XVIII. eta XIX. mendeetan bizitu zen emakume hau garaiko (eta gaur egungo) arauak hautsi zituen bere bizitza bizitzeko. Tolosan sortutako pertsonai historiko garrantzitsuenen artean dago, nahiz eta ia ezezaguna izan. Humanismoa, kultura eta arteak maite zituen. Bost hizkuntza ezagutzen zituen. Espainiako eta Frantziako aristokrazia ezagutu zuen. Munduan zehar ibili zen. Askatasuna eta maitasuna izan zituen bere bizitzan helburu.
Duela gutxi argitaratu da Madame de Montehermoso. Marquesa de los placeres y dama de Carresse liburua gaztelaniazko itzulpenean eta bertan Alexis Ichas idazle frantziarrak gaurko gure protagonistaren bizitza jaso du, nobelako bizitza benetan. Lan honi esker tolosar honen ibileren berri zabalagoa daukagu. Eta laster aurkeztuko da Tolosan pertsonai honen beste biografia bat, Antxon Bandres zenak idatzia.
Maria Pilar de Acedo y Sarria Tolosa jaio zen 1784 urtean, Kale Nagusiko Atodo jauregian. Aita Jose de Acedo y Atodo zuen, Echauzeko kondea, Euskal Herrian eta kanpoan lur asko zituen gizon aberats tolosarra. Miserikordia Etxeko lehen maiordomoa izan omen zen. Acedo familia ezaguna zen Nafarroan Erdi Arotik, izen bereko herrian jauregia zuen. Loiolatarrekin lotua zegoen eta Espainiako errege familiarekin gertukoa zen. Amaren aldetik, Atodo familia tolosarrekoa zen, Zabalatarren tartekoa. Harreman komertzialak zituen Frantziarekin eta Baionara askotan joaten zen. Carlos IV.a erregearen bankaria bere bazkidea zen negozio batzuetan. Tolosako alkatea eta Gipuzkoako diputatu nagusia zen Pilar jaio zenean. Ama, Maria Luisa de Sarria y Villafañe zen, Vadoko kondesa, Zamoran jaioa eta Gasteizen familia zuena. Albako dukesaren familiartekoak ziren gure protagonistaren gurasoak. Beste alaba, Manuela, eta jaioberritan hil ziren beste bi seme izan zituzten.
Tolosatik Gasteizera
Kultura handiko giroan hazi zen Maria Pilar: liburutegi handia zuten etxean, frantsesa, italianoa eta ingelesa ikasi zuen euskara eta gaztelaniarekin batera, musika, poesia eta pintura maitatzen erakutsi zioten… Umetan Carlos IV.a erregearen kortean askotan izan zen. Haurtzaroko eta Tolosako bizitzako datu gutxi ageri da liburuan. Zazpi urte zituela (beste iturri batzuen arabera bi urterekin), familia Gasteizera joan zela bizitzera badakigu, amaren familiarengana.
Hamasei urte zituela ezkondu zuten gure pertsonaia Gasteizko Ortuño de Agirrerekin, Trevianako kondea eta Montehermosoko markesa. Badajozen lurrak eta urre meategiak zituen. Arbaso frantziarrak zituen, Albreten aldekoak Nafarroako borrokan. Kultura handiko gizona zen, Euskal Herriko Adiskideen Elkarteko idazkaria eta arte bilduma garrantzitsuaren jabea. Arabako diputatu nagusia ere izan zen. Emaztea baino hamasei urte zaharragoa zen, gauza normala garai hartan. Gaur egun Gasteizen erdialdean zutik mantentzen den Montehermoso jauregian bizitu zen bikotea eta alaba bakarra izan zuten, Amalia, 1801ean jaioa.
Non eta nola ezagutu zuen emakume tolosar honek Jose Bonaparte? Bada Gasteizen, Napoleonen anaia tropa frantziarrekin iritsi zenean 1808an Espainia eta Indietako errege modura. Montehermosoko markesen etxean egon zen (kasualitatez, egun gutxi lehenago, Tolosan izan zen, Pilar Acedo bera jaio zen Atodo jauregian). Hauek ondo erlazionatuta zeuden garaiko aristokraziarekin eta orduko festa guztietan parte hartzen zuten eta horietako asko antolatzen zituzten. Erakarpen eta edertasun handiko emakumea izanez, maitale asko zituen markesa eta Gasteizko erregina deitzen omen zioten. Bonaparte errege filosofoa edo Pepe Botella ez omen zen aditua politikan eta estrategia militarrean, baina bai oso emakumezalea eta markesaren sareetan erori zen.
