Zazpi ikastaro izango ditu aurtengo Jabetze Eskolak

Mikel Iraola 2014ko api. 29a, 21:02
Aurrez ikasle izan diren emakumeek egindako proposamenekin osatu dute aurtengo programazioa. Orain arte 19 emakumek eman dute izena, eta ikastaro bat dagoeneko hasi den arren, oraindik zabalik da izen ematea.

Emakumeen partaidetza eta jabekuntza sendotzeko helburua duen Jabetze Eskolaren 2014ko programa aurkeztu dute gaur arratsaldean. Emakumeen esperientziak, jakintzak eta narrazioak partekatu, gorputzaz disfrutatu, artea egin edota aldarrikapenak garatzen dituzten zazpi tailerrek osatzen dute aurtengo egitaraua. Dagoeneko ekin diete lehen tailerrei, eta ekainera bitarte luzatuko dira ikastaroak.

Pasa den urtean prestakuntza berezi honetan parte hartu zuten emakumeen iritzia eta beharrak jaso ondoren osatu dute tailer sorta, eta adin guztietakoen interesak islatuak izatea bilatu dute, Miren Urkola, berdintasun zinegotziak azaldu duenez. Hori dela eta antolatu dute lehen tailerra: "Autoestima eta jabetzea".

Atzo eman zitzaion hasiera Pepa Bojó irakasle duen ikastaro honi, eta ekainaren 16ra arte astelehenero bilduko dira kultur etxean. Emakumeek hausnartzeko eta elkarrekin autoestimuaren inguruan ikasteko sortutako ikastaroa da. Batukada feminista tailerrari ere atzo eman zitzaion hasiera. Arantxa Vicedo Rubio eta Ainara Sarasketak eskainiko dute, eta beste hiru saio izango dira maiatzaren 5 eta 19an, eta ekainaren 9an, 18:30etatik 20:30era ferialekuan.

Aipatu, gazteleraz eta euskaraz izango direla ikastaro hauek, izan ere, kanpotarrak diren emakumeei begira antolatu dituzte tailerrak. Izena emateko bi modu daude: berdintasuna@tolosakoudala.net helbidean edo 943 67 03 83 telefonoan. Ikastaro guztiak doakoak dira, eta aurretik eskatuz gero, haurtzaindegi zerbitzua ere eskainiko da.

Hona hemen egitarau osoa:

AUTOESTIMU ETA JABETZE TAILERRA

Dinamizatzailea: Pepa Bojó
Egunak: Apirilaren 28tik Ekainaren 16ra arte. Astelehenak. 8 saio.
Ordua: 15:00 - 17:00.
Lekua:  Kultur Etxea (Triangulo Plaza).
Gaztelania.

Tailerraren asmoa da gune bat izatea guk emakumeok  hausnartzeko eta elkarrekin ikasteko gure bizipen, gure emozio eta batez ere gure autoestimuari buruz. Ikasiko dugu ezagutzen gure gaitasunak eta balioa, zaintzen mental eta emozionalki, mugak jartzen, hau da, azken finean, ikasiko dugu gure autoestimua modu osasungarrian garatzen, norberaren ahalmena beregain hartuz. Hori guztia norberaren ahalduntze prozesuaren atal bat bezala hartu behar dugu. Beharrezkoa, hain zuzen ere, guk emakumeok garatzeko, geure bizitzaren jabe garela sentitzeko, segurtasuna eta autokonfiantza irabazteko eta berdintasunezko eta tratu oneko harremanak izatera heltzeko.

BATUKADA FEMINISTA TAILERRA

Dinamizatzaileak: Arantxa Vicedo Rubio eta Ainara Sarasketa.
Egunak: Apirilak 28; Maiatzak 5 eta 19; Ekainak 9. Astelehenak.
Ordua: 18:30 - 20:30.
Lekua: Feriala. San Esteban Auzoa.
Elebiduna.

Zergatik egin batukada feminista ikastaro bat? Musikaz eta mugimenduaz disfrutatuz emakumeak ikusiak eta entzunak izateko aukera. Musikara gerturatu eta ondo pasatzeaz gain, beste emakume batzuekin batera talde-lanean aritzeko, sormena landu eta autoestimua igotzeko. Emakumeok kalera irten eta espazio publikoak okupatu bitartean jendeari gozarazteko.

