Tolosarra eta peto-petoa gainera, Olarrainen, Olarrain-Berri etxean jaio baitzen 1837an, gertakari belikoek Oriaren alboan zuten kobre pertzategia suntsitu zuten garaitsuan. Gerra ostean berriro ere martxan jarri zen burdinola, familia tradizioa jarraitzen zuena. Bere aitona Frantziatik etorria zen mende hasieran eta laster egin zuen gora egitura sozialean. Pisuagan aurrena, Belauntzan gero, kobrezko pertzak egiten aritu zen. Asteasuko aprendiz bat izan zuen alboan hasieran. Negozioa zabaltzen joan zen, eta Lehen Gerra Karlistaren ostean Olarraingo burdinola hura zen Tolosa osoko soldatarik ondraduenak ordaintzen zituena.
Izan ere, paper fabrika berrietan ez bezala, burdinolako lanak langile espezializatuak eskatzen zituen eta oso estimatuak izan ohi ziren iaiotasun tekniko haiek zituzten langileak. Kontuan hartu behar da lau bat urteko «ikasketak» egiten zituztela maisu artisauaren ondoan behar besteko gaitasunak bereganatzeko, eta jan-edanaren truk. Beste lantegietan ez bezala, haragia eta garbantzuak jaten zituzten langile haiek, eta edateko kuartilo bat ardo ere izaten zuten. Beste lekuetan babarrun eta sagardoarekin konformatu behar izaten zuten. Baina dena den gerra osteko hamarkadan itxi zuten pertzola eta Tolosaldeko beste manufaktura tradizional asko bezala paper fabrika bilakatu zen. Hala ere, gorakada soziala emana zegoen, Feliperen aitonak bere odol garbitasuna frogatu baitzuen eta honek garai hartan pribilejio sozial eta politikoak adierazten baitzituen.
Lehen heriotzarako bidea
Felipe Dugiolsek ez zuen bizibide arrunta aukeratu. 1860an Afrikako Gerran aritu zen eta itzuleran Oñati aldera joan zen. Han harrapatu zuen Bigarren Gerra Karlistak eta hemen hasten da bere lehen heriotzarako bidea. Diputazioak antolatutako Boluntario Liberalen talde bateko buru aritu zen gerran eta orduko elezaharren artean Santa Cruzekin ibili zituen tirabirak gelditu dira. 1876an amaitu zen gatazka militarra. Gerra Karlista honen amaieraren irakurketak badu ordea elementu arazotsu bat. Foruak gerra amaitu eta hilabete batzuetara abolitu baziren ere ez zen gerra foral bat izan, ez zen foruak jokoan izan zituen gatazka bat izan, ez bere kausetan eta ez bere ondorioetan.
Gerra amaitu ostean ordea, Canovas del Castillo gobernuburua indartsu sentitzen zen. Euskal liberalekin negoziazioak hasi zituen, soldaduska eta erregimen fiskal komun bat Estatu osoarentzat jarri asmoz. Euskal liberalek ezezkoa eman zioten eta foruen defentsa egin zuten negoziazio horietan. Negoziazioak inora iritsi ezinda Canovasek berea egin zuen, baina aldi berean oposizio garrantzitsu bat antolatu zen Euskal Herrian, bai karlista, liberal, errepublikar eta dena delako kolore politiko foruen alde elkartu baitziren. Altxamendu militar bat pentsatu zen Euskal Herrian. Eta Dugiols liberala izan zen Dorronsoro karlistarekin batera altxamendu hura antolatzen aritu zenetako bat. Gobernuak horren berri izan zuen. Dugiolsen karrera politiko-militarra heriotzara kondenatu zuten, Filipinetako kolonietara bidalita. 1878ko Kontzertu Ekonomikoekin euskal eliteak samurtu zituen Canovasek.
1890eko hamarkadan itzuli zen Dugiols, baina Gipuzkoaz kanpo edota Donostian bertan eman zizkioten postuak. Filipinetako giroa berotzen ari zen ordea eta independentziarako borroka martxan zen. Behar beste militar behar eta, berriro destinatu zuten hara eta ez zen itzuliko hil baino urte batzuk lehenago arte. Heroitasuna frogatu omen zuen bataila haiek guztiak alferrik izan ziren ordea, 1898an independizatu baitziren Filipinak. Donostian pasa zituen bere bizitzako azken egunak. 1900ean hil zen biologikoki, eta bigarren heriotza honen ostean, Tolosako herriko seme loriatsu bilakatu zen. Emeterio Arresek, Ramos Azkaratek, poemak, bertsoak eskaini zizkioten prentsan. Bere hileta elizkizunak gertakari sakona izan ziren komunitate tolosarrarentzat. Prentsaren arabera, Tolosako elite guztiak eta herri xehea hurbildu ziren bertara euren herritarra omentzera. Espainiaren loriaren alde eginikoak goraipatu zitzaizkion. Kale Nagusiari «Felipe Dugiols» izena eman zitzaion eta Trianguloan bere omenezko estatua erraldoi bat jarri zen, zeina eraikitzeko Koroak ere bere dirua jarri zuen. Honetan bai, jarrera erasokorrean, eraso gunea seinalatuz, agertzen zen, bizar ez hain estilizatu batekin. Bere oinetan hiru baxuerliebe, Manilako, Santo Tomaseko eta zenbait emakume salbatu zitueneko gertakari heroikoak oroituz. 1901ean inauguratu zuten, Errege Martxaren melodiak eta bandera gorrihoriek lagundurik.
Bere hirugarren heriotzarako ordea Dugiolsek jada ez zuen tolosar guztien sinbolo izateko balio. Inongo arazorik gabe gera zitekeen, izan ere, espainiar nazioan loriak erakusten zituen, bere semeen adorea eta odola, iragan inperiala, eta hori dena herriko seme batengan irudikatua, Tolosak Espainiari emandako dohaina. Baina liberala izan zen. Eta autoritate frankistak deseroso sentitzen ziren horren aurrean. Hala bada, 1937an erretiratu zuten monumentua eta bere lekuan Altxamendu Nazionalari eskaini zitzaion plaza, Falangearen eta Karlisten sinboloak biltzen zituen monumentu batekin. Gizarteak, eta berekin sinboloek, eraldaketa sakonak bizitu zituzten mende baten baitan, Dugiolsen «aitzakiak» erakusten duenez. Franco hil ostean jarriko zitzaion monumentu berri bat, orduko Iparragirre zinemen alboan. Monumentu berriak jada ez zuen zaharraren patriotikotasuna, ez jarrera erasokorra. Bizarraren gisan estilizatu zizkioten hauek ere.