Tolosako 2015eko aurrekontuak

2015eko aurrekontua herritarrekin osatzen hasiko da Tolosako Udala, maiatzean

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko api. 15a, 17:44

Aurreko urteetako parte hartzea indartu nahi dute; 200.000 euro bideratuko dituzte prozesu horretako erabakietara

Tolosako Udalak pauso bat harago joan nahi du 2015. urteko aurrekontuak gizarteratze horretan, eta uda aurretik lanean hasiko dira. Horrela, aurkeztu dute egitasmo berria: udalak 200.000 euroko partida bideratuko du maiatzean bertan abiaraziko duten parte-hartze prozesuko erabakietara.
Lore Agirrek eta Ibai Iriartek eman dituzte proiektuaren inguruko azalpenak eta, finean, «aurten jauzi handiagoa» eman nahi dutela nabarmendu dute. Horrela, eta «prozesuak denbora eskatzen duenez», uda aurretik aurkeztu dute guztia.
Finean, egitasmoaren helburua udalaren aurrekontuak herritarrekin elkarlanean osatzea da eta horra iristeko bi zati izango dituen proiektua prestatu du Tolosako Udalak.
Lehendabizi, uda aurretik, herritar talde bat osatuko dute eta taldeko horretako kideei konpromisoa eskatu die udalak. Izan ere, urte osoan barrena prozesuko kide izan beharko dute, jarraipena emateko.
Aipatzekoa da edonork parte hartzeko aukera izango duela, eta data zehatzekin deialdiak egingo dituztela. Bide beretik, ez da elkarte, eragile edo taldeentzako deialdia izango, eta norbanakoei begirako parte-hartze prozesua osatuko dute. Horrela, izena ematen duten herritar kopuruaren arabera, talde bakarra edo hainbat azpi-talde egingo dituzte: «Talde guztien arteko elkarrekintza oso garrantzitsua izango da, ordea», dio Ibai Iriartek.
Lehen bilera horiek maiatza amaieran edo ekaina hasieran izango dira, eta aurrekontuen inguruko nondik norakoen berri emango diete parte-hartzaileei.
Behin lehen fase hori amaituta, uda ondoren, 2015eko aurrekontuak osatzeari ekingo diote. 200.000 euroko partida izango da inbertsioetarako: «Ezein esparru nahiz motatako proiektuak proposatu ahal izango dira eta diru kopuru hori lantalde horretako ideiaren bat gauzatzeko erabiliko dugu».
Herritarrekin batera udaleko teknikariak ere zati garrantzitsua izango dira prozesuan, parte-hartzaileek proposamenak teknikoki eta ekonomikoki aztertzeko ardura izango baitute.
Agirre eta Iriarteren hitzetan, «kultura berri bat da parte-hartzearena». Horrela, herritar aktiboak izatea garrantzitsutzat dute eta sarri herritarrengandik urrun geratzen diren aurrekontuak gerturatu nahi dizkiete tolosarrei: «Tolosari egokitutako prozesua izango da eta herritarrek gidatuko dute».

Aurretik datorren bidea
Azken urteotan udalak hainbat pauso eman ditu aurrekontuak gizarteratzeko, eta iaz 500 ekarpen baino gehiago jaso zituzten idatziz; horiei esker eraiki dute, esaterako, Amaiur parkeko estalpea.
Horrela, ohitura sendotu eta etorkizunean urteroko prozesua izatera iristea nahi du udalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!