Inaki Irazabalbeitiak eta Mario Zubiagak behatzaile lanak egingo dituzte Etxarri Aranazko galdeketan

Ataria 2014ko apirilaren 9a

Iñaki Irazabalbeitia Aralarko eurodiputatu eta Tolosako zinegotziak, eta Mario Zubiaga tolosarrak Etxarri Aranatzen datorren igandean, 'Nahi duzu Euskal Herri independente bateko herritarra izan?' galderari erantzuteko egingo duten kontsultan behatzaile lanak egingo dituzte beste sei lagunekin batera.

Duela aste batzuk, galdeketaren antolatzaile taldeak sei behatzaileren izenak eman zituen: tartean zen Mario Zubiaga tolosarra, EHUko Zientzia Politikoetako doktorea. Orain jakinarazi dute Inaki Irazabalbeitia Aralarko kidea eta Tolosako zinegotzia dena eta Belgikako Parlamentu Federaleko diputatu bat ere ariko direla lan horietan.

Antolatzaileen arabera, botoa aurretik emateko prozesua "erritmo onean" doa. Iganderako egitarau zabala prestatua dute, gainera. Herri kirol saio bereziak izango dira plazan, eguerdian eta herri bazkaria egingo dute Julio Soto eta Arkaitz Estiballes bertsolaiekin. Arratsaldez, Porrotx pailazoarekin kalejira eta Gozategi taldearekin erromeria izango da.

Independentistak sareak, adibidez, Bai bozkatzera animatu ditu Etxarri Aranazko herritarrak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!