Merkatarien jardunari gaitasunak gehitzeko eskaintza

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko mai. 5a, 17:42

Tolosaldea Garatzenek eta Tolosaldea Institutuak 'Merkataritza jarduera' erdi-mailako zikloa aurkeztu dute.

2014ko irailetik aurrera zerbitzuen sektoreari begirako ikasketak egiteko aukera izango da Tolosaldean, Merkataritza jarduerak izeneko erdi-mailako zikloari esker. Sektorea etorkizunari begira jartzea helburu duen egitasmoa Ibai Iriarte Tolosaldea Garatzeneko lehendakariak eta Gorka Igartua Tolosaldea GLHIko zuzendariak aurkeztu dute, Lehiberri zentroan.

Erdi-mailako zikloa aspaldian hasitako lanaren fruitua dela azaldu dute agerraldian, eta tresna garrantzitsutzat jo dute, herri biziak izateari begira: "Merkataritzak lanpostu kopuru handia sortzen du eskualdean, eta zerbitzua ere kalitatezkoa da", nabarmendu du Ibai Iriartek. Horrekin batera, Tolosako merkataritzak duen erreferentzia-izaera ere gogora ekarri dute, komertzio txikien esparruan merkataritza-dentsitate handiena duen herria dela azalduz.

Ezaugarri horiek guztiak elkartuta, Iriartek eta Igartuak arlo hori jorratzeko ziklo bat beharrezkotzat jo dute, bai saltokiak lehiakorrago bilakatzeko, eta baita belaunaldi berriak sektorera hurbiltzeko ere.

Horrela, Tolosa eta inguruko herrietako erakunde pribatu nahiz publikoen atxikimenduak biltzen aritu dira, Hezkuntza Sailari zikloa ezartzea eskatzeko: "Iaz ere eskaera egin genuen, baina ezezkoa jaso genuen. Aurten, Andoaindik hasi eta Urretxura bitarteko udal eta merkatari elkarte guztien atxikimendua jaso dugu, eta baita Leitzakoena ere".

Merkatariak teknikoago

Egitasmo berriak "bi hartzaile nagusi" izango dituela azaldu du Gorka Igartuak: hezkuntza araututik iritsiko den jende gaztea espero dute, batetik. Era berean, jada merkataritzaren esparruan lanean ari direnentzako irtenbide berriak eskainiko dituzte, hezkuntza araututik kanpo.

Beraz, erdi-mailako zikloarekin batera ikastaroak eskainiko dizkiete merkatariei, beren negozioak garai berrietara egokitzeko, salmenta-bide berriak ezagutzeko nahiz hizkuntzak ikasteko.

Finean, merkatarien jarduna teknifikatzea izango da jomuga eta, horren harira, "epe luzera begirako fruituak" emango dituen egitasmoa dela uste du Ibai Iriartek.

Aipatzekoa da erdi-mailako zikloko ikasleek praktikak dendetan egiteko aukera izango dutela bigarren ikasturtean, eta horrek belaunaldi-erreleboa ere sustatuko du zerbitzuen sektorean.

Merkataritza jarduerak zikloa aurrera ateratzeko gutxienez 16 ikaslek matrikula egitea beharko dute institutuan, eta aurrematrikulazio epea maiatzaren 17tik ekainaren 6ra zabalik izango da; bide horretan, ate-irekien jardunaldia egingo dute aste honetan, hilaren 8an, 17:00etatik 20:00etara bitarte

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!