AUTODEFENTSA FEMINISTA TAILERRA

Dinamizatzailea: Emagin Elkartea.
Eguna: Maiatzak 10. Larunbata.
Ordua: 10:00 - 14:00 / 16:00 - 20:00.
Lekua: Kultur Etxea (Trianguloa)
Euskera

Autodefentsa Feminista ez da defentsa pertsonal hutsa. Askoz harago doan filosofia, metodoa eta estrategia da. Autodefentsa Feminista, emakumezko espazioetan lantzen da, emakumeen elkartasunetik sortzen baita, eta elkartasun honetan oinarritzen den metodoa da. Era anitzetako erasoak irudikatuz hauei aurre egiteko erantzun indibidual naiz kolektiboez ariko gara. Gure beldurrak identifikatu eta hauei aurre egiten ere ikasiko dugu, baita ezetz esaten ikasi eta gure amorruari toki egiten ere. Autodefentsa feministaren bitartez norberaren gaitasun eta ezaugarri positiboen jabetza landuko dugu. Horretarako, hainbat dinamika eta jolas erabiliko ditugu guztien artean hausnartu eta alternatibak lantzeko. Taldeak eta norbanako bakoitzak hartuko du garrantzia. Guztiok izango gara adituak, guztiok baitakigu erasoei aurre egiten.

ZORU PELBIKOA ZAINTZEKO TAILERRA

Dinamizatzailea: HAZIA Fisioterapia.
Egunak: Ekainak 3, 10 eta 17. Astearteak.
Ordua: 17:00-19:00.
Lekua: Kultur Etxea (Trianguloa).
Elebiduna.

Pelbis-zorua ahuldu egiten da bizitzan zehar, lan egiten dugunean, pisua kargatzen dugunean, erditzean... Urteak pasatu ahala geroz eta gehiago ahultzen da. Ikasturte honetan sortuko dugu topagune bat emakumeentzat, garatuko ditugu gure gorputza zaintzeko ezagupenak eta landuko dugu, modu osasungarrian, pelbis zonako muskulatura.

NIK ERE BADITUT IKASKETAK. NOLA HOMOLOGATU?

Dinamizatzailea: Katja Reinberg Castello. Bidez Bide Elkarteko kidea.
Eguna: Ekainak 7. Larunbata.
Ordua: 10:30 - 12:30.
Lekua: Abastos (Plaza Berria).
Gaztelania.
Tolosaldea Garatzen-eko Migrazio eta Aniztasun Sailarekin elkarlanean.

Emakume askok jatorrizko herrietan ikasketak burutu zituzten, baina egun ez daude horretan lanean. Bigarren hezkuntza, batxilergo, ikasketa tekniko ego goi mailakoen homologazio, balioztatze eta onarpen prozesuaren inguruko informazioa, aholkularitza eta orientazioa emango dira.

PLAN BAT DAUKAGU! PARTE HARTZEKO TAILERRAK,
TOLOSAKO III. BERDINTASUN PLANA EGITEKO.

Dinamizatzaileak: Berdintasun Arloa eta III. Plana egiteko taldea, Dominique Saillard eta Raquel Lopez.

1. Tailerra: Nola eragiten du krisiak emakumezkoen eta gizonezkoen bizitzetan?

Eguna: Maiatzak 30, ostirala
Ordua: 16:00-20:00
Lekua: Abastos (Plaza Berria)
Elebiduna

Ekonomia feministatik planteatutako azterketa- jarraibideak ainzat hartuta, identifikatuko dugu denon artean krisi ekonomikoaren genero inpaktua gure herrian. Leherketa finantzarioaren ondorio larrietatik haratago begiratuz, hitz egingo dugu egungo sistema sozio-ekonomikoa sustengatzen duten egiturazko desberdintasunez, eta jarduteko proposamen zehatzak egingo ditugu Tolosako Emakume eta Gizonen Berdintasunerako III.  Planerako.

2. Tailerra: Berdintasunezko kultura baterantz

Eguna: Ekainak 6, ostirala
Ordua: 16:00-20:00
Lekua: Abastos (Plaza Berria)
Elebiduna

Tolosako kultur eskaintza eta jarduerak aztertuko ditugu, identifikatzeko zein faktorek ikusezin bihurtzen duten emakumeen kultur ekoizpena. Azpimarratuko da, era berean, genero sozializazioko mekanismo nagusien azterketa, identifikatzeko ekimen eta proposamen zehatzak,  Tolosako Emakume eta Gizonen Berdintasunerako III. Planean sartzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!