Topic museoaren aldizkako erakusketara sartzerakoan, Mua Teu pertsonaiak egiten dizu harrera. Bera da Vietnamgo ur gaineko txotxongiloen ikuskizunetan aurkezle lanak egiten dituena. Lodikotea eta gaztea, zerutik jaitsitako bufoia da, eta Vietnamgo herriaren umorea eta baikortasuna islatzen ditu.
Maria San Sebastian Topic museoko arduradunak azaldu duenez, erakusketan agertzen diren txotxongiloen berezitasuna beste inon erabiltzen ez den teknika batez mugitzen direla da: «Vietnamgo ur txotxongiloak teknika tradizional batez erabiltzen dira, aspaldidanik beste inon erabiltzen ez dena. Dirudienez, Txinan, eta Afrikan ere, XI. edo XII. mendean bazeuden ur txotxongiloak, baina hortik aurrera Vietnamen bakarrik egiten da».
Ikuskizunetan banbu makilekin, bi metro eta erdi ingurukoak, mugitzen dira txotxongiloak. Horretarako, txotxongilolariak bular ingururaino ur barruan sartuta egoten dira, eta oihal baten atzean; beraz, ez zaie ikusten, eta txotxongiloak benetan ur gainean bizirik daudela dirudite. Txotxongiloak egurrezkoak dira eta flotagailua izaten dute ur gainean egotea errazteko. «Mugimendu asko ez dituzte artikulatzerakoan», dio San Sebastianek, «baina ikuskizuna oso ikusgarria da, oso koloretsua baita, txotxongiloek laka dute eta beraz oso distiratsuak dira. Ikuskizunean musika, sua, banderak... erabiltzen dituzte eta oso dinamikoak dira».
Museoan erakusten den aldizkako 13. erakusketa da, eta kasu honetan, materiala museorena da. «Batzuetan kanpotik ekarri ditugu erakusketak, eta beste batzuetan saiatu gara gure bilduman ditugunekin erakusketa antolatzen», azaldu du San Sebastianek. Txotxongiloak museoaren parte izatera iritsi zireneko istorioa berezia da: «Titirijai jaialdira etorri zen konpainia, bitan, 2002an eta 2007an. Guk normalean konpainia bakoitzari hemengo gastu guztiak ordaintzen dizkiogu, baina bidaiak ez. Beraientzat Vietnamera itzultzea txotxongilo guztiekin oso garestia zen. Beraz, nahiago zuten saldu, eta gero etxera bueltatu eta beste set bat muntatu. 2007an museoko arduradunak bilduma osatzen ari ziren, baina gauza batzuk falta ziren eta aukera hau ona iruditu zitzaien bilduma osatzeko. Eta horrelaxe pasatu ziren museoaren parte izatera».
Aspaldidanik zuten asmoa erakusketa hau egiteko. «Oso bilduma berezia da», dio San Sebastianek. «Normalean jendeak ez du erlazionatzen txotxongilo bat hemen ikusiko duenarekin. Espero dugu, udan gerturatzen diren guztientzat, turistentzat batez ere, bisitatzera etortzeko erakargarria izatea. Gure publikoa aldatu egiten udan eta urtean zehar etortzen direnen artean, eta agian deigarriagoa da erakusketa hau beste batzuk baino». San Sebastianek azaldu duenez, zenbait bisitari bereziki erakusketa ikustera joan dira, eta hori normalean ez zaiela gertatzen azaldu dute.
Sarrera berdina da bai museoa ikustera joateko baita aldizkako erakusketa ikusteko. «Ezin da jakin zenbat doazen bata, bestea edo dena ikustera. Ez ditugu bost urte bete eta oraindik jendea museoa ikustera dator», azaldu du San Sebastianek. «Bestalde, badago jendea bueltatzen dena, aldizkako erakusketa berria ikustera, eta hori oso garrantzitsua da». Aldizkako erakusketek museoari «bizia» ematen diotela esan du San Sebastianek: «Lehen urtean zehar hiru egiten genituen, baina krisia dela eta orain bi egiten dira. Aldizkako erakusketekin saiatzen gara jendearen interesa pizten».
Ura, ezinbesteko elementu
Muntai guztietan beti dago zerbait pixka bat zailagoa dena. «Kasu honetan ura izan da», azaldu du San Sebastianek. «Ondo pentsatu behar genuen txotxongiloak bere ingurune naturalean nola jarri , hau da, urarekin, eta gero hori nola mantendu». Bost gune planteatu zituzten, eta ur gutxi jartzea, zentimetro bateko altura gutxi gorabehera. «Izan genitzakeen arazoetan pentsatzen hasi ginen: guneak egurrezkoak direnez, agian ura filtratuko zela pentsatu genuen eta izorratuko zela, eta beraz plastikoarekin ondo isolatu genituen. Ustezko beste arazo bat uraren usaia zen; erakusketa bost-sei hilabete egon behar denez, ura geldi geratuko da eta agian usain txarra hartuko du; horretarako akuarioetarako erabiltzen diren motor txiki horietako bat hartu genuen, ura garbitzeko asmoz. Baina egia esateko ez du ur sakontasun handirik, eta beraz ez du asko funtzionatzen. Azkenean, benetako arazoan ez genuen pentsatu, hau da, ura lurrundu egiten dela. Beti suertatzen da zerbait pentsatzen ez duzuna».
Ur gaineko txotxongiloen ikusgarritasuna bere mugimendua da. Erakusketan hori ezin denez jaso, bideo bat jarri dute gelaren izkina batean, eta bertan ikuskizun bat jarraitu daiteke. «Txotxongiloak pieza bezala jarrita daude erakusketan, eta oso garrantzitsua da ikustea nola mugitzen diren, nola izaten den antzezpena. Nahiz eta hitzekin azaldu, zaila da ideia bat egitea ikusten duzun arte, eta horregatik jarri dugu bideoa. Erakusketa honetan bereziki garrantzitsua da».
Erakusketan katalogoa dute, ikuskizunean azaltzen diren eszenen arabera antolatuta, eta horren arabera ere antolatu dituzte guneak. Hiru eszena talde daude: eguneroko bizitzarekin lotutakoa, hau da, nekazariak arroza landatzen, edo kirol estropadak egiten; gero eszena mitologikoen ingurukoak, hau da, maitagarriekin edo animalia mitologikoekin; hirugarren multzoan eszena historikoak edo legendarioak dira.
Datuak
Non: Tolosako Topic museoa.
Noiz arte: Urriaren 5a arte dago ikusgai.
Ordutegia: Asteartetik ostiralera, 11:00-13:00 eta 16:00-19:00; larunbata, igande eta jai egunetan, 11:00-14:00 eta 16:00-20:00. Ekaina eta iraila artean, biak barne, egun guztietan 11:00-14:00 eta 16:00-20:00. Astelehenetan itxita.
Sarrera: 3 euro; 2-12 urte artean, jubilatuak eta langabetuak, 1,5 euro; ICOM-eko kideek eta irakasleak, doan. Erakusketa iraunkorra ikusteko aukera ematen du sarrerak.