Nahiz eta erregea Julie Claryrekin ezkonduta egon, emaztea Frantzian gelditu zen. Maria Pilar Acedo ere ezkondua zegoen, baina publikoa zen bien arteko harremana. Senarrak ere bazekien eta nolabait onartu egiten zuela dio aipatutako liburuaren egileak, Bonaparteren oso aldekoa izanda. Erregearen maitale ofiziala izan zen eta handik hilabete gutxira erregea Madrilera iritsi zenean berarekin zen, zezenetan eta beste ekitaldi publikoetan azalduz askotan, nahiz eta erregeak beste amorante batzuk ere izan, Fineschi aktoresa italiarra eta Jarucoko kondesa, Kubako gobernadore generalaren alarguna, besteak beste. Markesa Masserano jauregian instalatu zen Madrilen eta festa ugari antolatu zuen Aranjuezen. Goi mailako harremanak zituen. Goya pintorea ezagutu zuen eta bere alabari erretratoa egin zion; ustez, Pilarri berari ere egin zion beste koadro bat. Victor Hugo haurra zela bere besoetan izan omen zen. Madrilen zela, bere senarra hil zen Parisen, Napoleonen semearen bataioan.
Karrese, bizileku
Jose Bonaparte politikari eta militar txarra zela aipatzen du Alexis Ichasek bere lanean. Frantziako tropek atzera egin behar izan zuten Espainian, Wellington duke ingelesaren bultzadaz. Batailaz bataila bere lurrak galduz joan zen eta azken porrota 1813ko ekainaren 21ean jaso zuen, Gasteizen. Napoleonek bere kargutik kendu egin zuen anaia uztailean, erru guztia berari botaz. Horrekin batera bere amorantearen negozioek beherakada izan zuten. Alargun gelditu zenean, Montehermosoko markesaren titulua kendu zion familiak eta alabarengana pasatu zen. Echauzeko eta Vadoko kondesaren tituluak erabili zituen berriro handik aurrera. Donibane Lohitzunen jarri zen bizitzen, Espainian Fernando VII.a erregeak traidore gisa hartu eta itzultzea debekatu egin ziolako, beraren atsekaberako, frantsesen aldeko beste asko bezala. 1812an Karresen (Biarno) gaztelu bat erosi zuen eta hara joan zen bizitzera. Jose Bonaparte Parisera itzuli zen eta bi amoranteen arteko harremana hoztu egin zen piskana erabat desagertu arte.
Echauzeko kondesa ez zen gehiago itzuli. Amadeo Carabere husaren ofizial frantsesarekin ezkondu zen 1818an, nahiz eta aurretik ere senar bezala jokatzen zuen. Alabarekiko eskubideak galdu arren, harreman handia mantendu zuten eta Karresen bizitu zen. Bikotearen egoera ekonomikoa asko hobetu zen, Frantziak aurreratutako diru asko itzuli zion, Goyak egindako bere alabaren koadroa oso prezio altuan saldu zuen eta jabetza handiak zituen: 40 abeletxe, hogei bat errota, etxe ugari... Frantzia hegoaldeko bigarren aberastastun handiena zuen. Goi mailako aristokratekin harremanetan jarraitu zuen, bisitari asko zituzten (Goya pintorea, besteak beste) eta Pariseko boutique dotoreneetan eta ikuskizun nagusietan izaten zen. Senarra Karreseko alkate izan zen hainbat alditan eta kontseilu nagusiko kide. Kondeak oso eskuzabalak izan ziren herrikideekin: behartsuei laguntza handia eman zieten eta eskola eraiki zuten herrian. Amalia alaba Jose Maria Ezpeleta kondearekin ezkondu zen eta bien seme bat, Ortuño Ezpeleta y Agirre Iruñako alkatea, Madrilgo gobernadore eta Espainiako Senatuko lehendakariorde izan zen. Maria Pilar Acedo 1869ko abuztuaren 23an hil zen Karresen, bere senarra 1873an eta alaba, 1876an.