Kirola, euskara eta elkarbizitza ardatz izango ditu maiatzaren 18an Berazubi estadioa hartuko duen jaiak. Euskaraz bizi nahi dut...kolore guztietan izenburupean, hainbat jatorritako euskaldunak nahiz euskara ikasleak elkar ezagutu ahal izateko helburuz prestatu dute egitasmoa Banaiz bagara elkarteko kdieek, eta Tolosatik Gipuzkoa osora zabalduko dute.
16:00etatik aurrera hain ohikoak ez diren kirolak eta ohikoagoak taldean egiteko aukera izango da, munduko zenbait txokotako kirolariek gidatuko baitituzte saioak. Horrela, aerodance-a Jenny Perlazaren eskutik egingo dute; futbol gaelikoa, berriz, Barry Manleyren ardura izango da; era berean, Tanveer Huseeinen eskutik ezagutu ahal izango da cricket-a eta autodefentsa, berriz, Kala Konek irakatsiko du.
Mundu zabaleko kirol eta ohiturekin batera, Euskal Herriko ordezkaritza ere izango da Berazubin eta, horrela, Maider Mendizabal izango da pilota eta pala jokoaen nondik norakoak azaltzearen arduraduna. Bide beretik, Mikel Labaka eta Mikel Aranburu futbolari ohiek beroketa ariketak nola egin behar diren azalduko diete bertaratuei.
Atsedenalditxo horren ondoren, partiden txanda iritsiko da. Zazpi pertsonako taldeak osatu eta 10 minutuko norgehiagokak egingo dituzte, bai futbolean eta baita boleibolean ere. Petra Elser antolatzaileak nabarmendu duenez, "elkarbizitza eta giro ona sustatzea da gure helburua, euskara erabiliz, beraz, inongo lehiakortasunik ez da izango eta lagunartean ariko gara".
Horren harira, kirola aukeratu dute hainbat jatorritako herritarrak elkar ezagutzeko, izan ere, kiroletan ez da gehiegi hitz egin behar elkar ulertzeko, diotenez. Borobil erraldoi bat egin eta zenbait euskal dantza eginez amaituko dute bilkura.
Tolosatik nahiz kanpotik
16 urtetik gorako herritarrek parte hartu ahal izango duten arren, haurrak dituzten familiak ere ongi etorriak izango dira egitasmoan, izan ere, haurtzaindegi zerbitzua eskainiko dute. Baldintza bakarra bete beharko da, beraz, maiatzaren 18an: izena ematea.
Aurrez euro bat ordaindu behar da eta egunean bertan, berriz, bi euro. Hainbat bide jarri dituzte horretarako, gainera: banaiga@gmail.com helbidea, 645 73 38 18 eta 943 69 74 55 telefonoak, nahiz Tolosako Udaleko kirol saila.
Zenbait taldek berretsi dute, jada, beren parte-hartzea eta, esaterako, Senegal eta Ekuadorko talde bana eta Tolosako bi talde izango dira. Guztira 60 lagun inguru espero dituzte, aurreikuspenen arabera, eta jaia ondo aterako balitz, errepikatzeko gogoz daude antolatzaileak.
Banaiz bagara elkarteak Gipuzkoa osoan barrena dituen taldetxoak oinarri izan dira Euskaraz bizi nahi dut...kolore guztietan antolatzerakoan, izan ere, kirol horiek guztiak, banan-banan, ezagutarazi izan dituzte hainbat herritan, aniztasuna eta integrazioa sustatze aldera.
Interesa duten guztiak gonbidatu nahi izan dituzte, beraz, maiatzaren 18ko arratsaldean, Berazubi estadiora bertaratzera.