"Irudi kultura gizartean sustraituta dago eta eredu horretara jotzea kaltegarria izan daiteke"

Felix Aiestaran 2014ko mai. 3a, 12:10
Iñaki Arratibel Imazek etxetik xurgatu zuen kirola eta kirol medikuntzaren bidea zabaldu du, duela 30 urteko norbere kasa hasi eta gaur eguneko kirol jarduera planifikaturaino

Kirol masifikazioaren oinarrian dagoen plangintza eta osasun jarraipen gabeziak kezkatzen du Iñaki Arratibel eta jarduera fisikoak osasunarentzat dituen onurak aldarrikatu nahi ditu.

Arratibelek Abraham Olano eta beste hainbat izarrekin txirrindularitzaren gailurrean aritzeko zoria izan zuen eta gaur egun euskal txirrindularitzak bizi duen gainbeherak kezkatu egiten du.

Guzti honetaz gain, Tolosa CF-ren lehendakaria bederatzi urtez izateko adorea izan du eta norberaren gaitasun anaerobikoa ateratzeko metodoa azalduaz tesia egin berri du.

Zerk eraman zintuen 1987ko Alemanian kirol medikuntza ikastera?
Txikitatik kirol medikua izan nahi nuela esaten nuen etxean. Traumatologia aldetik edo zerbait egiten zen hemen, baina entrenamendu lanketarako eta fisiologia aldetik ez zegoenez ezer, Alemaniara joan nintzen ikasketak egitera.

 



Zaletasun hori nondik sortu zitzaizun?
Etxean kirola beti inguruan genuen, osaba Joxemari Tolosa CF-ko lehendakaria...

Kirol medikuntza basamortua izango zen garai hartan, ezta?
Hemen ez zegoen ezer. Biltzar txiki batzuk egiten hasi ginen.

Zein bilakaera izan du hemengo kirol medikuntzak ordudanik?
Bilakaera nahikoa aldrebesa izan da. Jendeak kirol medikuntza behar dela ulertu egin du, baina espezialitateak egiteko oztopoak jartzen ari dira. Osasuna zaintzeko kirolaren garrantzia aipatzen da, baina kirol medikuntza Osakidetzatik kanpo gelditzen denez, pixka bat baztertuta sentitzen gara. Errehabilitazioan ere erabili nahi bada, jarduera fisikoa ondo ezagutu behar da horretarako. Espezialitatea MIR-aren bidez besterik ezin da egin. Beste MIR-ak egiterakoan kobratu egiten dutenez, eta kirol medikuntzako MIR-ean ez denez kobratzen oso zaila egiten da, beste bi edo hiru urte horrela jarraitzea.

Orduan astakeriak egiten ziren kirol plangintzarik ez zegoelako... Gaur egun ez al dira berdin egiten astakeriak, kirol jarduera landu eta zaintzeko bitarteko guztiak izan arren?
Kirola nolanahi egiten duenak bere burua arriskuan jartzen du. Ariketa fisikoa egitea ez da gorputza estres batean jartzea, horrek arriskua baitu. Agertzen ari diren muturreko kirol berriek: mendiko lasterketak, eta beste... Kirol medikuok aipatzen dugu, gorputza muturreko egoerara eramaten duten kiroletan, batzuetan muturreko kirol jarduerak duen berezko arriskuari, planifikazio ezarena eransten zaiola.

 

 



Zein izango litzateke neurria, mantenurako kirol jarduera osasungarria?
Ameriketako Kirol Medikuntzako Federazioak atera berri duen liburuak dioen modura, astean gutxienez 150 eta 300 minutu arteko kirol ariketa egitea gomendatzea ahalik eta egun gehienetan banatuta. Hobe bost egunetan aritzea. Egunean ordu bete baino gehiago eginez gero, ez dago hobekuntzarik eta lesioak izateko arriskua asko handitzen da.

Ez al dago gorputzaren kultu gehiegizkorik gaur egun?
Irudi kultura gizartean sustraituta dago. Eredu horretara jotzea kaltegarria izan daiteke. Txokolate tableta izateko lan handia egin beharra dago eta genetikoki ere zerbait izan behar duzu. Obsesio puntua badago.

Ez al da kirol muturrekoa garatzen ari: mendian gora korrika, adibidez?
Behobia-Donostia moduko proba batean gero eta partaidetza handiago baten bila aritzean, partaide horiek prestatuta dauden edo ez jakin gabe, arrisku handia dago. Gizartean, oro har, arriskuan bizitzeko joera dago, eguneroko estresa askatzeko edo... Gerorako izaten diren arazoak orain hasi gara ikusten: desgasteak, bizkar hezurreko arazoak...

