«Buruko gaixotasunetan estigma asko daude, gizarteak markatu egiten gaitu»

Imanol Garcia Landa 2014ko api. 30a, 10:24
Sergio Saldaña idazle eta nahasmendu bipolardunak, gaixotasun honen inguruko hitzaldia emango du gaur Tolosako kultur etxean

Gaixotasuna diagnostikatu ziotenean, irakurri nahi izango zuen liburua idatzi du Sergio Saldañak (Iruñea, 1976), Tengo trastorno bipolar (Nahasmendu bipolarra dut) izenekoa. Agifes elkarteak antolatuta, hitzaldia emango du gaur, 18:30ean, Tolosako kultur etxean.

Nahasmendu bipolar hitzak entzun ohi dira, baina orokorrean ez dakigu zer den. Nola definituko zenuke?

Ez naiz ez sendagilea ezta psikiatra ere, beraz nire modura emango dut: nahasmendu bipolarra dutenei lehen, eta gaur egun ere, maniako depresiboak deitzen zitzaien. Gogo egoeraren gaixotasuna da, eta euforia egoera batetik gora, mania egoera batera joaten gara, eta denbora pasatu ondoren, egoera melankoliko edo depresio kliniko egoera batekin lotu dezakegu. Eta horrela gabiltza bizitzan zehar.

Eta nola jakin daiteke gaixotasun hori duzula?

Depresioarekin bazaude ez da diagnostikatzen. Behin gora zatozenean eta gaiztakeriak egiten dituzunean, eta euforiko bazaude, orduan loturak egiten hasten dira eta esaten dute pertsona horrek ez duela bakarrik depresioak, beste zerbait baduela. Euforia handiarekin zaudenean, nabarmenkerian aritzen zara, eta sintoma argiak daude, eta hor psikiatrek asmatu ohi dute.

Nola eramaten da gaixotasun horren egunerokoa?

Nire kasuan etapak pasatzen joaten zara. Ia 20 urte badira diagnostikatu zidatela, eta hasieran gaizki eramaten duzu: mediku baten kontsultatik ateratzen zara eta esaten dizu bizitza osorako gaixotasun bat duzula eta bizitza osoan medikamentua hartu behar duzula; medikamentua hartu arren, krisiak ere izango dituzula; beraz zure aldetik ere jarri behar duzula, eta bizitza erregulatuago bat eraman behar duzula... Hori guztia 18 urterekin bota zidaten, eta nire nortasunarekin ez zihoan bat. Lehenengo urteak oso gogorrak izan ziren niretzat eta nire ingurukoentzat. Adinean aurrera egin ahala, heltzen joaten zara alor guztietan. Onartzen duzu daukazuna, gehiago zaintzen bazara gizarteak faktura gutxiago pasarazten dizkizula, adibidez ospitaleratze edo epaiketa gutxiago izanez. Erremintak hartzen joaten zara bizitzari zukua ateratzeko modu neurtuagoan biziz.

Nolatan animatu zinen liburua idaztera?

Beti idatzi izan dut. Nire bikotea haurdun zegoen orduan eta une horretara iristeko zer gertatu den laburbiltzen hasi nintzen. Jasotako idatzizko informazioa oso teknikoa zen, eta ikusten nuen beharra nuela lehen pertsonan zerbait irakurtzeko. Animatu nintzen, eta hitzaurrean azaldu dudanez, 20 urte nituenean gustura irakurriko nukeen horrelako zerbait: bizipenak lehen pertsonan, besteek egindako akatsak... Idazteak terapia moduan balio dit eta komunikatzeko modu egokia iruditzen zait.

Desmitifikazioak eta anekdotak da liburuaren azpititulua. Orokorrean gizartean beldurra sortzen digute horrelako gaixotasunek?

Buruko gaixotasunetan eta beste batzuetan ere estigma asko daude, gizarteak markatu egiten gaitu. Bakoitza ahal duen moduan saiatzen da horren aurka egiten, eta asmoa zen nire hondar alea jartzea, egoera egonkor batean aurkitzen nintzela, aspaldian krisi larririk izan gabe. Gaiari larritasuna kendu behar zaio: buruko gaixotasunak dituen jendeaz inguratuta gaude, eta ardura handiko karguak dituztenak. Ez da batere laguntzen gauzak ezkutatzen direnean. Pixkana ateratzen da jende ezaguna, Javier Alvarez musikaria eta Juanele futbolaria adibidez, nahasmendu bipolarra dutela esanez. Bestalde, batzuetan ez zait asko gustatzen ematen zaio gehiegizko drama kutsua. Anekdota barregarri asko ematen dira, eta egoera asko dramatik eta tristuratik urrun daudenak. Agian saiakera egitea dago alde komiko horretan, saldu gabe hau dena poztasuna eta umore ona denik. Baina bai esanez gaitasuna dugula positiboa denari heltzeko eta aurrera egiteko.

Hitzaldia emango duzu gaur. Ausardia erakusten duzu gaiari buruz liburua idatzi eta gainera hitzaldia ematean.

Kontua da aurpegi handia dudala... Azkenean ikusi genuen pertsona batek lehen pertsonan kontatzen dizunean eta gainera zure hizkuntza erabiliz, eta zuk bizi izan dituzun egoera berdinak azaltzen dituela, solasaldi horren eragina eta espezialistek edo psikiatrek ematen dituzten hitzaldiena ezberdina da. Nire behar pertsonala ere bada, lehenengo hitzaldia eman nuenean konturatu nintzelako hitzaldi bateko lapur handiena hitzaldia bera ematen duena dela; hitzaldi batetik gehien eramaten duena neu naiz. Saiatzen gara ahal den parte-hartzaileena izaten, jendea animatu egiten da eta egoera baten aurrean zer jarrera hartu duen azaltzen du, eta erraz jartzen zara bere lekuan; asko ikasten duzu bizipenak elkarbanatzean.

Zenbait gaixotasunei buruz publikoki hitz egitea onuragarria izan behar du guztiontzat.

Askok galdera berdina egin diogu gure buruari: bakarrak gara diagnostiko honekin edo bizi dudana niri bakarrik gertatzen zait? Publikoki hitz egitea sozializatzen du, eta erronka ere bada profesionalek beste ikuspegi bat jasotzeko. Animatu nahi ditut bereziki diagnostikorik ez duen jendea, egun urruti geratu dakiokeena, baina informazioa elkarbanatzen denean beti ikasi daiteke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!