatutako egitasmoak. Ekainaren 7an ere beste bat izango da, Tolosako Usabal kiroldegian eta, 09:00etatik 19:00etara bitarte, hainbat kirol maratoi eta jolas familia giroan egiteko aukera izango da.
Bidaiarien Txokoan egin dute aurkezpena, eta BPXport, Kirolzer eta Indarfit izan dira antolatzaileak. Horrela, lau jarduera mota baantu dituzte: batetik, fitness-ari dagozkion cicling, zumba eta aerobic maratoiak egingo dituzte; halaber, kirol joera berriak ezagutarazteko aukera ere eskaini nahi dute eta, besteak beste, body-fit, step-training eta antzekoak eskuragarri izango dira; haurrek ere beren tartea izango dute, bai igerilekuko jolas eta puzgarriekin, eta baita goiko kantxako puzgarriekin ere; azkenik, familia osoarentzako jarduerak prestatuko diuzte, 1,5 kilometroko familia-krosarekin, akrobaziekin eta arratsaldeko zumba saioarekin.
Jardueretan parte hartu ahal izateko izen-ematea zabalik dago Usabal kiroldegian, eta baita inguruko beste zenbait lekutan ere: Villabonako kiroldegian, Ibarrako kiroldegian, Hondarribiako kiroldegian nahiz Orioko kiroldegian. Egunean bertan ere izena eman ahal izango den arren, cicling-ean parte hartu nahi dutenek aurrez deitu beharko dute 943 67 24 59 telefonora, ordua zehaztuz; modu horretan bizikleta kopurua kalkulatu ahal izango dute antolatzaileek.
Helduek 15 euro ordaindu beharko dute eta haurrek, berriz, 8 euro. Horrela, egun osoan kiroldegiko jarduera guztietan parte hartzeko aukeraz gain, Bide Goxok pintxo bana emango die parte-hartzaileei. Gainera, spa-gunean ere sarrera librea izango da.
Oier Iribarrenen gurasoek eskerrik beroenak eman dizkiete antolatzaileei, eta parte hartzeko deia egin dute, egun osoan ez bada, tartetxoren batean bertaratzeko.