Gaur eguneko Tolosako sozializazio gune nagusia ez al da Usabal?
Usabalgo kasua guretzat fenomeno bat den bezalaxe, kanpokoentzat ere halaxe da. Bertako biztanleria aintzat hartuta, Usabalen horrenbeste bazkide izatea oso harrigarria da. Tolosan betidanik izan da kirola egiteko joera. Berazubiko estadioa lehenengoetakoa izan zen, mendia, eskia... Usabalgo instalakuntzak oso onuragarriak izan dira kirola egiteko.

Zer egin dezakete erakundeek kirol osasunaren alorrean?
Erakundeek asko dute egiteko kirol medikuntzaren alorrean. Kirol instalakuntza aldetik Euskadi maila egokian dago, baina gaur egun ez da aski horrekin, osasunaren bide bat jarduera fisikoa dela planteatu beharra dago. Gazteentzat kirol instalakuntzak hortxe egon behar dute, baina orain arte jarduera fisikora inguratzen ez zen jendea inguratzeko Osakidetzak edo udalek bere lana egin behar dute. Gaixo dagoena edo egon izan denaren hobekuntza jarduera fisikotik etortzen da. Hori ondo ezagututa egin behar da. Fakultateetan profesionalak formatzen ari gara eta horiek bideratu behar dute. Hau ez dakit nola uztartu behar den, Osakidetzatik... Hasieran gastua da, baina onurak gero etorriko dira.

 

 



Tolosa CFren elastikoa duen umeak ez al du bere kirol erakusgarri erabiltzen?
Bitxia da futbol eskolaren arrakasta izugarria. Baina, nik beste arloetakoei esaten diet ez arduratzeko gehiegi. Umeak futbolean hasten dira eta bertan jasotzen duten heziketa: entrenatzeko ohitura, taldeko lana... beste kiroletara pasatzean baliagarria izango zaie.

Zein balio garatu behar dira haurrengan?
Bere kideen arteko errespetua funtsezkoa da. Gurasoen artekoa ere aipatu beharra dago. Penagarria da, gurasoak epaileari irainak botatzen ikustea. Irabazteko grina hor egon behar du, baina beti errespetua izan behar da, bai galdu edo irabazi egin dutenen artean. Epaileei egindako erasoak izatea oso larria da, onartezina da 14-15 urteko epaileari helduak kargu hartzen ikustea.

Abrahamekin hasi zinenetik txirrindularien medikuntzan ibilbide luzea egin duzu... Dopinaren itzalak zokoratu du Espainiako Itzulia antolatzetik...
Abrahamekin aritu ginenean ez genuen inolako arazorik izan alde horretatik, eta orain egin diotena oso larria da, txirrindularitzaren garai korapilatsu haiek berriro nahastea ez da oso egokia, Abrahami bere burua babesteko aukerarik ez diotelako eman. Onartu dute ez zutela bota behar, baina kalte-ordaina eman eta kalera bota dute. Hor joko bat dago, gaizki egin dutela onartu, baina kaltea egina dute, dagoeneko. Datuak badituzte atera egin beharko lituzkete eta txirrindulariak bere azalpenak emango lituzke.

Euskal txirrindularitza gainbehera al doa? Euskaltel ez da izango eta milaka euskal zale ikusezin bihurtuko ote dira?
Euskadi Fundazioa hasi zenetik euskal txirrindularitza goraka joan da, urtero txirrindulari gazteak goraka joanaz, mugimendua bazegoelako. Reala desagertuko balitz futbolariak irudi eta irtenbide aldetik galduta geratuko liratekeen modura, halaxe daude euskal txirrindulariak. Euskaltelen talde kontzeptua eta mentalitatea ikaragarria zela aipatzen zidaten toki guztietan. Horrelako taldea maila hartan mantentzeko gai izateak inbidia sortzen zuen. Beste tokitan antzeko zerbait egiten saiatu ziren baina ez zuten lortu.

Zer izan da eta izan beharko luke txirrindularitzak Euskal Herrian?
Txirrindularitza euskaldunon izaerarako kirol oso aproposa da. Banaka eta aldi berean taldekako borroka dago. Txirrindularitzan errespetua nagusi izan da. Tourrean kotxez pasatzean Urs Freulerrek esan zidan, horrenbeste jende biltzea Herbeheretako eta Belgikako klasikoak kenduta, munduan oso leku gutxitan gertatzen zela. Euskal Herrian edozein probetan biltzen da jendetza.

