Euskal Herria plazako gazteen apartamentuetako zerrendak martxan

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko mai. 7a, 13:09
Uztailaren 7ra bitarte erregistroa zabalik izango da, eta bizitokien zozketa iraila inguruan egingo dute.

Martxan da gazte tolosarrak emantzipatzeko bideak irekiko dituen egitasmoko izen-ematea: Euskal Herria plazan 25 zuzkidura bizitoki eskainiko dizkie udalak, herritarrei, udazkenetik aurrera.

18 eta 35 urte bitarteko herritarrei begirako proiektua da apartamentuena eta gehienez ere hiru urterako kontratuak sinatuko dituzte esleipenak egiterakoan: "Etxe hauen helburua gurasoek etxetik norbere etxerako jauzi hori erraztea da, gaur egun askorentzat pribilegio moduko bat baita. Horregatik, errotazioa bizi mantentzea nahi dugu, zerbitzu publikoa delako", azaldu du Ibai Iriarte alkateak.

Gauzak horrela, Tolosako Udaleko erregistroan izena emateko hiru baldintza hauetako bat bete beharko dute interesa dutenek, gutxienez: Tolosa ohiko bizilekua izan eta bertan erroldatuta egotea, gutxienez urtebetez; Tolosan 10 urtez erroldatuta bizi izana; azkenik, Tolosan lan egitea.

Behin lehen baldintza hori beteta, bizikidetza unitateak eta hileroko soldatak ere zehaztu beharko dituzte eskaera egiten dutenek; apartamentuak txikiak direnez, gehienez ere bikoteentzat pentsatutako etxeak dira. Kasuren batean, adin-txikikoen zaintza edo adineko pertsonaren baten ziantza dutenei, hiru kideko bizikidetza unitatea onartuko diete.

Errentei dagokienez, berriz, 2013. urteko zergaldian, gutxienez, 3.000 euroko diru-sarrerak eta gehienez 25.000 eurokoak izatea beharrezkoa izango da. Horrela, zozketa egindakoan apartamentua eskuratzen duten herritarrek beren soldataren araberako alokairu-prezioa ordainduko dute.

Aitziber Lazkano teknikariak azaldu duenez, Tolosako Udalak hiru taldetan banatu ditu diru-sarrerak eta horien araberako prezioak. 15.000 euro bitarteko sarrerak dituztenek, esaterako, 150 euro ordaindu beharko dute, hilean, logela bateko apartamentua; bi logelakoa izanez gero, berriz, 180 euro ordaindu beharko dute. 15.000 euro eta 21.000 euro artekoa da bigarren taldea, eta logela bateko bizitokiagatik 200 euroko alokairua ordaindu beharko dute; aldiz, bi logelakoaren truke, 240 euro. Azkenik, 21.000 euro eta 25.000 euro arteko diru-sarrerak dituztenek, 250 euro ordaindu beharko dute logela bateko bizitokia, eta 300 euro, bi logeladuna.

Aipatzekoa da, 25 etxebizitza horietatik 12k trastelekua izango dutela; zozketan trastelekua duen apartamentua esleituz gero, alokairuaren prezioari %10 gehitu beharko zaio. Bide beretik, udalak 25 aparkaleku gorde ditu gazte horientzat, Arrillaga plazan. Autoa bertan utzi nahiko luketenek hilean 40 euro ordaindu beharko lukete.

Udalak lehendik ere udaleko etxebizitza babestuen erregistroan izena emanda dauden herritarren zerrenda begiratuko du, eta apartamentu hauetarako baldintzak betetzen dituztenei, gutuna bidaliko diete etxera, beren izen-ematea berretsi beharko dutela esanez.

Horren harira, 25 etxebizitza horiek zozketan banatzeko kupo moduko bat ezarri dutela ere nabarmentzekoa da. Lehenik, mugikortasun urria duten pertsonentzat apartamentu bat erreserbatuko du udalak, eta gauza bera egingo dute beren kargura adingabeak nahiz adinekoak dituzten eskatzaileekin ere; kasu horretan bi logelako bizitokia erreserbatuko dute. Bide beretik, gizarte-egoera berezian dauden eskatzaileentzat beste bina bizitoki utziko dituzte zozketan eta talde horretan sartuko lirateke, esaterako, genero indarkeria jasan duten herritarrak nahiz ezintasun psikikoren bat dutenak.

Horrenbestez, zozketako kupo orokorrerako 21 etxebizitza geratuko dira. Izen-ematea datorren uztailaren 7an itxiko du udalak, 13:00ean eta zozketa, berriz, iraila inguruan izango da, obrak ia amaitzear izango baitira udazkenean.

Informazio zehatza, eskabideak nahiz oinarriak www.tolosakoudala.net atarian eskuragarri dira jada.

Elkarbanatzeko guneak

Aipatu bezala, apartamentu txikiak izango dira, batetik, gizarte-etxebizitzak direlako eta, bestetik, gazteen errotazioa helburu dutelako. Beraz, 25 metro karratu izango ditu txikienak, eta 60 metro karratu handienak. Bertan sukaldea, logela bat edo bi, bainugela eta egongela izango dituzte tolosarrek.

Gauzak horrela, Euskal Herria plazako apartamentuetako bizilagunek partekatu egin beharko dituzte hainbat gune. Batetik, garbitokia izango dute arropa garbitu nahiz lehortzeko; halaber, bizikletak uzteko txoko bat ere egokituko dute eraikina eraberritzeko lanen barruan.

Azkenik, eta eraikinaren ezaugarriei begira, Tolosako Udalak garrantzi berezia eman dio energia-eraginkortasunari. Obra diseinatzearekin batera, material moderno eta gogorrak erabili nahi izan dituzte, eta baita ondo isolatzen dutenak ere; leihoak eta zoru bero-emailea ezarri dituzte, besteak beste. A mailako energia ziurtagiria du, jada, eraikinak, eta errotazio horri begirako lanak izan dira horiek guztiak, urtetan iraungo duten apartamentuak egokitu nahi izan baitituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!