Xochilt Acalt erakundeko kideak Tolosako udal ordezkariekin bildu dira

Ataria 2014ko apirilaren 9a

Nikaraguako Xochilt Acalt erakundeko kideak Tolosako udal ordezkariekin bildu dira gaur goizean. Amarotz Auzo Elkarteko kideen eskutik etorri dira Tolosa ezagutzera, eta bihar bertan hitzaldi bat eskainiko dute, 19:30ean, Amarozko Auzoetxean. Bideo bat ere ikusi ahal izango da.

Udaletxeko Batzar Aretoan elkartu dira Malpaisilloko Xochilt Acalteko ordezkariak eta Ibai Iriarte alkatea. Iriartek beraien lana eskertu eta goraipatu ditu.

Xochilt Acalt elkartea 1991. urtean sortu zen, Larreynaga- Malpaisilloko udalerrian, nekazalguneetan emakumeek jasaten duten bazterkeriari aurre egiteko. Gaur egun, 85 pertsonek egiten dute lan erakunde horrek dituen sail ezberdinetan, eta 600 emakume gazteri laguntzen die hezkuntza arloan. Hain zuzen ere, bigarren hezkuntza ikas dezaten laguntza ematen diete, gero, goi mailako ikasketak edo unibertsitateko ikasketaekin jarrai dezaten. Mertxe Brosa Xochil Acalt erakundeko sortzaileetakoa eta zuzendaria da egun; bere bizitzaren erdia eskaini dio erakundeari eta gaur Tolosan azaldu duen bezala, “emakumeen bizitza duinaren eta burujabetasunaren alde jarduten du elkarteak”.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!