Kuadrila eguna iragartzeko lehiaketa martxan

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko apirilaren 23a

‘Maskota’ izango da ekainaren 21eko festa egunean kuadrilek jarraituko beharreko gaia. Antolatzaileek animalia bizidunak ez erabiltzeko deia egin dute.

Bi hilabete eskas geratzen dira sanjoanetarako eta Tolosako kuadrilan hasi dira, jada, lanean. Maskota gaitzat hartuta sormena landu beharko dute aurten kuadrilek, ekainaren 21erako. Horren aurretik, ordea, festa iragarriko duen kartel eta lelo lehiaketa abiarazi dituzte.
Txapelak, P letra nahiz banderak aurrekari izan ditu kuadrilen egunak eta aurten ere ildo horri helduz, kartela eta leloa sortzeko aukera eman diete herritarrei.
Maiatzaren 11rako bidali beharko dira proposamenak kuadrilaeguna14@gmail.com helbide elektronikora, eta aukeratutako diseinu eta leloak saria izango du.

Kuadrila eguna sarean ere bai
Bien bitartean, ekainaren 21eko jai egunari buruzko informazioa eskuratu nahiz partekatzeko, Facebooken Kuadrila Eguna 2014 eta Twitterren @kuadrilaeguna14 jarraitzeko aukera da jada.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!