Azken Behobia-Donostian hildako bat izan zen... Jasangarria al da?
Ez da onargarria Behobia-Donostia batean hildakorik izatea, batez ere horrelakorik ez gertatzeko neurri guztiak ez direlako hartzen. Helmugan izaten naizenean eta korrikalariak nola iristen diren ikustean, bat izatea ez, gehiago ez izateaz zortea dugula pentsatzen dut. Horrelako gertaerarik ez izateko baldintzak jartzen ez diren bitartean horrelakoak izango dira berriro ere.

Tolosa CFko jokalaria hil zen ondoezik... Osasun jarraipena egiten al da?
Hiru edo lau errekonozimendu eginak zituen. Azken bi urteotan ez zuen egina eta aurten pasatzekotan zen, lehenago ezin zuela eta hitz eginda genuen. Duela hogeita bost urte hasi ginen Tolosa CF-n errekonozimenduak urtero egiten. Egia da, horrelakoren bat gerta daitekeela noizbehinka, baina egia da hemen bati baino gehiagori galarazi diodala kirol jarduera egitea, ezer larririk gertatu baino lehen.

Desfibriladoreak jarri behar al dira toki publiko guztietan?
Berazubin jarrita genuen eta ikastaroak ere eginda genituen. Talde bakoitzetik gutxienez bi teknikarik desfibriladorearen erabilera jakin behar dute. Desfibriladoreak ez du beti salbatzen, baina bera izateak gutxienez, ateratzeko aukera bat ematen du. Ahalik eta jende gehienak bere erabilera jakitea komenigarria da eta ez zaio beldurrik izan behar oso sinplea delako.

Tolosa CFren lehendakaritzan zer bizipen izan dituzu?
Bederatzi urte pasa aritu nintzen, 2005ean hasita. Gure lan taldeari aldaketa handiko une gogorra egokitu zitzaigun. Estatutu berriak egin behar ziren, horrekin batera araudi bat berritu genuen. Udalarekin Berazubirekin zer egin behar zen hitz egiten hasi ginen. Obrak kudeatzea eta beste gogorra izan da, bakoitzak bere aldetik jotzen zuelako. Bilera eta ordu askoko lana izan da. Kirol kudeaketarekin zuzenean zerikusi zuzena ez zuen kudeaketa lan handia egin behar izan da. Asko kosta izan da, baina udala, Muñoa fundazioa eta Tolosa CF artean hitzarmen egokia egiteko norabide berean tiraka aritu izan gara eta hori eskertzekoa da.

Zer egin behar da iraganean igandero harmailak betetzen zituen Tolosa CFren etorkizuneko erronkari eusteko?
Tolosa CF-ek kirolaren sustapenean lan egin behar du. Usabal eta Berazubiko instalakuntza berriekin kirol desberdinek goraka egin dute; futbolak ere bai. Gu hasi ginenean 400 kirolari ari ziren Tolosa CF-n, gaur egun 600tik gora ari dira, barruan zegoen TAKE bere aldetik joanda ere. Honelako kopuruak leku gutxitan daude. Tolosa CF-ren ateak edonorentzat zabalik daude. Atletismoan izugarrizko arrakasta izaten ari da, eskubaloian igo egin gara, baina futbolean bezalaxe ekonomikoki izan daitezkeen eragozpen ekonomikoak kontuan izan behar dira, hankak lurrean izanik.

Euskaldunon kirol kultura egokia al da?
Nik uste dut baietz. Nik hemen egiten ditudan azterketa medikuen %90 euskaraz egiten ditut. Beste gauza bat da gurasoren batek ez duelako ulertuko txostena egiterakoan erdaraz osatu behar izaten dela batzuetan, baina txostenak euskaraz ere egiten ditugu. Tolosan kirolaria gizartearen abiadan euskaldundu da, baina entrenamenduetan terminologia falta delako edo, erdarak badu tokia oraindik ere.

Azal ezazu egin berri duzun tesia, Norberaren Atalase anaerobikoa kalkulatzeko metodoa izenekoa.
Hamabi metodo alderatu ditut eta hemen urteetan egindako lanean bildutako datuak kontuan izanik, hamasei korrikalari eta beste horrenbeste txirrindularirekin aritu naiz egunero astebetean ordu berean testa egiteko. Sei urteko lana izan da eta kirolariek entrenamendurako erabil dezaten euskaraz argitaratu nahiko nuke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!