Partida ikusgarria jokatu dute Mondragon Unibertsitateak eta TAKE Tolosak gaur arratsaldean Arrasaten. Liga eta igoera zeuden jokoan, eta tolosarrek, etxetik kanpo, bi puntuko aldeaz irabazi dute. Partida amaiera benetan estua izan da, 17 segundoren faltan, tolosarrak hiru puntuko aldea zuten, eta baloiaren jabetza, baina urduritasuna ere bai. Azkenean, ordea, garaipena eta igoera postua Tolosara ekarri dituzte TAKEekoek.
Lehen laurdena oso parekatua izan da, eta 16-17ko emaitzarekin amaitu da. Bigarren laurdenean, tolosarrek astindua eman diete etxekoei, eta atsedenaldira 25-42 joan dira. Defentsan bikain aritu dira TAKEkoak, eta lan horri esker, 9 puntu besterik ez dituzte lortu Mondragon Unibertsitatekoek bigarren laurden horretan. Atsedenalditik itzuleran, ordea, dena aldatu da. Lehen minututik nabaritu da markagailuko aldeak behera egingo zuela, eta horrela izan da. Etxekoak sendo hasi dira eta tartea murriztuz joan dira une oro. Hirugarren laurdena bost puntura amaitu dute. Bilakaera horrek jarraituz gero, tolosarrek garaipena galtzeko arriskuan ikusi dute euren burua. Eta nola hala, aurretik mantentzeko helburuz irten dira kantxara. Amaieran, garaipen izugarria lortu dute TAKEkoek: 60-62. Emaitza honi esker, hurrengo denboraldian EBA ligan jokatuko dute tolosarrek. Izan ere, Mondragon Unibertsitatea sailkapen nagusian bigarren zegoen, TAKE liderrarengandik bi garaipenera. Orain, hirura aurkitzen dira arrasatearrak, eta liga amaitzeko bi partida besterik ez direnez gelditzen, ezinezkoa izango zaie lehen postua eskuratzea.