Manuel Toharia idazleak irekiko du Naturaldiko hitzaldi zikloa

Tolosaldeko Ataria 2014ko mai. 5a, 17:52
Naturaldia aurkeztu dute gaur, Donostian
Larunbatean, hilak 10, egingo dute Naturaldia jardunaldien inaugurazio ekitaldia. 20:15ean elkartuko dira Tolosako Topic-en eta ekitaldia Urgunak Txalaparta taldeko erritmoekin hasiko da. Xabi Lozano, Juantxo Zeberio piano-jotzaile eta konpositorea, Jon Arruabarrena saxo jotzailea, Maddi Ohienart eta Elene Arandia abeslariak ere ariko dira ekitaldian. Era berean, Haatik konpainiaren eta Tolosako Dantza tailerraren dantzak, LASKabesbatza abesbatzaren ahotsak, Pablo Dendaluzeren irudiak eta Iker Galartzaren umorearekin borobilduko dute ekitaldia.

Tolosako Naturaldia orain 25 urte jaio zen gizartea ekologian, ingurugiroan eta garapen jasangarrian hazten eta natura zaintzearen beharra zabaltzeko. Eta Manuel Toharia izan zen, hain justu, 1990. urte hartako jardunaldien hitzaldi zikloa itxi zuena. Orain, 25 urte geroago, idazle eta zientzia dibulgatzaile bera izango da jardunaldietako hitzaldi zikloari hasier emango diona.

Manuel Toharia maiatzaren 12an eskainiko du  Hondakinaren zibilizazioaren amaiera hitzaldia, 19:30ean TOPICen. Birziklapena, berrerabilpena, aurrezpena, eraginkortasun energetikoa, baliabideen nekea, biodibertsitatearen kontrako mehatxuak, garapenaren jasangarritasuna edota gizarte txiroenekiko elkartasuna bezalako kontzeptuen gainean ariko da Toharia bere ohiko berotasunarekin.


Asteartean, maiatzaren 13an, 25 urte naturaren alde aurpegia ateratzen: lurra eta ura izenburuko mahai-inguru elebiduna eskainiko dute Iñaki Aizpuru botaniko eta Eusko Jaurlaritzako IHOBE Biodibertsitate eta Klima Aldaketako saileko teknikariak, eta Adolfo Uriarte, Azti-Tecnaliako itsas ikerketa saileko buruak. Biek batera, azken 25 urteotan Gipuzkoan natura nola babestu den hausnartuko dute eta bestalde, etorkizunera begira, datozen 25 urteetan izango diren erronka nagusiak aurreikusteko ahalegina egingo dute. 19:30ean ariko dira, TOPICen.


Asteazkenean, maiatzaren 14an, Lurralde antolaketa eta ingurumena bereizi ezin diren bikotea dira izenburupean, hitza hartuko dute Euskal Herriko Unibertsitateko hiru irakaslek: Peio Lozano geografoak, Itxaso Latasa geografa eta paisaian adituak eta Iker Etxano ekonomistak. Mahai-ingurua euskaraz izango da eta ideia baten inguruan hausnarketa eta kontzientziazioa bilatuko ditu: guztion artean agortzen ari garen ondasuna da lurraldea. Hau ere 19:30ean izango da, TOPICen.


Ostegunean, maiatzak 15, Guadalquivir filma egongo da ikusgai, 19:30ean TOPICen. Bere taldekideak hiltzen ikusten dituen azeriaren ihes hunkigarriaren bidez, Guadalquivir ibaia inguratzen duen ekosistema zeharkatzen du filmak, Cazorlako mendilerroan sortu, Segura eta Sierra Morena zeharkatu eta bere urak Doñanako paduretan isuri arte, Ozeano Atlantikoan. Guadalquivir ibaian bizi diren animalien ohitura basati harrigarrienak erakusten ditu dokumentalak. Lirikaz eta edertasunez betetako esperientzia bikaina zentzumenentzat, bisualki oso dotorea. Filmaren proiekzioan, gainera, Carlos de Hita naturako soinu-teknikari eta filmako soinu arduraduna, eta Jose Manuel Cortizo, Jaizkibel Amaharri proiektuko zuzendaria izango dira. 


Carlos de Hitak giro bandaren muntaiaren deskribapena egingo du, pausoz pauso, naturan soinuak grabatzetik azken nahasketara arte. Soinu paisaia naturalean bidaia egiteko aukera ona izango da, ingurua soinuen bitartez interpretatuz. Hitzordua aukera paregabea izango da Jose Manuel Cortizok zuzentzen duen Jaizkibel Amaharri taldearentzat. Izan ere, izen bereko dokumentalean lanean ari baitira gaur
egun, gure ondare natural ikusgarriena eta ezezagunena aintzat hartuta, 50 milioi urteko bidaia zinematografikoa.


Lehen aste honetako azken hitzaldiak Joaquin Araujo eta Miguel Delibes de Castro naturalistak eta Antonio Fraguas Forges marrazkigile eta umorista aparta bilduko ditu TOPICen (19:30ean). Vivaldi eta Haendelen 5 estazioak izeneko hitzaldia eskainiko dute elkarrekin eta atzera begiratuta, ekologian Espainian azken 25 urteetan gertatu diren gertaera positivo eta negatiboenak ekarriko dituzte gogora, eta etorkizunera begirada modu baikorrean.

Naturaldian Tolosaz gain, Oñatin eta Errenterian ere egongo da. Oñatin Miguel Delibes de Castro biologoak Krisia eta biodibertsitatea hitzaldia eskainiko du, hilaren 17an, 12:00etan, kultur etxean. Maiatzaren 22an, ostegunean, Joaquin Araujo naturalista eta idazle apartaren txanda izango da Errenteriako Reina aretoan. Bere hitzaldia, Aberastasun sortzaile den basoa.

Naturaldiko azken ekitaldia maiatzaren 30ean izango da, Donostiako Aquariumean. Jose Antonio Marina irakasle eta filosofoak hitz egingo du Ekologia, bizitzeko artea izenpean. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!